Guztion etxea bezala ezaguna, sektore ahulenak eta sexu-aniztasuna gizarteratzeko helburuarekin sortu zen. Jatorriz, Santa Clarako Guiñol antzokiaren egoitzan lagun eta intelektualen bilera-gune soil gisa pentsatua, Ramon Silverio fundatzailea kultur zentro bat sortzearekin ametsetan hasi zen. Silveriok hiriko espazio bat bilatzen zuen, intelektualak, artistak eta arteetan interesa zuen edonor elkartu zitezen. Ez zen erraza izan, baina El Mejunje bezala izendatu zuen gaur egungo espazioak 40 urte betetzen ditu aurten Kubako kultura eta aniztasunaren erreferente izaten.
Gogoan dut bertara hurbildu nintzen lehen eguna. Sartu orduko, Crespo izeneko gizon kubatar xelebre bat gerturatu zitzaidan, atzerritarra nintzela ohartuz, ongi etorria ematera. Hasiera batean, mesfidantza sortu zidan arren, berarekin eseri eta berriketan hasi orduko, ulertu nuen bera izango zela nire proiektu berri honen gidaria eta bidaia-laguna.
«Hasiera batean mesfidantza sortu zidan arren, berarekin eseri eta berriketan hasi orduko, ulertu nuen bera izango zela nire proiektu berri honen gidaria eta bidaia-laguna»
El animal bezala ezaguna, Crespok 34 urte daramatza El Mejunjen eguneko ia ordu guztiak igarotzen. Zentroak lau taberna eta patio zabal bat dituen arren, bera beti txoko berdinean esertzen da, sarrerako ate ondoan, alboan, bere musika eta ur botila txiki bat ron-ez betea dituelarik. Berak aurkeztuta ezagutu nituen mejunjeros bezala ezagunak diren hainbat pertsona. Tati, Victor, Angelo, Yoyi, Eric, Carlos, Juana Candela...
25 egun egin nituen beraiekin, lekutik mugitu gabe, El Mejunjerekin duten lotura berezi hori ulertzeko asmoz. Crespok gordetzen zidan lekua antolatzen zituzten kontzertu eta kultur ekitaldi desberdinetan. Astelehenetan troba zuzenean entzuteko aukera izaten nuen, asteartetan rock kontzertuak, asteazkenetan kubatar txaranga, ostegunetan antzerkia, larunbatetan show trabestia, eta igandeetan, berriro helduentzako diskoteka. Eta ostiraletan? Ez, Crespok ostiral gauetan ez zidan uzten gazteentzako diskotekara gerturatzen, beti arazoak sortzen zirelako eta nahiko arriskutsua ikusten zuelako niretzat, nahiz eta bera egon uneoro nire alboan zaintza lanetan, badaezpada ere.
Egunak joan eta egunak etorri ni ere sentitu nintzen haiek bezala mota guztietako pertsonekin berriketan egon nahi zuen mejunjera bat.
Eta benetan esaten dizuet aurten kostata itzuli naizela etxera, pena handiz han utzitako lagunak ez dakidalako berriro ikusiko ote ditudan ala ez, eta gehienbat han utzi dudalako Crespo, nire aita kubatarra bere ron botilarekin, sartzen diren atzerritar gutxiei laguntzeko prest.