Hebron, biziraupenaren sarea

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2025eko urriaren 26a

Hebronen (Zisjordania) biziraupen sarea. URA ITURRALDE

Hebron, Zisjordanian kokaturiko hiria, marmolaren merkataritza eta ekoizpen gune garrantzitsu bat da, eskualdeko barne produktu gordinaren heren baten arduraduna gutxi gorabehera. Hiriko egoera hainbat hamarkadatan Palestinako biztanleriari eragin dion gatazka eta zapalkuntza historia luzearen eta konplexuaren adibide da. Garrantzitsua da gogoraraztea indarkeria eta kolonizazioa ez zela urriaren 7an hasi, baizik eta sustrai historiko sakonak dituela.

2017an izan nintzen ni Israelek beti izan duen helburuaren lekuko, herri palestinarra umiliatu, kolonizatu eta azken batean desagerraraztea. Eta ez naiz soilik gobernuaz ari, kolonoek Welcome to Israel oihukatuz eman ziguten ongietorria.

Hebronen palestinarrak Israelen okupazio militarraren pean bizi dira, eta aurre egin behar diete mugitzeko askatasunari, lurrak eta jabetzak konfiskatzeari eta kolonoek eta segurtasun indar israeldarrek eragindako indarkeriari.

 

«Kolonoek okupatutako eraikinetatik egindako etengabeko erasoen eta objektuen jaurtiketen ondorioz, babes sare bat jarri behar izan dute hiri zaharreko kale eta eremu ia gehienetan»

Alde zaharrean, muturreko neurriak hartu behar izan dituzte israeldarren bortizkeri jasanezina hala moduz eteteko. Kolonoek okupatutako eraikinetatik egindako etengabeko erasoen eta objektuen jaurtiketen ondorioz, babes sare bat jarri behar izan dute hiri zaharreko kale eta eremu ia gehienetan. Lotsaren sarea ezizenez ezaguna, ez sinistekoa eta erabat ulertezina da bertan ikusi eta sentitu daitekeen tentsioa. Kaiola baten barruan baleude bezala, bizitza jasangaitza da palestinarrentzat.

Sare hau, esan bezala, kolonoek goitik jaurtitzen dituzten hondakinak saihesteko diseinatuta dago, eta palestinarrek Hebronen bizi duten egoera arriskutsuaren lekuko ezin hobea da. Gutxienez, metodo honekin irekita geratzen diren negozio gutxi horiek babestu ditzakete.

Gaur egun fokua Gazan jarria dugu, baina ez dezagun Zisjordania ahaztu. Behin eta berriz salatua izan delako kolonoen eta armadaren indarkeria, eta zuzenean ikusten ari garen genozidioa ez zelako orain dela bi urte hasi, 1948an baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!