Orain dela sei urte bidaiatu nuen nik Ilha do Ibo izeneko uharte txikira. Ondo egongo al dira nire lagunak? Galdetzen diot behin eta berriz neure buruari…
Ez nago ziur gatazka zehazki bertara iritsi den, ez daukat galdetzeko modurik; ezin izan dut beraiekin harremana mantendu internetik ez dutelako.
Oraingoz, haien berririk izan gabe, oroitzapen onak baino ez zaizkit geratzen.
"Ur eta janari bila joatea zen eguneroko zeregin nagusia. Bizirauteko, arrantza jarduera nagusia. Herriko merkatu txikia ia hutsik zegoen beti"
Izugarri polita iruditu zitzaidan Cabo Delgado probintzia iritsi nintzenean, ikusgarria eta oso lasaia. Ibo oso txikia izanik, paradisua zirudien, hondar txuri eta ur gardeneko hondartzekin, ia hutsik, turistarik gabe. Zaila egin zitzaidan hasiera batean haien bizimodura moldatzea, azkenean ordea egunak igaro ahala lortu nuen niretzako berriak ziren ohitura haiek ulertzea.
Eguneroko bizitza
Ibon 04:00etan argitzen zuen. Emakumeak ur bila joaten ziren uhartean zeuden ur edangarriko putzuetara. Gizon gehienak, berriz, arrantzara. Baina ez zituzten olagarroak arrantzatzen, hori emakumeen zeregina zen.
Ur eta janari bila joatea zen eguneroko zeregin nagusia. Bizirauteko, arrantza jarduera nagusia. Herriko merkatu txikia ia hutsik zegoen beti, arroza eta mangoa soilik zuten, tokian bertan ekoitzitakoa. Gainerakoa kontinentetik eskuratua. Bazkalordua, etxeko atarian eseri eta bizilagunekin hitz egiteko ordua izaten zen, haurrekin partxisean jolastekoa, ohiko ekintza uharteko biztanleen artean. Tenperatura batzuetan 43 graduraino iritsi zitekeen beraz eguerdian kaleak hutsik gogoratzen ditut. Haurrek goizean ordu gutxi batzuk besterik ez zituzten igarotzen eskola musulmanean, ondoren jai. 17:00etan, eguzkiak berotzeari uzten zionean, Iboko biztanleak kaleetara itzultzen ziren beraien zereginetara. Batez ere emakumeak, bidoiak urez betetzera. Familiaburuak dira.
Mariamo izeneko nire laguna zen adibide ezin hobea. 23 urterekin etxeko zereginak amaitu ondoren, ni nengoen hostal xumean egiten zuen lan bere familia aurrera ateratzeko. Elkar ulertzen genuen hizkuntza oztopo izanda ere, egun asko igaro nituen bere alboan, berak erakutsi zidan gaur egun Mozambike iparraldeari buruz dakidan guztia.
Eta orain… Nola egongo da Mariamo? Herrian jarraituko al du? Jakin nahiko nuke baina ez dut inondik inora biderik aurkitzen…
Baietz pentsatu nahi dut… Ezagutu nuen bezain alai jarraituko duela baratzean lanean.