Emakume kubatarren erresilientzia

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde

Emakume kubatarren erresilientzia. URA ITURRALDE

Jakina da Kubak garai oso gogorrak bizi dituela Ameriketako Estatu Batuen blokeoaren ondorioz. Elikagaien prezio ordainezinak, itzalaldi amaigabeak eta botiken falta, besteak beste, eguneroko bizitza jasanezina bihurtzen ari dira. Estatistiken eta diskurtso politikoen atzean, ordea, bada krisiari aurre egiten dion indar ikusezin bat: emakume kubatarrak. Nortzuk irteten dira goizean goiz kalera, uraren eta janariaren bila? Nortzuk moldatzen dira argirik gabe sukaldean aritzeko?

Asko dira inguruan izan ditudan adibideak: Cira, Mariana, Yexica…

Haiek dira familiaren zama handienaren zati bat beren gain hartzen dutenak. Tradizioz etxeko lanetara eta zaintzara mugatu izan den roletik harago, biziraupenaren kudeatzaile bihurtu dira. Cirak, esaterako, erretiroa duela urte pare bat hartu zuen arren, lanean jarraitzen du, pentsioa osatzeko eta familiari laguntzeko. Yexicak 25 urte besterik ez ditu, bi lan ditu eta latak biltzen ditu soldata eskasari diru pixka bat gehitzeko. Mariana ostatu baten arduraduna da La Habanan, eta han bizi da alaba txikiarekin. Hitzik gabe uzten nau ikusteak nola moldatu diren herrialdeak bizi duen egoera larriari aurre egiteko. Irudimena ere zorrozten dute, ia plater huts batetik bazkaria asmatzeko. Malabarrak egiten dituzte hilabete amaierara iristeko.

 

«Estatistiken eta diskurtso politikoen atzean, ordea, bada krisiari aurre egiten dion indar ikusezin bat: emakume kubatarrak»

 

Horrez gain, migrazioak utzitako hutsunea ere haiek betetzen dutela esan daiteke. Seme-alabek, senarrek edo neba-arrebek irla uzten dutenean, amak eta amonak geratu ohi dira etxea zaintzen, haurrak hezten eta urrun daudenen oroimena bizirik mantentzen.

Emakume kubatarrak ez dira biktima pasiboak: sortzaileak dira, borrokalariak, erresilienteak… Nekearen eta frustrazioaren erdian ere, duintasunari eusten diote, eta familiak eta herrialdeak bizirik iraun dezaten borrokatzen dute.

Espero dut aurten bueltatzen naizenean beti inguruan izan ditudan emakumeak egoera hobean aurkitzea. Kuba zutik badago, bertako emakumeen ausardiari eta indarrari esker da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!