Ez dakit aukeratu dudan gaia ondo jorratzeko eman dizkidaten kontatuek huts egingo didaten ala ez, ez dakit Iranen azken aldian sorturiko tentsio politikoak baretu diren ala ez, iristean ohartuko naiz hartu ditudan erabakiak onak edo ez hain onak izan diren. Hemendik, etxetik, ezin dut gehiago egin, itxaron besterik ez, hauxe da nire urduritasunaren zergatia. Helburua lortuko ote dut? Eta poliziak harrapatzen banau beraien gustukoa ez den gai bati buruz argazkiak ateratzen? Eta bat-batean atxilotu egiten banaute?
Deskantsu bat hartu beharko nukeela eta geratzen zaidan denbora nire lagun eta familiarekin disfrutatzeko esaten diot behin eta berriz neure buruari baina oso zaila egiten zait, lo hartzea ere kosta egiten zaidanean. Motxila ere prestatu beharra daukat, lagun batek utzi didan arropa eta nik ditudan buruan jartzeko zapiak moldatu. Bakeroak, soineko luzeak, gorputza estaltzen duten belaunerainoko jertse irekiak, ez dut poliziarekin arazorik nahi ez noalako beraien legedi islamiarrak esaten duen moduan «behar bezala» jantzita. Oraingoan ere gizonezkoa banintz errazagoa izango litzateke guztia.
Nire alboan dut ere nire bidaia lagun izango den kamera txikia, itxuraz zaharkitua, lanerako ezin hobea, argazkiak ezkutuan atera behar ditudanerako paregabea. Eta aireportuan argazkiak erakusteko eskatzen badidate? Edo txartelak gorde eta aurkitzen badizkidate? Ez dut uste beraien gustukoa izango denik LGTB komunitateari buruzko nire erreportajea. Han momentuan bertan erabaki beharko dut zer eta nola egin.
Nekatuta nago pentsatzeaz zein neketsua eta gogorra izango den lana, elkarrizketak egin hizkuntza ere ulertzen ez dudanean, argazkiak ahalik eta hobekien atera, argi polita duten lekuak aukeratu… alde batetik bestera ibiliko naiz egunero libre izango ditudan momentu gutxiak, bakarrik, lasai, egoteko aprobetxatuz. Deskantsatuko dut bueltan etxean…
Nire apunteek diotenez aurten berrogei urte betetzen dira emakume irandarrek beloa ezinbestean jantzi behar izan dutenetik. Interesgarria iruditzen zait oso, gustatuko litzaidake gaiaren inguruan beraien iritzia jakitea. Ez dakit denbora izango dudan ordea...
Goiz guztia buruari eragiten, beste ezertan ez naiz ibili egun eguzkitsu honetan. Arnasa behar dut, haizea, ibili, deskonektatu. Jantzi eta kalera irteten naiz oinez buelta bat ematera, ongi etorriko zait. Zergatik ariko ote naiz etengabean neure buruari honelako galdeketak egiten…
Zer datorkidan ez dakit eta ez dut jakingo, baina idatzita dago. Alferrik nago urduri.