Emakumeak Teherango Azadi estadioan lehen aldiz, 40 urtean

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2019ko aza. 9a, 05:57
Teherango Azadi estadio kanpoaldea. URA ITURRALDE

Internet bidez salgai jarri zituzten emakumezkoentzat 4.000 sarrerak bost minutuan agortu zirela esan zidaten Teheran-era iritsi nintzenean.

Lau egun beranduago Azadi estadioan ospatuko zen IranKanbodia partidua ikusteko aukerarik gabe geratu nintzen, pena, dudarik gabe egun historikoa izango zen hura. 40 urtean lehen aldiz emakume kopuru txiki batek futbola harmailetatik ikusteko aukera izango zuen. Ordurarte bi aldiz sartu ahal izan ziren estadiora baina gonbidapen berezi batekin soilik. Gobernu iraniarraren neurri berri hau ez zen kasualitate hutsa izan ordea, hilabete bat lehenago Sahar Khodayari neska gazteak bere buruaz beste egin zuen, poliziak gizonez mozorrotuta estadiora sartzen harrapatu ondoren. Epaitegian ezarri zioten kartzela zigorra ezagutu eta bere buruari su eman zion. Nazioarteko komunitatearen haserrea eta bertakoen protestak lasaitzeko asmoz beraz eman zitzaien emakumeei partidua ikusteko baimena. Baina noiz arte? Galdetzen genion nik eta nire lagun iraniarrek geure buruari. Futbol partidu bat ez omen da emakume batentzako giro aproposa, halaxe dio gobernu iraniarrak.

Eguna iritsi zenean, bi ordu lehenago iritsi nintzen Azadi estadioko kanpokaldera gutxienez giroa gertutik ikusi nahiean. Izugarria, hunkigarria…Emakumeak bandera eskuetan hartuta, aurpegiak margotuta, oihuka. Munduko telebista guztiak nituen nire alboan eta polizia ere gertu… Emakume argazkilariek debekatuta zutela sarrera ere esan zidaten. Ordubete igaro zenean polizia bat gerturatu zitzaidan esanez sarrerarik ez banuen alde egiteko, eta nik horixe egin nuen arazoetan sartu baino lehen.

Nire gelara bueltatu beharrean ordea Football House kafetegira joan nitzen partiduaz gozatzera. Hortxe nire harridura aurpegia estadio erdi hutsik zegoela ikusi nuenean telebistan. Emakumezkoen harmailak beteta, inguru guztia hutsa eta urrutira gizonezkoen harmailak. Argi geratu zitzaidan gobernu iraniarrak behartuta baimendu zituela emakumeak, ez zituela bertan nahi.

Pantomima hutsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!