Inposaturiko legedi berriak dioenez, hemendik aurrera, Teheran hiriburuan ezingo dira zakurrak kaleetan paseatu, ezta autoetan garraiatu ere. Arreta handia behar duten animaliak dira, zikinak, otoitz egiteko garaia izorratu ahal omen dezaketenak. «Eta, zer egingo dute zakurrak bidelagun dituzten pertsonek orain?», galdetzen diot neure buruari…
Nire lagun Aydak egunero paseatzen zuen zakurra Teherango kaleetan; orain, etxean duen lorategi txikira besterik ez du ateratzen. «Moralaren polizia oso zorrotz dabil, isunak latzak dira. Ez dut ausardiarik zakurrarekin kalera irteteko. Dudan lorategia txikia da, itota ikusten dut gaixoa. Badira animalia baztertuak jasotzen dituzten elkarte aproposak eta, ondo zainduko dutenaren esperantzaz, hara eraman beharko dut, beste erremediorik ez badago».
Mandatarien esanetan, maskotak edukitzearena mendebaldetik datorren ohitura bat da. Askotan, animaliak pertsonak baino gehiago maitatzen omen ditugu gure kulturan; guztiz onartezina islamdarrentzat. Haien egia da, baloreak galdu ditugula. Harturiko erabakia egokia dela erakusteko, gobernuak iragarki bat ere zabaldu du telebistan, non zakur bat ikusten den, ume bati kalean hozka egiten.
«Oso fededuna den jendeak sekula ez ditu zakurrak gustuko izan. Ni kalera paseatzera irteten nintzenean, nahiz eta zakurra lotuta izan, asko ziren gure bidetik urruntzen zirenak. Oso nabaria zen. Neurri berri hau ordea, nire herrialdean inposaturiko beste asko bezala, lekuz kanpo dagoela iruditzen zait».
Amirh-ek, nire bidaian ezagutu nuen gazte batek, arazo berbera dauka: «Nik ez dut nire zakurra utzi nahi, baina orain behartuta nago. Esan didatenez, poliziak ikusiz gero, momentuan bertan ken diezaguke zakurra, eta animalien harrerarako prestatutako zentro gutxietariko batera eraman. Ez nuke berriro ikusiko. Nahiago dut nik eraman, behar den bezala agurtu eta, ahal bada, bixitan bueltatu».
Irango komunikabideetako aldizkari batek argitaratu duenez harturiko neurriak uste baino gogorragoak dira. Orain dela bi egun, poliziak, mutiko baten etxera sartu, eta bere zakurra eraman zuen, txertoak hartu gabe zegoela aitzakia bezala jarrita. Herrialdea zein egoera zailean murgilduta dagoen ikusita, ez ote du bertako gobernuak aurreko lan garrantzitsuagorik, hiriburua zakurrez garbitzea baino?
Ongi etorri Irango Errepublika Islamdarrera.