João Baptista

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2022ko eka. 11a, 19:58

João Baptista. URA ITURRALDE

Azken egunotan Ukrainatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik iristen zaizkigun albisteak izan dira zalantzarik gabe gure egunerokotasunaren protagonistak. Badira ordea beste herrialde asko euren borroketan jarraitzen dutenak nahiz eta ohiko komunikabideetan ez aipatu.

Orain dela egun batzuk irakurri nuen Mozambike iparraldeak beste eraso jihadista bat jasan duela, honen ondorioz bi hildako eta bost desagertu. 2017tik Cabo Delgado izeneko probintziak Al Shabaab izeneko miliziano islamisten erasoak jasan izan ditu eta milaka dira ihesi Tanzaniara iritsi diren pertsonak. Tanzaniak ordea ez ditu errefuxiatu bezala onartu eta gehienak Mozambikera bueltatu dira, ez zaielako beste aukerarik eskaini.

Ni 2015ean izan nintzen Cabo Delgado probintzian, Ilha do Ibo izeneko uharte txikian zehazki. Ibok iragan liluragarria izan zuen probintziako hiriburu gisa. Portugaldarrak iritsi baino lehen, merkataritza-portu arabiar garrantzitsua zen, eta urte askotan zehar, Afrika kontinenteko esklabo-portu handiena. Bertatik abiatu ziren askatasuna lapurtu zieten milaka lagun.

Urte askoren buruan, 1929an, administrazioa Pemba hirira aldatzea erabaki zuten portugaldarrek eta orduantxe hasi zen uhartearen gainbehera. Baliabiderik gabe gelditu eta zuen oparotasun ekonomikoa desagertu zelarik.

«Goiz batean herritik oinez nindoala ezagutu nuen João Baptista. Ibon jaio zen 1927an, Mozambike kolonia portugaldarra zen garaian. Herriko historialaria zen bera —pentsatu nahi dut orain ere badela—»

1964an, Mozambike Askatzeko Fronteak gerrilla-gerra hasi zuen Portugalgo erregimenaren aurka, azkenik 1975ean independentzia lortuz.

Bi urte geroago ordea gerra zibila piztu zen. Mozambike Askatzeko Frontearen (Kubaren eta Sobietar Batasunaren babesarekin) eta Erresistentzia Nazionalaren (Hegoafrikaren babesarekin) artekoa. Oso garai latzak izan ziren uhartearentzat eta badirudi gaur egun tamalez ez direla hobeak.

Goiz batean herritik oinez nindoala ezagutu nuen João Baptista. Ibon jaio zen 1927an, Mozambike kolonia portugaldarra zen garaian. Herriko historialaria zen bera —pentsatu nahi dut orain ere badela— eta berari esker dakit Ibo-ri buruz dakidan guztia. Lagunak ere egin ginen eta azkenean egunero joaten nintzen berarengana bisitan zeozer berria ikasteko asmoz. Hantxe itxaroten ninduen, etxeko atarian irribarre handi batekin, eguzkitako betaurrekoan jantzita zituela. Bakarrik nengoen eta hain luzeak egiten zitzaizkidan egunak alaitu zizkidan. Bihotza hausten zait pentsatzen dudanean agian ez dela ondo egongo, gerrate zibil bat bizitu ondoren oraingo egoera zail honi ere aurre egin beharko diola.

Espero dut gatazka hau aurki amaitzea eta mesedez ez ditzagun ahaztu gainontzeko gerrak, albisteetan ikusten ez ditugunak. Ahaztuak izan direnak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!