Azkenengo samariarren bila

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2018ko urt. 28a, 11:46

Bizantziar inperioko garaietan milioi bat baino gehiago izatera iritsi ziren, gaur egun ordea samariarrak zazpiehun besterik ez dira. Tora liburu sakratuaren zaintzaile bakarrak omen dira, honela dio beraien erlijioak. Palestinako Nablus hirian eta Israelen, Holon izenekoan aurkitu ditzakegu.

Ez dute Jerusalem onartzen hiri sakratu bezala, Gerizim izeneko mendia gurtzen dute, beraien sinesmena jarraituz, bertan sortu zelako mundua. Motxila soinean hartu eta denborarik galdu gabe Jerusalemgo autobus geltokira gerturatu nintzen. Goizeko bederatziak aldera abiatu nintzen azkenengo samariarren bila.

Lehenengo autobusak checkpoint-a alde batera utzi eta Ramallah hiriko erdiguneraino hurbildu ninduen. Bertan beste autobus txiki batera igo eta ordubete beranduago ailegatu nintzen lehen aldiz hainbat istiluen ondorioz Palestinan ezaguna den Nablus hirira. Hantxe, plaza nagusian nengoela, gorantz begiratu eta ikusi ahal izan nuen Gerizim mendi sakratua.

Gerizim mendira mesedez? galdetu nion neure albotik igaro zen lehenengo taxi gidariari.

Bere aurpegiko keinuak ikusita ulertu nuen hirian, gehiengoak ez zuela ingelesez ulertzen. Marrazki bat egin nion eta behatzarekin mendia seinalatu. Orduan bai, motorra piztu eta bidaiari ekin genion trabarik gabe. Hamar minutu besterik ez ziren igaro neure burua samariarren artean guztiz murgilduta sentitu nuen arte.

Kale bat besterik ez da beraien bizitokia, izugarrizko etxeak dituzte bi solairutakoak gehienak. Nabaria da dirua soberan dutela. Kamara eskuetan nuela begira gelditu nintzaien sinagoga kanpoaldean zegoen mutil gazte bati. Bera hurbildu zitzaidan ni konturatu orduko.

Kaixo, Abood da nire izena, suposatzen dut gure herriari buruz gehiago jakitera etorri zarela. Ingelesez ondo dakit eta ahal dudan guztian lagundu zaitzaket nahi baduzu.

Pertsona ezin atseginagoak Palestinako bidai honetan topatu nituen guztiak. Abood izan zen une hartatik nire lagun mina hamar egunez. Berak erakutsi zidan gogotsu, gaur egun samariarrei buruz dakidan guztia. Hiru nazionalitate dituzte, beraien etxeetan hiru pasaporte: palestinarra, israeldarra eta jordaniarra. Beraz, erraz ulertu nuen beraien dirutzaren zergatia, Israelen lan egin eta Palestinan bizi. Gizonezkoak egunero joan ohi dira errezatzera sinagogara, emakumeak ez daude behartuta eta beraien lanetan edo ikasketetan dihardute bitartean. Oso emakume gutxi, orain dela urte batzuk arte ez zituzten komunitatean konbertituak onartzen, gaur egun ordea, gizonezkoak Ukrainiara abiatzen dira bertako emakume juduak samariar bihurtzeko asmoz.

«Borrokatzen ari gara gure ohiturak eta erlijioa desagertu ez daitezen. Milioi bat izan ginen, gaur zazpiehun besterik ez gara ordea, lan handia dugu aurretik gure nortasuna mantentzeko. Ez da erraza izango».

Hamar egun igaro nituen beraiekin, sekula ahaztuko ez ditudanak, beraien komunitateko partaide izango banintz bezala onartu nindutelako, babestu eta eroso sentiarazi nindutelako. Nire esker on guztia azkenengo samariarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!