Zaintza, Euskal Herrian bizi diren emakume migranteen testigantzak

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2025eko martxoaren 29a

Andragorako Kafe Tertulia. URA ITURRALDE

Esan beharra daukat aurtengo neguan Tolosako Jabetze Eskolako Argazkigintza Ikastaroan burutu dugun proiektua hunkigarria izan dela guretzat. Niretzat, eta nire ikasleentzat.

Gure helduen zaintza lanak ia beti emakumeen esku uzten dira oraindik ere, eta horietatik gehienak emakume migranteak izan ohi dira. Horregatik, eta gaian gehiago sakondu nahian, jatorri desberdinetako hainbat emakumeren testigantzak jaso genituen, azkenik, Andragoran ikusi daitekeen erakusketa osatuz.

«Horregatik eta gaian gehiago sakondu nahian, jatorri desberdinetako hainbat emakumeren testigantzak jaso genituen, Andragoran ikusi daitekeen erakusketa osatuz»

Kolonbia, Nikaragua, Dominikar Errepublika eta Ukrainako emakumeen istorioei eman diegu merezi duten ikusgarritasuna, askotan nahiz eta gertu izan, ez ditugulako beraien bizipenak ezagutzen. Guztiak iritsi ziren helburu berberarekin, euren herrialdean utzi duten familiari ekonomikoki laguntzeko. Oso zaila da ordea, dokumentaziorik ez duzunean lan bat lortzea, prozesu luze eta gogorra da. Zer esanik ez etxeko langile egoiliar bezala lan egitea, etxean giltzapetuta egote hori, ezin irtetea euren senide eta lagunekin egon ahal izateko, baina tira, ohituz doazela diote, eta azkenean, zaintzen dituzten pertsona horiek ere asko maite dituztela. Esanguratsua ere egin zaigu, alboan izan dituzten euskaldunek izugarri lagundu dietela esaten digutenean, pozgarria da benetan hori entzutea. Mila oztopo gainditu ondoren, eroso sentitzen direla Euskal Herrian ere ziurtatzen dute, herri-mina sentitzen duten arren, noski.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Ena, Veronica, Digna, Diana, Wendy, Louba, Daniela eta Andragorako Kafe Tertulia taldeko emakumeei, benetan plazer bat izan delako beraiek ezagutzea eta proiektu hau erakusketa batekin borobiltzea. 

Beraz, emakume ausart hauen testigantzak ezagutzeko Andragorara, Tolosako Emakumeen etxera, gerturatzeko gonbita luzatzen dizuet hemendik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!