Emakumeak asilo eta babes eske Europan

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2020ko mar. 20a, 19:59
Aram Iranen, Ura Iturralderen objektibotik begiratuta.

Orain dela hilabete batzuk galdetu zidan Aram nire lagun irandarrak ea aukerarik ote zuen bere herrialdean bizi duen egoera ikusita Europara etortzea asilo eta babes eske. Emakume transexuala izanik, jasanezina egiten zaio bere gobernuak inposatzen dizkion arauak jarraitzea. Konbertsazioa amaitu ondoren zin egin nion galdetuko nuela eta ahalik eta azkarren erantzungo niola. 

Zenbait lagun eta kontaktuekin hitz egin eta albiste asko irakurri ondoren ohartu nintzen gero eta gehiago direla Europan babesa eskatzen duten emakumeak. Arrazoiak oso ugariak izan daitezke: gizakien salerosketa, sexu-esplotazioa, mutilazio genitala, nahitaezko ezkontzak, genero indarkeria...

Espainiar estatuan asiloa lortu duen hogeita bederatzi urteko emakume palestinar baten kasua datorkit gogora. Bi urte lehenago alde egin zuen bere jatorrizko herrialdetik beste arazo askoren artean familia buru zen bere aitak maite ez zuen gizon batekin ezkondu nahi zuelako. «Nik ez dut ezkondu nahi, ikasi egin nahi dut eta nire familiak ez du onartzen. Anaiek jipoitu egiten ninduten mutil batekin hizketan ikusten baninduten, lotsagarria zen beraientzat. Nire senideak oso tradizionalak dira eta sistema bera oso matxista».

Beste adibide garbi bat izan liteke Ekialde Hurbiletik iritsita, bere senarrak jipoitu egiten zuelako asiloa lortu duen hogeita hemezortzi urteko emakumea. Tratamendu psikologikoa jasotzen ari da gaur egun.

Aram, nire lagunak ordea ez du babesa jasotzeko aukerarik izango oraingoz. Asiloa lortzeko bere herrialdean polizia jarraika duela ziurtatu beharko luke eta bere bizia arriskuan dagoela. Honetaz gain eta Europan gelditzea lortuko balu, sekula ezingo luke berriro Iranera bueltatu gobernu aldaketa bat egon ezean.

«Nik ez dut horrela ihes egin nahi, ama oso gaixo daukat eta ez nuke berriro ikusiko, berak ezin baitu bidaiatu. Beste era batera saiatu beharko dut edo itxaron ea bizitzak berak zer dakarkidan», erantzun zidan Aramek triste. Nire lagunaren ametsa Italiara bidaiatzea da, zehazki Milanera, eta moda diseinua ikasten ari denez bertan gelditu eta bere lanagatik ospetsu bilakatu.

Jakin badakit Euskal Herrian bertan badagoela emakume irandar bat aktibismoa egiteagatik eta bere herrialdean polizia jarraika eduki izanagatik asiloa lortu duena. Gaur egun erderaz ikasten ari da eta bere amarekin elkartzen da Iran ez den beste edozein herrialdetan, askotan Turkian, adibidez.

Aramena bakarrik ez, ezagutzen ditudan irandar ia gazte guztien ametsa da beste edozein herrialdetan aske bizitzea. Batek bakarrik lortu du helburua, Samik, gaur egun Thailandian bizi da. Ez dute erraza, turista bezala bidaiatzeko ere eragozpen asko dituzte, nik gonbidatuta ere ezingo lukete etorri.

Askotan iruditzen zait Europa idealizatuta dutela, hemengo bizitza ez dela beraiek uste duten bezain erraza, esplikatzen saiatu arren beti errepikatzen didate gauza bera: «Europan gutxienez aske izango naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!