Orr, urriaren 7tik derrigorrezko soldadutzari publikoki uko egiten dion lehenengo emakumea da eta bigarren nerabe israeldarra, Tal Mitnicken ondoren (abenduan egin zion uko hark). Neve Tzedekeko presondegi militarrean aurkitzen dira biak ordunik. Nik Sofiarekin hitz egin ahal izan nuen martxoan, kanpora irteteko hiru eguneko baimena izan zuenean.
«Sofia Orrek derrigorrezko soldadutzan izena emateari uko egin zion, Israel Gazan egiten ari den genozidio kalkulatua eta urteak daramatzan okupazioa salatzeko»
«Gaur egungo giroa askoz bortitzagoa da nire sinesmenen aurka, eta, jakina, beldur handia sentitzen dut, baina benetan uste dut badela garaia erresistentzia-ahots bat zabaltzeko. Zaila da, zuen herrialdean nire erabakia logikoa eta zuzena bezala ikusten duzue Israelen ordea ulertezina da. Traidore oihukatzen didate behin eta berriz. Kontuan izan ume garenetik erakusten zaigula palestinarrak terroristak direla eta haien lurra geurea dela. Nik ordea errealitatea ikusteko aukera izan nuen. 16 urterekin, Zisjordania bisitatu nuen ikaskideekin eskola-bidaia batean. Kolonoekin eta gure adineko mutil palestinarrekin hitz egiteko aukera izan genuen bertan. Gazte palestinarrekin hitz egin genuenean, ikaskide batek galdetu zien ea zein zen euren ametsa. Eta haietako batek erantzun zuen: 'Kaiola batean giltzapetuta dagoen pertsona batek izan dezakeen amets bakarra aske izatea da'».
Esaldi hau betirako geratu da nirekin eta ez dut sistema honetan parte hartu nahi.
Gazan, dozenaka mila palestinar hil dira, horietatik hamar mila baino gehiago haurrak, eta beste hainbeste zauritu. Kanpadendetan bizi diren errefuxiatuak ere ezin ditugu ahaztu. Gosez eta gaixotasunen hedapenak jota bizi dira, argindarrik eta oinarrizko higienerik gabe. Nire ustez honek guztiak dakarrena Israelen aurkako gorrotoa eta Hamasen aldeko babes handiagoa besterik ez da.
«Palestinarren eta Israelgo herritarren oraina eta etorkizuna banaezinak dira. Ez da 'gu' 'haien' aurka, eta ez da alde batek bestea garaitu behar duen edo garaitu dezakeen egoera. Segurtasuna bi aldeak duintasunez bizi direnean bakarrik lortuko da. Gerra honetan ez da inor irabazle. Gatazkari benetako irtenbidea eman diezaiokeen bide bakarra politikoa da, Palestinako independentzia eta pertsona guztiei eskubide berdinak ematea mahai gainean jartzen duena».
Nik Sofiak bezala palestinarrek egunero jasan behar izaten dituzten erasoak ikusteko aukera izan nuenez benetan miresten dut bere erabakia, ausarta eta zentzuduna izan delako. Zin egin nion bere istorioa idatzi eta zabalduko nuela eta ordainean Euskal Herrian jasotako babes mezuak bildu eta birbidaliko nizkiola.
Mila esker, Sofia.