Fidel Castroren aroa amaituko al da bere mendeurrenaren urtean?

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2026ko urtarrilaren 16a

Kuban ateratako irudia. URA ITURRALDE

Aurtengo abuztuan Fidel Castrok 100 urte beteko lituzke, eta uhartea haren ondarea oroitzeko prestatzen ari da, zenbait ekitaldi antolatzen ari baitira. Nire asmoa da bertan egotea, mendeurrenak zer suposatzen duen bertatik bertara ikusteko; izan ere, une historikoa izango delakoan nago. Agian hala izango da, bai, baina ez mendeurreneko ospakizunengatik, baizik eta Maduro presidentearen bahiketagatik.

Egoera oso delikatua da, beldurgarria ere esango nuke. Maduro beti izan da Kubaren aliatu estrategiko nagusietako bat, eta haren erorketak ondorio aurreikusezinak ekar litzake. Jada ahulduta dagoen Kubako ekonomiak kolpe latza jasan lezake; izan ere, uharteak neurri handi batean Venezuelarekiko merkataritza-harremanetan eta lankidetzan izan du oinarria. Lotura hori galtzeak krisi ekonomikoa areagotu lezake. Argindar-mozketak nabarmenagoak lirateke: lehen jasanezinak baziren, orain ez dut pentsatu ere egin nahi.

«Jada ahulduta dagoen Kubako ekonomiak kolpe latza jasan lezake; izan ere, uharteak neurri handi batean Venezuelarekiko merkataritza-harremanetan eta lankidetzan izan du oinarria»

Baina kontua ez da ekonomikoa bakarrik. Maduroren bahiketak eskualdeko ideologia sozialista ere zauritu du, eta Kuba bere eredu politikoa babesteko neurri zorrotzagoak hartzera behartuta egon liteke. Horrek, gainera, Kubaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanak —jada tentsioz beteta daudenak— are gehiago okertzea ekar lezake.

Eta zer esan Maduroren bahiketari buruz? Nire ustez, neurri hori inperialismo yankearen adibide garbia da, eta nazioarteko komunitateak ez du ezertxo ere egiten mundua kontrolatzen duen Hitler berriaren aurrean. Trumpen jarduna gaitzestea ez da nahikoa. Izugarrizko lotsa ematen dit Europaren jarrerak.

Gaur Venezuela bada ere, bihar Groenlandia izan liteke, edo Iran, Kolonbia, Mexiko, eta, nola ez, Kuba bera.

Venezuelaren erorketa hondamendia litzateke Kubarentzat eta, oro har, eskualde osoarentzat. Bada garaia nazioarteko komunitate berri bat eraikitzeko, herrien subiranotasuna benetan defendatuko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!