Oraindik ere zaila egiten zait nire lagunengana garaiz iristea, hamar milioi biztanle baina gehiago izanik eta trafiko izugarriarekin, orduak igarotzen ditut taxian hiria zeharkatzeko, bi ordu lehenago irteten naiz beti lasaiago ibiltzeko. Romantic izeneko kafetegira iritsi naiz azkenik, berandu xamar, laurogeita hamar xentimoren truke. Sartu orduko bertan ikusten ditut nire taldekideak eserita, zapiak burutik kenduta, zigarroa erretzen, lasai berriketan barrez. Bakoitzari hiru musu eman ondoren ni ere beraien alboan esertzen naiz esanez zein neketsu eta pisua egiten zaidan hiriko trafikoa. Denbora asko galtzen da alde batetik bestera mugitzeko.
- Baina Ura! Trafikoak ere bere alderdi ona badauka! Zuk ba al dakizu zer den «Dor-Dor?» Denek barre egiten dute eta nik ez dut tutik ere ulertzen.
- Ez dakit! Zer da hori? Erantzuten dut nik harridura aurpegiarekin.
Maryam da hizketan hasten den lehena, gainontzekoak nire aurpegiari begira adi jarraitzen duten bitartean.
- «Dor-Dor», persieraz… «buelta eta buelta» euskaraz, trafikoa aprobetxatuz Teheranen ligatzeko gazteek erabiltzen dugun sistema da, gobernuak inposatzen dizkigun lege zorrotzak alde batera utzita. Guk ez dugu diskotekarik, ez dugu gaueko bizitzarik, beraz ez ditugu aukera asko. Trafiko handia egoten den arratsaldeko orduetan, zortzietatik aurrera, kotxez hurbiltzen gara hiriko iparraldera eta bertako biribilgune handi batean poliki bueltak ematen ditugu jende berria ezagutzeko. Emakumezkoen kotxeak alde batetik eta gizonezkoenak bestetik, norbait gustuko badugu telefonoa ematen diogu eta moralaren polizia gerturatuz gero trafikoa jarri aitzaki bezala. Guk leihatila itxita eramaten dugu beti, interesa dugunean besterik ez dugu irekitzen, mutilek ordea aurpegia beti agerian daramate. Gaur egun gainera mugikorrarekin askoz ere errazagoa da, orain dela urte batzuk papertxo idatziak erabiltzen genituen kotxetik kotxera. Ez al zaizkizu orain erromantikoagoak iruditzen Teherango trafiko ataskoak?
Aho zabalik geratu naiz, orain ulertzen dut zergatik nituen denak adi begira. Argi neukan iritsi orduko hiri honek mila aurpegi desberdin dituela, are eta gehiago legedia hain zorrotza izanda. Zaila ikusten nuen gazteek jende berria ezagutu ahal izatea, metroan eta autobusean ere elkarrekin joan ahal ezin dutenean. Baina sekula ez nuen pentsatuko trafikoaren aitzakia erabilita ligatzeko sistema bat asmatuko zutenik.
Ongi etorri Iranera.