Titicaca lakuko gizon ehuleak

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde

Peruko Titicacan gizon ehuntzailea. URA ITURRALDE

Bolivia eta Peru artean aurkitzen den Titicaca lakuaren ertzetan, gizon talde bat tradizionalki femeninotzat har daitekeen jarduera batean aritzen da: ehuntzen. Gizon hauen helburua ordea ez da arropa ehuntzea, euren kultur tradizio aberatsa mantentzea baizik. Ehungintza aimara herriaren funtsezko zati bat da, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena. Titicaca lakuan ehuntzen duten gizonek, jantzi ederrak sortzeaz gain, bizirik mantentzen dute beraz euren arbasoen tradizioa.

Genero-rolak oso zorrotzak izan daitezkeen gizarte batean, estereotipoei aurre egiten diete eta sormenak eta trebetasunak generorik ez dutela ere erakusten diete bertara heltzen diren bisitariei. Arropek, diseinu koloretsu eta sinbolikoak izan ohi dituzte, beren historia eta naturarekiko lotura irudikatzen dutenak. Andeetako nortasun kulturalaren adierazpen bat dira zalantzarik gabe. 

«Bolivia eta Peru artean aurkitzen den Titicaca lakuaren ertzetan, gizon talde bat tradizionalki femeninotzat har daitekeen jarduera batean aritzen da: ehuntzen»

Askok turismoarekin hartu-eman handia dute. Bisitariak beti agertzen dira prest beren teknikei buruz ikasteko eta ehunak erosteko. Salmenta hauek dira portzentaje handi batean tradizio hau bizirik mantentzen laguntzen dutenak. 

Artisau hauentzat turismoa aukera bat izan dela esan daiteke beraz, beti ere ahaztu gabe badutela gaur egun erronka nabarmen bat, turismo masiboari aurre egitearena. Gogoan daukat orain dela 18 bat urte, ehunka lagun iristen ginela lakua bisitatzera egunero. Pentsatu ere ez dut egin nahi turismoaren igoera ikusirik, zenbat lagun iritsi daitezken gaur egun 1.200 biztanle besterik ez dituen Amantani herrira... Nola mantendu tradizioa horrela?

Ez da erraza oreka bat mantentzea turismoaren onuren eta kalteen artean. Gustura bueltatuko nintzateke berriro hara, kaleetan ehuntzen aritzen diren gizonak nik topatu nituen bezain lasai jarraitzen duten ikustera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!