Fusterlandia: Gaudiri omenaldia La Habanan

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2024ko aza. 22a, 07:57

La Habanako Fusterlandia. URA ITURRALDE

Badira oraindik ere zenbait toki, nahiz eta hiri oso turistikoetan kokatuak egon, guztiz ezezagunak direnak bertakoentzat ere. Horietako bat da La Habanako Jaimanitas auzoan aurkitzen den Fusterlandia. Ez nik, ez inguruan lagun izan ditudan kubatarrak sekula ez genuen proiektu honen berri izan, orain arte.

Jose Rodriguez Fuster 1946ko abuztuan jaio zen Villa Claran (Kuba). Bere lan artistikoa batez ere pinturan, grabatuan, diseinu grafikoan eta zeramikan oinarritzen da. Bartzelonan Gaudiren obra ikusi ondoren, 1975ean, bere etxea mosaiko koloretsuekin apaindu zuen, eta amaitzean, ideiarekin bat egitera gonbidatu zituen bizilagunak. Honela, pixkanaka sortu zen Fusterlandia auzoa. Denboran zehar bertako eta nazioarteko beste artista batzuen parte hartzearekin aberastu den arte proiektua.

«Bartzelonan Gaudiren obra ikusi ondoren, 1975ean, bere etxea mosaiko koloretsuekin apaindu zuen, eta amaitzean, ideiarekin bat egitera gonbidatu zituen bizilagunak»

Kale gutxi batzuk besterik ez dituen auzoak Gaudiren oihartzunak ekartzen ditu gogora. Sirenen, ikonografia kubatarraren eta Karibeko horma-irudien bidez, zurrunbilo kromatiko ikusgarria osatzen dutelarik. Zoragarria da ikustea horren baliabide gutxi dituen herrialde batean, auzo txiki bat artelan eder batean nola bilakatu den. Finantziazioa artistaren koadro eta eskulturen salmentari esker iritsi zen, baita bizilagunen laguntzari esker ere, 90eko hamarkadan Bloke Komunistaren erorketa betean, Fusterrek ingurune grisago bat kolore berriekin margotzeko gonbidapena onartu baitzuten.

Pieza guztien artean, bada bat bereziki esanguratsua dena, Fusterrek «Munduko muralik handiena» bezala izendatu duena. Habanako Zortzigarren Biurtekoan sortu zen (2003), eta 60 metro inguruko luzera du, baina etengabe eboluzionatzen ari den obra gisa onartua dago, deialdi bat dagoelako, Kubako eta atzerriko artistei beren lana eta sinadura uzteko gonbidapen ireki bat.

Ziur nago hemendik gutxira Fusterlandia, La Habanako Kapitolioa edo La Bodeguita del Medio bezain ospetsu bihurtuko dela, baina oraingoz, esan beharra daukat iritsi nintzenean turista bakarra ni nintzela, eta bertako jendearekin berriketan egun ezin hobea igaro nuela.

Honegatik Kubara bidaiatzen duten euskal artistei eta sortzaileei luzatzen diet bertara hurbiltzeko gonbidapena, argi dudalako oso gustuko izango dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!