Azkenengo Tsar-aren pausoak jarraituz

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2018ko api. 22a, 09:42

Ni kuriositateak mugitzen nau. Hala izan da oso gaztea nintzenetik. Istorio bila bidaiatu dut nire argazki kamera kuttuna bakarrik, bidaia lagun nuela. Badira bereziki hunkitu nauten gertakizunak, interes izugarria piztu didatenak, berriro ere kamera soinean hartu eta bidaiatzera bultzatu nautenak.

Urte hau, 2018a gorriz azpimarratuta nuen nire lan-bidaia agenda berezian. Mende bat, 100 urte oso, igaro dira boltxebikeek Nikolas II.a eta bere sendia fusilatu zutenetik. Zortzi egun ditut aurretik Errusian, argazkien bitartez azkeneko Tsar-aren pausoak jarraitu eta istorioa berpizteko. Urduri xamar ere banago, guztia ondo irtengo denaren susmoa dudan arren. Abentura honetan zorteduna naiz gainera, lagun bat izango dut alboan eta ez ditut orduak eta orduak bakarrik igaroko gehienetan egin ohi dudan bezala.

03:00etan iritsi gara San Petersburgora, aireportutik irten bezain laster aurpegia bufanda eta kapelarekin ia guztiz estalita dudan arren nabaritu dut hotza izango dela niretzat arazoetariko bat. Ze hotza! Erreka ere izoztua dagoela esan digute, negua aurten luzatu egin dela. Hostalera iritsi eta ezin loak hartu nabil, bihar hasten da nire lana, Romanov sendiaren hilerriak trabarik gabe topatuko ditugun ala ez pentsatzen ari naiz une oro.

Eguerdian abiatzen gara koadernoan apuntaturik dudan lehenengo leku historiko garrantzitsura. Neva erreka izoztua igaro ondoren ailegatu gara astiro, larritu gabe. Hortxe ditugu gure aurrean San Pedro eta San Pablo elizaren barnealdean azkenengo Tsar-aren, bere emaztea eta seme-alaben hilerriak. Hunkiturik nago, bihotza estutu zait. Gure hurrengo geltokia Romanov sendiaren neguko bizitokia da, gaur egungo Hermitage museoa alegia. Nikolas II.ak bere kargua utzi ondoren, bertako eskaileretatik sartu ziren boltxebikeak erreboluzio garaian eta Tsar-aren alde borrokan zebilen gobernua atxilotu. Garai latz haietara bidaiatu du azkar nire buruak Errusiako azken erregearen gelan, bere mahai gaina ikusi ahal izan dugunean.

Egun luzea gaurkoa, jadanik ohean, errepaso bat ematen diet ateratako argazkiei, ez dut akats nabarmenik sumatu eta argia itzaltzen dut lasai.

Bi hiri nagusi dira aipagarri Romanov sendiaren azkenengo egunak kontuan hartzen baditugu: San Petersburgo eta Errusian beste alderdian kokaturik dagoen Ekaterinburgo, bertan hil baitzituzten. Gure hegaldia konfirmatu ostean bertara iristen gara egun batzuk beranduago. Lehenik eta behin «odolaren-eliza» ikustera mugitzen gara. Erreboluzio garaian Ipatiev izeneko etxea zegoen leku berberean altxatu dute eliza hau erregearen omenez. Bertako pareta batean argazki bat ateratzeko aitzakiarekin fusilatu zituzten.

Argazkiak ateratzea galarazita omen dago, baina nik ezin dut aukera galdu eta disimuluz lortu dut nire lanerako behar nuena.

Etxeko lanak amaituta. Gutxi gorabehera eskuratu ahal izan dut buruan nuena. Niretzat pertsonalki garrantzitsua zena, ikasitako guztia, ateratako argazkiak… orain jadanik etxean, badut beste bidaia bat buruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!