Bero izugarria La Habanan, soberan dut soinean daramadan kamiseta tiraduna ere. Ia arnasarik gabe oinez kaleetan zehar, jendetza izugarria topatzen dut plaza nagusiaren alboan, kanpotarrak guztiak, argazki kamera eskuetan dutela bi emakume inguratzen, zirku baten azken emanaldia izango balitz bezala. Astiro emakumeak irtenbide bakarra den Obrapía kalean murgiltzen dira La Habana Vieja-ko mezkita berrira ailegatzeko asmoz. Bertan gaur ostirala izanik Kubako herri desberdinetako musulmanak elkartzen dira dituzten jantzi dotoreenekin guztiek batera errezatzeko.
Pareko espaloian eserita geratzen naiz errezatzen diharduten bitartean, emakumeak ezkerraldean eta gizonezkoak eskuinaldean. Hogei bat minutu beranduago lehenengoak irteten hasten dira, haien artean niqab-a daramaten bi emakumeak. Nola sentituko dira pauso bat bera ere eman ezin dutenean jendearen begirada zuzena sumatu gabe? Galdetzen diot behin eta berriz neure buruari…
Haiengana hurbiltzen naiz zertxobait lotsatuta beraien istorioa entzun eta nire ezjakintasunetik ulertzeko helburuarekin. Atseginak oso, errespetuz inguratu naizenez eskuzabal onartzen dute nire proposamena: egun oso bat igarotzea beraiekin La Habanan.
Hurrengo eguneko goizeko bederatzietan elkartzen gara berritzen ari diren kapitolio famatuaren ondoko taberna txiki batean. Urduri sentitzen naiz ez dakidalako nola jokatu eta nondik nora joango den gure elkarrizketa. Ni horrela ikusita, nabaria omen da ez nagoela eroso, beraiek hasten dira hizketan barreari eutsi ezinik.
«Fatima eta Aminah dira gure izenak, kubatarrak eta musulmanak gara, gure erabakia izan da niqab-a janztea, askok pentsatuko dutenaren kontra ez gaituzte gure senarrek behartu. Beraiek diote Kuban bizi garenez hobe genukeela beloa jantzi eta honela egunero jasan behar izaten ditugun oztopoak ahaztu. Guk ordea ez dugu nahi, Koranak dio emakumeok guztiz estalita joan behar dugula beraz haren esana jarraitu besterik ez dugu egiten. Bakarrak gara irlan erabiltzen dugunak, agian arazo gehiegi ematen dituelako eta gainontzeko emakume musulmanek ez dute adorerik honelako egoera bati aurre egiteko. Jendetza daukagu egunero argazki kamera eskuetan inongo lotsarik gabe jarraika, bankura diru bila joaten garenean aurpegia erakusteko eskatzen digute, medikuarengana joanez gero emakumea behar du izan sendagilea… Mila dira jasan behar izaten ditugun irainak baina aurrera jarraituko dugu gure sinesmenarekin. Orain dela urte batzuk hartu genuen musulman bilakatzeko erabakia aurretik kristauak ginen, irlako gainontzeko biztanle gehiengoaren antzera. Kristautasunak ordea ez zigun guztiz betetzen, ez zen gure aukera izan, gure gurasoena baizik. Gaur Islama ezagutu ondoren erabat zoriontsu gara. Badakigu zuentzat ez dela erraza ulertzeko ez duzuelako ondo ezagutzen. Ez da egia erlijio honek emakumeak zigortzen dituela, gure senarrek printzesak bagina bezala zaintzen gaituzte, hauxe da beraien betebeharra gurekiko. Askatasun guztia daukagu, lana egiteko, ikasteko, senarra utzi eta beste batekin ezkontzeko…
Ura, nahiko zenuke gurekin hilabete bat igaro gure etxeetan hobeto ulertzeko? Hementxe duzu gonbita…».
Eta nik baiezkoa erantzuten diet.