Proiektu berri baten aurrean eserita

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2018ko eka. 17a, 09:56

Astelehena. Leihotik ostarte bat bera ere ikusten ez dudan egun gris goibel honetan, ordenagailua piztu eta nire proiektu berria izango denaren inguruan lanean hasten naiz buru belarri. 08:30ean puntuan eseri naiz aulkian, bi ordu igaro dira jadanik eta ez dut aurrerapen txiki bat bera ere egin nire hurrengo bidaiarako gidoian.

Askotan ni ere ez naiz ohartzen zenbat lan, zenbat ordu, zenbat gau lorik hartu ezin igaro ditudan proiektu bat aurrera atera dadin. Nire buruari esaten diot agian izango dela argazkiak amaituta ikusi ondoren ahaztu egiten zaizkidalako aurreko buruhauste guztiak. Nola ailegatu nintzen bertara, nola irabazi nuen bertakoen konfiantza, zenbat traba gainditu nituen argazkiak ateratzeko garaian… Ez da erraza. Barre egiten dut ezagunek galdetzen didatenean ea berriro oporretara noan.

Oraintxe bertan helburu dudan gaiari buruz ez dut informaziorik aurkitzen, galduta sentitzen naiz erabat. Argi izan zer lortu nahi dudan eta oraingoz ezin, ez dago niretzat tristura handiagorik. Baina ahal dudala eta lortuko dudala esaten diot behin eta berriz neure buruari, gaur ez bada bihar. Teheran-era bidaiatzeko hegaldiak begiratzen hasten naiz tartetxo batean, dudan urduritasuna baretzeko, hegaldia da, izango ditudan arazo guztietatik txikiena. Eta hara iristean zer? Nola moldatuko naiz landu nahi dudan gaia sakontzeko? Jendearekin nola komunikatu farsi besterik ez badute hitz egiten? Erantzunik gabeko galdera gehiegi.

Arratsaldeko 17:00ak eta lanean oraintxe hasi banintz bezala, ez kontakturik, ez helbiderik, ez argi izpirik leihotik. Beste bide batetik saiatu beharko dut bihar, gaur ez dut zorterik eta.

Argazkilaritza dokumentalean egoera hau da behin eta berriz errepikatzen dena, askoz ere zailagoa dela askotan aukeratutako gaira iristeko bidea, argazkia ateratzea baino. Batzuetan guztia ondo irteten da, beste batzuetan ordea ez, arriskatu egiten gara. Agian askorentzat, afizio bat dirudi, jolas moduko bat, aurreko lanik ez duena, erreportajean ditugun pertsona guzti horiek kasualitate hutsez topatu izan bagenitu bezala gure oporretako bidaietan. Istorio luze bat dago ordea argazki bakoitzaren atzean, gehienetan ikusezin bihurtzen dena soilik ikusle direnentzat.

Nire lana ofizio profesional bat da, ulertzen askoz ere errazagoak egiten zaizkigun ofizioen antzera, nik ordea ez dut hilabetean soldata finkorik, hori lortzea da nire eguneroko borroka. Zoriontsu naiz horrela, alde batetik bestera, errutina alde batera utzita. Dirudien bezain polita ez den arren, niri pertsonalki balio didalako, gainontzekoek ulertu ala ez.

Asteartea. Ordularian 09:00ak. Ostarte bat bera ere ez. Lanean jarraitzen dut, ea gaurko egunean zorterik dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!