Iran LGTB

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2019ko mai. 25a, 08:59

Irango Errepublika Islamdarrean transexualitatea erabat onartuta dago, edo hala diote. Thailandiaren ondoren, sexu aldaketa ebakuntza gehien dituen herrialdea da. Gobernuak berak ordaintzen omen ditu gastuak. Homosexualitatea, ordea, heriotzarekin zigortua izan liteke zenbait kasutan.

Arratsaldeko laurak izango ziren, Teherango kafetegi txiki elegante batean Aram ezagutu nuenean. Berak ez zekien ingelesez, eta nik pare bat hitz besterik ez farsiz. Mobila eskuetan, itzultzailearekin prest genuela hasi zitzaidan, 19 urteko neska irandar alai eta irribarretsu hura, bere bizitzaren historia kontatzen.

«Ni, zu ez bezala, akats batekin jaio nintzen. Genital maskulinoak ditut, eta emakumea naiz…». Tristuraz bete zitzaidan barrena «akats» hitza entzun nuenean, baina, tamalez, Iranen transexualitatea sendatu beharreko gaixotasun bat bezala ulertzen da.

«Oso txikia nintzen, soinekoak jantziz eta beste mila bidetatik, nire familiari neska nintzela adierazi nionean. Orduz geroztik aitonak ez nau batere gogoko, gaur egun ez dit hitz egiten. Gobernuak inposaturiko transexualitateari buruzko legeak jarraitu nahiko banitu, psikologoarengana joan beharko nuke lehenik , berak gaixo nagoela ziurtatzeko, eta sexu aldaketa ebakuntza egin ondoren. Nik ez dut nahi, ordea, gustura sentitzen naiz horrela. Naizen bezala onartua izan nahiko nuke, besterik ez, guztiok gara pertsonak. Ebakuntza ez da aukera bat, inposatze bat baizik. Ez da egia trantsizio guztia gobernuak ordaintzen duenik; diru kopuru txiki bat besterik ez du eskaintzen laguntza moduan, eta oso garestia da».

Hurrengo egunean, Aram-ek bere etxera gonbidatu ninduen bazkaltzera, bere familiarekin. Sartu orduko ezagutu nuen Mamam Caty, amona. Sukaldari trebea, pertsiar plater desberdinak eskaini zizkidan dastatzeko. Ama, amona, Aram eta ni mahai inguruan; aitonak, ordea, hitzik esan gabe alde egin zuen sukaldetik, ni iritsi nintzenean. Solasaldi polita izan genuen mimika erabiliz, oztopoen gainetik elkar ulertuz.

Bazkal ostean iritsi zen Maryam, Aram-en lagun mina, ni ezagutzeko asmoz.

«Aram-ek duen akats berarekin jaio nintzen ni. Genital femeninoekin jaio, eta mutila naiz». Bigarren aldiz bihotza hautsi zitzaidan, «akats» hitza entzutean.

«Nik ez nuen nahi, baina nire familiak psikologoarengana joatera behartu nau. Ez dut ebakuntzarik nahi, eta erabakitzeko aske izan nahiko nuke. Zaila ikusten dut, islamdar legea jarraitzen duen herrialde honetan. Agian noizbait gobernua aldatuko da, edo beste herrialde batean bizitzeko aukera izango dut, ez dakit. Hemen eta orain, ni ez naiz zoriontsu. Aldaketaren zain bizi gara. Ezin dugu protestarik antolatu ere egin, poliziak atxilotu egingo gintuzke. Ez da erraza».

Gaia buruan bueltaka nuen bitartean, oinez iritsi nintzen nire logelara, arratsalde amaieran. Entzun eta ikusitakoa nire koaderno txikian idatzi ondoren, nekatuta, ohean loak hartu ninduen.

Transexualitatea hain gogorra baldin bada, nolakoa da homosexualitatea Iranen?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!