Asteazken zuriak Iranen

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2019ko ira. 7a, 08:58

Sufritu egingo duzue», esan zien magistratuak. Gutxienez 12 emakume zigortu dituzte hijab-a eramateko derrigortasunaren aurka protesta egiteagatik, Iranen.

Monireh Arabshahik, Yasaman Aryanik eta Mojgan Keshavarzek, guztira, 55 urte igaro beharko dituzte espetxean, burutik zapia kendu eta Teherango metroan, emakumezkoen bagoian, loreak oparitzeagatik. Europar Batasuna isilik geratu da, orain dela aste batzuk argitaratu zen albiste honen aurrean.

Bada denbora emakume irandarrak gobernuaren aurka altxatu zirela, kalera irten eta beraien eskubideak aldarrikatzera ausart irteten direla. Horretarako egun bat aukeratu dute, asteazkena, eta Asteazken zuriak bezala izendatu. Kolore zuria, oro har, bakearekin lotuta dago, baina, kasu honetan, protesta egiteko erabiltzen dute. Zuriz jazten dira, zapia burutik kendu leku publikoetan, grabatu, eta bideoa sare sozialetara igotzen dute, #whitewednesday traolarekin. Poliziak, ordea, ez du errukirik; gero eta gehiago dira espetxearekin zigortuak izaten ari direnak.

Gogoratzen dut, lehengo urteko urrian, nire lagun Amir-ekin Teherango kaleetatik paseatzen nindoala. Izugarrizko trafikoa zegoen, eta, plaza batetik igarotzen ari ginela, emakume batek, koska batera igo, eta buruko zapia kendu zuen, makil batekin astinduz, protesta moduan. Segituan ohartu nintzen asteazkena zela. «Goazen azkar hemendik, polizia aurki iritsiko da eta», esan zidan lagunak, eta nik hitzik esan gabe jarraitu egin nion. Hurrengo egunean, ordea, bideoa ikusi nuen sare sozialetan. Polizia etorri zenean izugarrizko iskanbila sortu zela ikusi ahal izan nuen, jendearen artean asko emakumearen alde eta beste asko aurka. Zaila egiten zait ulertzea, eta neure buruari galdetzen diot zergatik den hain larria zapia burutik kentzea; iruditzen zait gobernu irandarrak baduela gaur, inoiz baino gehiago, horren aurreko lanik. Amir-ekin berriro hitz egiteko beharra sentitu nuen, buruan nituen ideiak, gutxienez, zertxobait argitzeko. Deitu, eta Romantic kafetegian geratu ginen te bat lasai hartzeko asmoz.

«Aitak beti esaten dit, hasiera batean irandar guztiak zirela iraultzaren aldekoak, 1980. urtean erlijiosoek boterea lortu zuten arte. Orduz geroztik, emakumeak izan dira kaltetuenak, beste gauza askoren artean, hijab-a jantzi eta gorputza estaltzeko inposaketarekin. Nik ere, homosexual bezala, dakizun bezala, ez daukat inongo eskubiderik. Ez dakit nola amaituko den hau guztia, ez du irtenbide baketsurik, baina argi dago askok gobernu aldaketa bat nahi dugula. Erlijioarekin zerikusirik ez duen gobernu berri bat».

Snap taxia hartu eta gauean iritsi nintzen nire gelara. Loak hartu ninduen segituan. Jadanik etxean eta ia urtebete beranduago, gosaltzen ari naizen bitartean, gaur albiste berri hau irakurri dut: «Saba Kord Afshari, 24 urteko espetxe zigorra, hijab-aren aurka protesta egiteagatik. Emagaldutzat jotzen du gobernuak».

Amir-ek esaten duen bezala, ez, egoera honek ez du irtenbide baketsurik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!