Izan ere, badira kasuak non hirugarren adineko pertsonek inguruko jendea galdu eta bakarrik sentitzen diren. Bakardade horrek askotan pertsona horiek etxetik ez irtetea bultzatzen du, ez baitute inor alboan eta hainbat kasutan bakarrik irteteko ere ez dira gai.
Ibarra Martxaneko taldea herriko komentuko mojak, Garaguneko kideak, Osasun Etxekoak, Zahar Etxekoak eta parte hartzera animatzen diren pertsonek osatzen dute. Gure kasuan, hilean behin gelako talde bat joan ohi da bertakoei laguntzera
Denok herriko frontoian elkartu eta heldu bakoitzak bere zigilua jasotzen du, egun horretan parte hartu duela egiaztatzeko. Bertatik gazte batzuek Ibarratik zehar pasealdi bat egiten dugu adinekoekin gurpildun aulkian daudenei lagunduaz, beste batzuek hamaiketakoa prestatzen duten bitartean. Egun bakoitzean ibilbide ezberdinak proposatzen dira, eta herriko toki ezberdinak bisitatu ohi ditugu ibilaldi bakoitzean. Zahar etxean berriro guztiak elkartu eta hamaiketako beroa hartzen dugu, solasean. Horrela ematen zaio amaiera jardunaldiari.
Bizitako esperientzia hau oso aberasgarria izan da, izan ere, hirugarren adineko eta nerabeen arteko erlazioa sendotzen dugu. Bestalde, izugarrizko poza ematen diegula nabaria da, eta horrek guri ere alaitasuna sorrarazi digu.
Honako hau dio esperientzia hau bizi duen mutiko batek:
«Oso esperientzi ona, eta atsegina izan zen, izan ere beraiekin hitz egiteak eta kontu batzuk esateak aurpegia alaitu zien, eta lagun bat izango banintz bezala kontatzen zizkidaten anekdota eta sekretuak. Aldi berean ezagunak ere banituen eta hauekin konfiantza gehiagorekin hitz egin nuen».
Hori dela eta, herriko proiektu berri hau oso baliagarria eta interesgarria iruditu zaigu ikasleoi. Gu ere oso gustura sentitzen baikara pertsona horiek gustura ikusteaz eta gu ere adin horretara iritsiko garela pentsatuz, gustagarria izango litzaiguke gaztetxoak guregana etortzea eta gure pentsaerak eta kontuak beraiekin partekatzea.
Hurrengo jardunaldiaren zain gaude!