Erakutsiz ikasi

Ikertzen ikasi memoria historikoa berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Uzturpe Ikastola 2017ko api. 24a, 07:55

Uzturpe Ikastolako DBH4ko ikasleok Saseta Defentsa Sistemaren inguruko proiektu bat egingo dugu, ondoren Eustory lehiaketan aurkezteko. Europa mailako egitasmo hau DBH 4 eta Batxilergoko ikasleei zuzendua dago. Honen oinarrizko kontzeptua «ikertzen ikastea» da. Aurten, Uzturpe Ikastolak lehen aldiz parte hartuko du ekimenean, Ikastolako eskola komunitateari Saseta Defentsa Sistemaren berri emateko asmoarekin.

Defentsa sistema hau Espainiako Gerra Zibil hasieran ezarri zuten Hernio inguruan. Kandido Saseta Eusko Gudarostearen komandanteak gidaturik, Azpeitian sortu berri zen euskal gudarosteko gudariek 34 egun iraun zuten prestatuago, hobeto armatuago eta zenbakiz handiagoa zen armada kolpistaren aurrean.

Proiektu honetan, lehenik, defentsa sistema horren eratzea eta testuinguru historikoa azalduko dugu. Ondoren, defentsa sistemaren ezaugarri nagusiak (luzera, lubakien kokalekua, operazio zentroak…) adieraziko ditugu. Eta amaitzeko, bideo batean, ikasleok garaiko jantziekin karakterizaturik gertaera historiko hartan parte hartu zuten pertsonen biografia laburrak azalduko ditugu.

Hori dena gauzatzeko, lehen eta bigarren mailako informazio iturriak aztertuko ditugu, gertaeretan protagonista izan ziren pertsonei edo hauen ondorengoei elkarrizketak egingo dizkiegu eta defentsa sistemaren baitan eraiki ziren lubakietara bisita egingo dugu Aranzadi Zientzia Elkarteko Karlos Almorzaren aholkularitzapean. Horretaz gain, Elgetako Memoria Historikoaren Museoaren bidez 1936ko gerran erabili ziren jantziak lortu dira.

Egitasmo hau garai hartako gatazkak eta gertaerak gogorarazteko eta euskal memoria historikoa berreskuratzeko baliagarria izango delakoan gaude.

 

ELKARTASUN KILOMETROA 2017

Martxoak 28n urtero bezala Uzturpe Ikastolak Elkartasun Kilometroa antolatu zuen, aurten Zaporeak elkarteari emango zaio biltzen den dirua.

Zaporeak elkarteari esker egunero 800-1000 bat errefuxiatuek jan dezakete Chíos irla greziarretan, horregatik denon egitekoa da horrelako lana egiten duten elkarteei laguntza ematea, hori da elkartasun kilometroa hain garrantzitsua izatearen arrazoietako bat. Urtean behin denak elkartzen gara eta kausa batengatik korri egiten dugu, beharra duten pertsonei laguntza emateko.

Herriko plazatik hasita zubia gurutzatu San Ignazioraino joan eta plazara itzultzen gara. Itzuli bakoitzeko goma bat ematen da, horrela gure artean lehiakortasun polit bat sortzen da, ea zeinek emango dituen itzuli gehiago besteei laguntzeko. Esan beharra dago ez dela diru kopuru jakin bat jarri behar itzuli bakoitzeko, horrek jendearen parte hartzea jaisten zuelako, orain bakoitzak babesle batzuk bilatu behar ditu dirua lortzeko, eta ondoren nahi dituen itzuli guztiak egin ditzake momentu on bat igarotzeko denen artean. Bukaeran laranja zatiak banatzen dira partaide guztien artean indarrak berreskuratzeko.

Sara Ubeda Arribillaga eta Jokin Gurrutxaga Manzano

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!