Hamar urtetxo besterik ez zituen neska txiki baten amets eroak diruditen arren, gaur egun helburu bezala nuen hori posible dela iruditzen zait, 44 urte bete ditudan arren. Eta zergatik ez? Nik ere ez nuen uste eta hain urrun iristea nuenik. Gehiago ikusten nuen neure burua ametsak alde batera utzi eta lan egonkor batean edo eta seme-alabekin jolasean. Sozialki hobeto ikusia nengoke, hori argi daukat, ez da nik nahi nuena ordea.
Ia ezertarako astirik ez dugun garai hauetan, askotan, tartetxo bat hartzen dut pentsatu eta neure buruari berriro galdetzeko: «Zer izan nahi zenuen heldua zinenean? Oso urrun al zaude zenuen helburutik?».
Argi daukat erantzuna: EZ, ez naiz gehiegi aldendu. Asko bidaiatu dut, abenturak bizi, argazkilari bezala lan egin eta nire lanak argitaratu eta erakusketa desberdinen bidez zabaldu ditut. Ez da bide erraza izan ordea, eta oraindik nire ametsetan murgilduta banago, pertsona askoren babesa izan dudalako da. Gurasoak, lagunak eta argazkilaritzako nire irakasle ohia.
«Sariak irabazi ditut bere aholkuak jarraituz, gaiak aukeratu bere iritziak kontuan hartuz, erakusketak prestatu bere opor egunak izorratuz»
Azkena, nire irakaslea zena, lagun bilakatu da. Nire ibilbidea argazkilari bezala ezingo nuke bera aipatu gabe deskribatu. Sariak irabazi ditut bere aholkuak jarraituz, gaiak aukeratu bere iritziak kontutan hartuz, erakusketak prestatu bere opor egunak izorratuz.
Zorteduna naiz bera alboan izan dudalako hasieratik gaur egun arte; txikitan nuen su hori itzali ez bada berari zor diot eta egunotan Aranburu Jauregian dagoen nire erakusketa berea ere bada.
Guzti honengatik, eskerrik asko IÑIGO ROYO.