Nire bidaietan israeldar asko ezagutzeko aukera izan dut, derrigorrezkoa duten soldadutza amaitu ondoren, mundua ezagutzera irteteko ohitura dutelako. Haiekin eseri nintzen parez pare beraien ikuspuntua ulertu nahian, eta nazka besterik ez nuen sentitu. Dituzten argudioak ez ditut onartzen, are eta gutxiago jasan behar izan zuten holokaustoa aitzaki bezala erabiltzen dutenean, 75 urteko kolonialismoa, apartheid eta sarraskia justifikatzeko.
Beraz, erabat ados nator Norman Finkelstein irakasle judutar estatu batuarrak behin eta berriz luzatzen duen diskurtsoarekin. Bere amak Majdanekeko kontzentrazio eremuan biziraun zuen, bere aitak ordea Auschwitzekoan. Justu honegatik, bere gurasoek sufritu behar izan zuten guztiarengatik, ez ditu onartzen Israelgo Estatuak Palestinako lurraldean egunero egiten dituen gerra krimenak.
«Justu honengatik, bere gurasoek sufritu behar izan zuten guztiarengatik, ez ditu onartzen Israelgo Estatuak Palestinako lurraldean egunero egiten dituen gerra krimenak»
Aski ezaguna da ere berak idatzitako Holokaustoaren industria izenburu bezala daraman liburua. Bertan salatzen du judutar erakunde nagusiek iruzur egiten dutela, jasotako dirua ez dela biktimen artean banatzen, helburua beste bat dela: Holokaustoaren industria mantentzea. Judutar askoren harrokeria ere nabarmentzen du, esanez bihotzak ireki eta gainontzeko herrialdeen sufrimendua ere kontutan hartu beharko luketela ez direla garbiketa etniko bat bizi behar izan duten bakarrak.
Norman entzun eta irakurtzean esperantza txiki bat pizten zait, ez delako bakarra, egunotan New Yorketik datozen irudiak ikusi besterik ez daude jakiteko asko direla berak bezala pentsatzen duten judutarrak, sarraski honen amaiera egunero eskatzen dutenak.