Homosexualitatea Iranen

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2019ko eka. 29a, 05:58

Ez daukagu homosexualik Iranen, guk ez dugu horrelako fenomenorik, ez dakit nork esan dizuen badugula». Mahmud Ahmadineyad Irango presidente ohiak, 2007. urtean, New Yorkeko Columbiako Unibertsitatean emandako hitzaldian.

Armanek eguzkitako betaurrekoak jantzi zituen argazkian, bere nortasuna babesteko. Nahiz eta gure proiektuan parte hartu nahi izan, eta bere istorioa kontatu, ikaratuta zegoela somatu nuen. Lasaitu zedin, kafe batera gonbidatu nuen, Teherango Artisten Parkean dagoen jatetxe txiki polit batean.

«Maite dut nire herria, bertan bizitzen jarraitu nahi dut, baina, onartu beharra daukat, gobernuak zenbait gauza aldatu beharko lituzkeela. Homosexual bezala zeharo nekatuta nago ezkutuan bizitzeaz, ezin aske izateaz. Hala ere, zortedun sentitzen naiz nire familiak naizen bezala onartzen nauelako; nire lagunek ez dute zorte hori, eta oso gogorra egiten zaie. Moralaren poliziak botere handia du, eta beti erne ibili beharrean gaude».

Iranen homosexualitatea heriotzarekin zigortua izan daiteke, zenbait kasutan. Pertsona batek sexu bereko beste pertsona batekin sexu harremanak izan dituela ziurtatzen bada, zenbait testigantza direla medio, herriko plazan urka dezakete. Egoera larri honen aurrean, nirekin hitz egin zuten gazteen ausardia ulertezina egiten zait askotan. Amir eta Ayda ziren, elkarrizketatzeko zerrendan nituen hurrengo bi gazteak. Eurekin joan nintzen LGTBI festa pribatu ezkutu batera.

«Alkohola erosi dugu festarako, merkatu beltzean; ilegala denez, leihoan txandatuz joango gara, polizia gerturatzen den ala ez ikusteko. Askotan igarotzen dira kale honetatik, eta denok kartzelan amaituko genuke harrapatuz gero». Amir zen ingelesez zekien gutxietariko bat; Aydak, ordea, hitz bat bera ere ez zuen egiten.

«Ni gay naiz, Ayda lesbiana, gure familiek ez dakite ezer; oso erlijiosoak direnez, ez daukagu adorerik esateko. Zain gaude, ea Trump presidenteak zer edo zer egiten duen gure gobernuaren aurka, egoera jasanezina bihurtu baita guretzat. Ez dakizu ze zortea duzun zuk, zure jaioterrian aske bizi zarelako; begira gu, beti ezkutuan».

Musika jarri eta guztiak dantzan hasi zirenean, Amir, Ayda eta ni gela ilun batean sartu ginen argazkietara. Amirrek, Armanen antzera, bere nortasuna babesteko bixera eta antifaz bat jarri zituen; Aydak, ordea, aurpegia eman nahi izan zuen, nahiz eta nik behin eta berriz esan, agian hobe litzatekeela zapiarekin estaltzea.

Goizeko ordubatean amaitu zen festa, baina ez beraien eguneroko borroka. Lehengo urteko urrian ezagutu nituen, gaur hainbeste maite ditudan lagun irandarrak. Aurten, egoera okerrera joan dela ikusita, berriro bueltatuko naiz haiengana. Zain izango ditut, irribarre batekin aireportuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!