Fidel eta erlijioa

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2017ko aza. 26a, 09:43

Urtebete igaro da jada Fidel Castro komandantea hil zenetik eta ia urtebete ere Kubara azken aldiz bidaiatu nuenetik. Urte askoan zehar, eztabaidatua izan da Kubako gobernuak irlan sortzen ziren erlijio berrien aurrean hartutako jarrera.

Erreboluzio garaian, komunismoa ofizialki ezarri ondoren, erlijioa debekatuta zegoen, jazarria eta kartzelatua. Ondorio bezala, fededunek, lana galdu zezaketen, edo seme-alabek ezingo zituzten hainbat karrera egin. Beldur izugarria zegoen. Gaur egun ordea, gobernuak dio erlijio askatasuna dagoela. Batzuek diote Fidel Komandantea izan zela irlan erlijio guztiak bateratu zituena, beste batzuek ordea, garai ilunak ahaztu ezinik, ezetz diote.

Gogoan dut, goiz batean, La Habanatik oinez nindoala malekoitik hurbil, eliza eder bat topatu nuela. Urre koloreko bi kupula handi distiratsu eta fatxada txuriak zituena. Eraikin hura zehazki zer ote zen nire buruari galdezka nindoala, bertan zegoen gizon heldu bati gerturatu nintzaion informazio eske.

«Nuestra Señora de Kazán» izeneko katedrala da hau, Errusiako eliza ortodoxoak Kuban duen tenplu nagusia. Metro gutxira, kalea jarraituz beste katedral bat aurkituko duzu, eliza ortodoxo grekoarena alegia eta eskuinetara 5 minutura oinez La Habana-ko mezkita. Sinagogak ere badituzu La Habana Viejan murgilduz gero eta komunitate budista hiriaren beste aldean. Ofizialki estatu laikoa izanik, gurtze askatasunarekin, erlijio nagusiak katolizismoa eta erlijio afrokubatarrak dira. Orain aipatu dizkizuten taldeak, irlako erlijio gutxituen artean oso nabarmenak dira ordea.

Gizonari eskerrak eman ondoren, nire kasa abiatu nintzen gaiari buruz gehiago ikasteko asmoz. Gertuen nituen katedraletatik hasi nintzen, denborarik galdu gabe. Lehenengoan ez nuen zorterik izan, apaiza bidaiatzen omen zegoen. Bigarrengoan ordea, eliza ortodoxo grekoan, apaiza nagusiak berak ireki zizkidan ateak.

Gaur egun, nire ustez, Kuban dagoen erlijio askatasuna Fidel komandanteari zor diogu. «Hemen izan zen bera 2004an katedrala inauguratu genuenean. Erlijio guztiak bateratzea lortu zuen, eta hementxe bizi gara fededun komunitate desberdinak arazorik gabe. Erlazioa oso ona da gure artean».

Apaiza agurtu eta oinez, konturatzerako Abdallah mezkitan nengoen. 9000 inguru izanik, musulman konbertsoak irlan gero eta ugariagoak dira. Honen adibide da Saudi Arabiaren laguntzarekin La Habanan eraiki nahi duten mezkita berria, txiki geratu omen zaie egun dutena. Komunitate judutarra ere bisitatu nuen eta hiriburuan dituzten bi sinagoga nagusiak ikusi, azkenik eguna budistekin amaitutzat eman nuen arte.

«Egun interesgarria gaurkoa», pentsatu nuen nire baitan. Ez dakit Fidel izan zen Kuban erlijio guztiak bateratu zituena baina jakin badakit erlijio askatasuna badagoela. Lekutan geratu direla fededunak mehatxatuak eta jarraituak izan ziren garaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!