Lviv hirian lan egin ondoren, trenez iritsi nintzen hiriburura eta Independentzia plazan elkartu ginen arratsalde eguzkitsu batean. Ilusio handia egin zidan Bika berriro ikusi eta ondo zegoela jakiteak. Hiriko monumentu eta gune turistikoenak bisitatu ondoren, hurrengo egunean, Ivankiv-era bidaiatzea bururatu zitzaigun, bere familia ezagutu eta errusiar okupazioaren ondoren, zonaldea zein egoeratan geratu zen dokumentatzeko helburuarekin. Ez zen erraza izan ailegatzea, ez naiz oroitzen zenbat check-point igaro behar izan genituen. Militarrez inguratuta geunden uneoro, eta Bikak ez dakit zenbat bider esplikatu behar izan zien zertara gindoazen, ingelesez ez zekitenez nik hitzik ere ezin izan nuen esan. Hanka sartze bat ere izan nuen tarteko, kotxetik jaitsi eta txikituta zegoen zubi bati argazkia atera nahi izan nioenean. Patruila militar bat inguratu zitzaidan garrasika esanez zelaia ez zapaltzeko, minaz josita zegoela. Izututa errepidea jarraitu eta goizean goiz ailegatu ginen Ivankiv-en barne dagoen Bolotnia izeneko herrixkara, bertan gure zain, mahaia jakiz betea, Bikaren ama eta ahizpa. Benetan atsegina egin zitzaidan beraiekin egotea, etxean bezala sentitu nintzen hasieratik. Tristura, pena eta amorrua sentitu nuen aldiz inguruko eraikuntzak deuseztatuta ikusi nituenean. Zenbat jende etxerik gabe, zenbat min.
«Ilusio handia egin zidan Bika berriro ikusteak. [...] Hurrengo egunean Ivankiv-era bidaiatzea bururatu zitzaigun, bere familia ezagutu eta errusiar okupazioaren ondoren, zonaldea zein egoeratan geratu zen dokumentatzeko»
Egunotan Bika eta ni lanean ari gara, artikulu honek duen izenburu berdina daraman erreportajearen argazkien inguruan. Martxoan Tolosara itzuliko dela ere esan dit eta ni eta bere familia euskalduna zoriontsu gaude bere zain, Ukrainian egoera gehiago ez okertu eta gurekin elkartu ahalko den esperantzarekin.