BAC, boluntarioen sare bat da, irabazi asmorik gabeko ekintzak egiten dituena. Kalean abandonatuak izan diren animalien erreskateaz gain haien sendaketaz ere arduratzen dena, nahiz eta baliabide gutxi izan. Ondoren, adopzioan ematen dituzte asko, harrerako familiek animaliak babestu eta behar bezala zainduko dituztela egiaztatu ondoren.
Probintzia ia gehienetan lan egiten duten arren, nik Santa Clara hiria aukeratu nuen BAC taldeko partaideei jarraipen bat egiteko, agian beraien borroka oso deigarria iruditu zitzaidalako.
Txakur eta katu asko ikusten dira hiriko kaleetan noraezean, eta haien atzetik Adriana, albaitaria eta erreportaje berri hau osatzeko nire gidari izan dena.
«Aldi baterako etxeekin egiten dugu lan herrialdean zehar; hau da, gure kideek edo erakundetik kanpo dauden pertsonek beraien etxeak eskaintzen dituzte, zaintza eta tratamendua behar duten animaliak jasotzeko adopzioan eman arte. Kuban ez dago Estatuko babeslekurik edo txakurtegirik, beraz, lan guztia gure gain geratzen da. Abandonatutako animaliak zaintzera bideratzen ditugu gure ekintzak, behin betiko bizileku bat aurkitu arte, eta aldi berean, animalia bat edukitzeak dakarren erantzukizunari buruz kontzientziatu arte. Hainbat jarduera egiten ditugu, hala nola, Adopzioen Azoka, Garage Salmentak, parasitoak kentzeko kanpainak, hezkuntza-iragarkiak, publizitate-kanpainak, esterilizazioak eta gure herrialdean animalien ongizatearen aldeko askoz jarduera gehiago». Zioen Adrianak kafe bat eskuetan genuen bitartean.
«Adrianak berak esanda dakit bi aste beranduago, ni jada Tolosan nengoela, norbait etxean sartu eta txakurrak bortizki kolpatuz erail zituela»
Elkar ezagutu eta hurrengo egunean bertan ekin genion gure helburua zen erreportajea osatzeko behar nituen argazkiak egiteari. Hunkigarria izan zen Rodolfo eta Kati ezagutzea, 12 txakur eta 4 katuren zaindari direnak, edota Marielys, 14 katu eta txakur bat bere etxe xumean zituen emakumea. Tamalez, nire azken egunean ateratako argazkia da gehien gogoratuko dudana. BAC taldeko kideek txandak eginez zaintzen zituzten hiru txakur jolasean, atzerrian bizi den kubatar batek utzitako etxebizitza huts batean. Adrianak berak esanda dakit bi aste beranduago, ni jada Tolosan nengoela, norbait etxean sartu eta txakurrak bortizki kolpatuz erail zituela. Gaur egun poliziak darama ikerketa, argi dugun arren ez dutela hiltzailea sekula topatuko.
Ez da gertatzen den lehenengo aldia eta ez da azkena izango, Kuban animaliak babesten dituzten legeak zorrotzagoak izan arte.