Nik banuen uztailean Kuban helburu zehatz bat, Santa Clara hirian hain ospetsua den Juana Candela ezagutu eta argazki baten bitartez haren istorioa kontatu. La reina madre bezala ezaguna, gaur egun 60 bat urte dituen Juanak ez du bizi erraza izan. Bera izan zen 14 urte besterik ez zituenean, gizon izanda, emakume bezala janzteko ausardia izan zuen lehen pertsona. Trabesti hitza erabiltzen du bere burua definitzeko. Espetxean ere sartu zuten garai hartan LGTBI mugimendua defendatzeagatik. Hau guztia jakinda ezin geratu nintekeen bera elkarrizketatu gabe.
«Bera izan zen 14 urte besterik ez zituenean, gizon izanda, emakume bezala janzteko ausardia izan zuen lehen pertsona»
Hirian hiru aste igaro ondoren, eta egin berri nituen lagunen bitartez, lortu nuen gaur egun hain maitekorra egiten zaidan Juanarekin zita. Hunkigarria egin zitzaidan arratsalde hura. Berak esanda dakit espetxeko erregina ere izendatu zutela bere garaian. Gaur ere hala da niretzat: erregina bat. Argazkia pentsatua nuen beretzat jada, ez nuen beraz denbora asko igaro kamerarekin jolasean, klik bakar bat, segundo batzuk besterik ez.
Hain oroitzapen onak ditut berarekin, astea alaitu didala Kubatik goraintziak bidali dizkidanean. Halakoxea da gure Juana Candela: goxoa, ausarta, zintzoa eta karisma handikoa. Askotan gaur egun ere poliziaren irainak jasan behar dituen arren, LGTBI komunitatea defendatzen jarraitzen du Santa Clarako kaleetan zehar.
Hementxe berari nire omenaldi txikia, uztailean berriro elkartuko garen itxaropenarekin.