Harrotasuna

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2024ko eka. 28a, 07:57

Irango Aram eta Mariam transexualak. URA ITURRALDE

Gaur harrotasunaren nazioarteko eguna izanik, tarte hau eskaini nahiko nieke nire lagun irandarrei, haiei buruz aurretik hitz egin dudan arren.

Irango Islamiar Errepublikan, transexualitatea gaixotasun gisa onartuta dago. Sexu aldaketari dagokionez, ebakuntza gehien egiten den herrialdea da, Thailandiaren atzetik, eta gobernuak berak ordaintzen du gastuaren zati bat. Baina arazo bat dago: sexu aldaketa prozesua jarraitu nahi ez duten transexual asko operazio-gelatik pasatzera behartuta sentitzen dira, gizartearen barnean legez onartuak izateko.

 

«Irango Islamiar Errepublikan, transexualitatea gaixotasun gisa onartuta dago. Sexu aldaketari dagokionez, ebakuntza gehien egiten den herrialdea da»

 

2018an ezagutu nituen Aram eta Mariam, Teheranen. Lehenengoa, Aram, emakume transexuala da, eta 25 urte ditu gaur egun. Ez du ebakuntzarik egin nahi, eta behin eta berriz, uko egin dio prozesuari: «Ni emakumea naiz jada, ez diot inorri ezer frogatu behar», argitzen du berak. Bigarrena, Mariam, gizon transexuala da, eta ebakuntzari ere uko egin dion arren bere familiak behartuta psikologora joatea onartu du.

Ez zen erraza beraien bizia, eta ni haiekin egoteko aukera izan nuenetik ez da egoera batere aldatu. Euren familiaren babesik ez dute lortzen, Aram beti baikor azaltzen den arren: «Gaur egun informazio gehiago iristen zaigu transexualitateari buruz, badut gizarteak gutxinaka bada ere, ulertuko duenaren esperantza, nire familia barne».

Oraindik, gogoan dut zenbat aldiz gelditu gintuen kalean gindoazela Moralaren Poliziak, Aramen itxurari buruz azalpen eske. Izutu ere egin nintzen hiruok kartzelan bukatuko genuela pentsatuz. Shiraz hiriko meskita ospetsuenetik ere bota gintuzten. Egunero tentsiopean bizi diren arren ez dute itxaropenik galtzen, Aramen ametsa Italian moda diseinua ikastea da; Mariamena aldiz, artista plastiko ospetsua izatea. Nik ia ezinezkoa ikusten dudan gobernu aldaketa baten zai daude uneoro. Europan bidaiatzeko aukera izango balute etorriko liratekeela ziurtatzen dute, baina denboraldi baterako besterik ez, ikasketak amaitzera adibidez. Nahiz eta euren familiekin harremana erabat ona ez den, ez dute gehiegi aldendu nahi, Aramen kasuan ama oso gaixorik duelako.

Egia esan, niri gogorra egiten zait ikustea beraien borrokan dihardutela, oraindik inongo irtenbiderik aurkitu gabe. Egoera politikoa okertzen ez bada, datorren urtean Iranera bidaiatzeko asmoa dut, nire lagunen berri zuei emateko.

Bitartean iritzi artikulu honetan nire omenaldia harrotasunaren egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!