Bidaia bat Khmer Gorrien infernura

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2025ko ots. 2a, 07:57

Onartu beharra daukat ez naizela batere museo-zalea, bada ordea bat benetan hunkitu ninduena. Phnom Penh-era iritsi nintzenean duela hamar bat urte argi izan nuen Tuol Sleng bisitatu behar nuela. Gogorra izan zen, oso gogorra, baina aldi berean beharrezkoa eta derrigorrezkoa ere badela esango nuke gaur egungo Kanbodia herrialde bezala hobeto ulertu ahal izateko eta Khmer Gorrien diktadurak iraun zuen hiru urte odoltsu horietan kanbodiarrek bizi izan zuten infernua ezagutzeko.

Khmer Gorriak intelektual talde bat zen, Frantzian sortua eta Pol Pot buru zutena. Haren zuzendaritzapean, maoismoaren eta estalinismoaren idealetan oinarritutako nekazaritza-eredu sozialista zuen erregimena ezarri zen. Bere politikaren ezaugarri nagusiak hauek izan ziren: hiriguneetako biztanleen landatze behartua, torturak, exekuzio masiboak eta behartutako lan orokorrak. Adituek diote Khmer Gorrien diktadurak iraun zuen bitartean herrialdeko biztanleriaren laurdena desagertu zela.

Honen guztiaren lekuko da Tuol Sleng Krimen Genoziden Museoa, Pol Poten Khmer Gorriek S-21 bezala izendatu zuten atxilotze eta tortura zentroa. Beldurgarriak dira torturatzeko erabili zituzten gelak eta tresneria, korridoreak…

«14.000 bat pertsona igaro ziren zentrotik, horietatik 12 baino ez ziren bizirik irten bertatik»

Eraikinak arantzazko alanbrez itxi ziren, eta leihoak burdinazko barraz estali. Torturatuak izan ziren zenbait pertsonen argazkiak ere ikusi daitezke, 14.000 bat pertsona igaro ziren zentrotik, horietatik 12 baino ez ziren bizirik irten bertatik.

Idazten ari naizen bitartean, han nengoela pentsatu nuen berdina pentsatzen ari naiz, gizateriak desagertzea merezi duela. Ikusi besterik ez dago, adibidez, gaur egun Gazan bizi duten egoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!