Lviv, Ukrainako gerraren beste aurpegia

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2022ko urr. 8a, 07:58

Lviv-eko operako plazan ume bat iturriak botatzen duen ur jarioarekin jolasean. URA ITURRALDE

Lviv, Ukrainako mendebaldean kokatzen den hiria da. Herrialdeko kultura-gune nagusienetariko bat bezala onartua dagoen hiri ederra, alegia. Bere Alde Zaharreko eraikin dotore eta kale txukunek turismoa erakartzen dute urteko edozein sasoitan. Nolakoa da, ordea, eguneroko bizitza Lviv-en, gerra garaian?

Gauez iritsi nintzen, 01:00etan zehazki, autobusez Poloniako muga arazorik gabe gurutzatu ondoren. Ez nintzen ohartu ordea Ukrainan etxeratze agindua indarrean dagoela 23:00-05:00 artean eta hantxe nengoen ni, Lviv-eko autobus geltokian bakarrik nire eskuko maletarekin zer egin ez nekiela. Kaleak hutsak, taxirik ez, eta Alde Zaharrean erreserbatu berri nuen ostatua ordubetera oinez. Nik ere ez dakit nola izan naitekeen hain lasaia eta arduragabea batzuetan. Inguruan nituen pertsonei laguntza eskatu nien arren, alde egiten zuten, elkar ulertzen ez genuelako. Azkenean, agian, benetan urduri ikusi ninduelako, emakume bat gerturatu zitzaidan keinuez esanez taxi gidari bat ezagutzen zuela ostatura eramango ninduena, ezkutuan, polizia-kontrolak saihestuz. Ez zen beraz erraza izan nire lehenengo gaua Lviv-en, hurrengo goizean bizituko nuenaren inongo susmorik ez nuelako agian.

 

«Nire harridura aurpegia ikusteko modukoa izango zen. Kaleak jendez gainezka, umeak jolasean, kafetegi eta jatetxeak leporaino, 'souvenir' dendak eta musikaz nonahi gozatzeko aukera»



Goiz mugitu nintzen, hirian arnasten zen giroa ikusteko irrikaz. Alde Zahar guztia oinez zeharkatu ondoren nire harridura aurpegia ikusteko modukoa izango zela pentsatzen nuen neurekiko. Kaleak jendez gainezka, umeak jolasean, kafetegi eta jatetxeak leporaino, souvenir dendak eta arratsalde partean musikaz nonahi gozatzeko aukera. Ez da nik espero nuena etxetik irten nintzenean, argi dago telebista ikusteak ez digula onik egiten. Gerran daude; bai hala da, hegoaldean gertatzen ari dena izugarria da, baina Lviv-en alarma-hotsak entzuten direnean soilik nabaritzen da. Bitan besterik ez zuten jo ni han nengoela eta inor ez zen lekutik mugitu ere egin. Ondorioz polemika handia sortu da Ukrainan hiriak duen jarreragatik: batzuek diote ez dela zentzuzkoa gerra alde batera utzi eta aurretik zuten bizitzara bueltatzea, beste batzuek ordea, argi dute momentua bizi behar dutela etorkizunean pentsatu gabe.

Gustukoa izan ala ez Lviv ukrainar erresistentziaren ikur ere bilakatu da, beste erresistentzia mota bat, armarik erabili gabe beraien kultura babesten duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!