Behin batean Rocinhan...

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2017ko ira. 17a, 09:28

Rio de Janeiroko hegoaldean kokatua, urte askoan izan zen Rocinha hiriko fabelarik handiena. Bere kale estu zaharkitu zikin eta kaotikoetan kafeak, janari dendak, arte galeriak eta bestelako negozioak aurkitu ditzakegu. Gaur egun ia egunero bisita gidatuak antolatzen dira turistek bertako bizia ulertu eta ikusi dezaten, beti ere, honelako inguru batek merezi dituen segurtasun neurriak hartuta.

Goizeko bederatzietan jaso gintuen gidak Ipanema hondartza ondoan fabelara abiatzeko asmoz. Ilara murriztu bat osatuz bera aurrean zela hasi genuen ibilbidea bospasei bat herrialde desberdinetako pertsonek.

«Mesedez ez itzazue argazkiak atera nik baimendu arte», esan zuen gida lagunak ozen, denek ondo ulertu genezan. Pixkanaka, tentuz eta apurtxo bat urduri murgildu ginen fabelaren kaleetan zehar gorantz erdigunera iritsi arte. Bertan ziharduten jolasean bata besteari jarraika ezkutaketan bi umek, beraiek eginiko egurrezko bi pistola eskuetan zituztelarik.

«Hemen geratu gaitezke bost minutuz argazkiak ateratzeko paisaiari, sekula ez pertsonei, galarazita dugu, bizilagunetariko askok, gaur egun ere, polizia jarraika dute eta». Halaxe egin genuen, kamara poltsikotik atera eta argazkiak ateratzen hasi. Ikusgarria zen paisaia, fabelako etxe xumeekin ez zuten zerikusi handirik alboan zituzten auzo aberatsetako luxuzko eraikinek.

Bat-batean ordea gure lasaitasuna guztiz aztoratu zuten gure ingurutik irtenda ziruditen suziri eztanda gogor eta ozen batzuek.

«Zer gertatzen da? Auzoko festak al dira?» galdetu nion gida lanak egiten zituen mutilari txantxetan. «Ez ez, abisu bat da», erantzun zidan. Bere aurpegia ikusita segituan ohartarazi gintuen ez zela txantxetako unea, eta oinez urduri ekin genion berriro ere gure ibilbideari emakume batek korrika, garrasika gure bidea oztopatu zuen arte.

«Mesedez jarri zaitezte denak ilaran paretaren kontra, ez hitz egin, ez urduritu. Lasai dena ondo joango da eta». Elkarri begiratzen genion denek ez genekiela zer esan edo egin, egoera ulertu nahian. Hamar bat minutu igaro genituen mutu gertatuko zenaren zain. Kale amaierara begiratu nuen orduan lekutik mugitu gabe, bazirudien oinak lurrera itsatsita nituela. Hantxe ikusi nuen guregana hurbiltzen ilaran gure antzera jende multzo bat era guztietako armak eskuetan zituztela, gorantz astiro.

«Lasai egon, ez zaizue ezer gertatuko borroka hau gu eta poliziaren artekoa da soilik».

Umeak ere bazeuden jendartean, orain bai, benetako pistolak soinean zituztela. Beraien aurkako norabidean jaisten hasi ginen gu, fabelatik ahalik eta azkarren irteteko helburuarekin. Ordu erdi bat aldapan behera igaro ostean, iritsi ginen irteerara eta hantxe zegoen polizia sartzeko momentu aproposaren zain. Orduan ulertu nuen suziriak ez direla soilik festen iragarle.

Badaukat nire bilobei zer kontatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!