Hantxe erdi-erdian, Shopal nire lagun berria eta ni, zer egin edo zer esan jakin gabe, haien antzera, isilik, mutu.
Bizpahiru egun lehenago ezagutu nuen Shopal, Battanbang izeneko hiriko merkatu nagusian. Jendetzaren artean zegoen bera, lasai, motoa alde batera espaloian utzi eta zigarroa erretzen. Ni gerturatu nintzaion su eske. Aitzakia bat besterik ez zen izan, bakarrik sentitu eta hitz egiteko beharra nuelako. Harriduraz begiratu ninduen lehendabizi, baina bost minutu besterik ez zituen behar izan nirekin berbetan hasteko. Kontu kontari aritu ginen bere bizitzaz eta nire bidaiaz denbora luzez. Gizon ausarta bera, Kanbodiako gerrate garai krudela bizi izandakoa, Jemer Gorrien garaia Pol Pot gidari zutela hala moduz bizitakoa. Orduak igaro ahala, bere istorio pertsonalak kontatzen zioan heinean ohartu nintzen bazituela hiri txiki hark mila altxor iristen ginen turista gutxientzat ezezagun zirenak. Jakin-minez beterik eta era berean Shopal eta bere bizimoduaz ahalik eta gehien ikasteko intentzioarekin, nik neuk proposatu nion ea egun oso batez nire gidari izan zitekeen. Irribarrez, baietz erantzun zidan.
Hurrengo eguneko goizeko zortzietan nire zain ikusi nuen Shopal aurreko egunean ezagutu ginen leku berberean. «Basora goaz» esan zidan. «Zertara?» galdetu nion. «Ez dizut esango, bertan ikusiko duzu». Bidaia luzea eta astuna baina era berean interesgarria, ni iritsi baino egun pare bat lehenago uholdeak jasan zituzten, nahiz eta hirian asko ez nabarmendu inguruetan ikusgarria zen kaleen egoera. Lokaztuak, putzuz josiak, bertakoek arropa garbiketa egiten ziharduten kanpoaldean. Ordubete igaro zen jada hiriko erdigunetik abiatu ginenetik, orduan gizonak baso erdian geundela motorra itzali eta ahots baxuaz, norbaitek entzuteko beldurra izango balu bezala esan zidan: «Iritsi gara».
«Zer da hau? Zertan ari dira gizon hauek baso erdian ezkutuan?» xuxurlatu nion baxu belarrira isilunea aztoratu ez zedin… «Gerturatu zaitez lasai eta begiratu potetxoetara…». Bertan, uretan, bi arrain txiki, bata beltza eta bestea gorri kolorekoa. «Hau da Kanbodian legez kanpo dagoen arrain borroka ospetsua».
Nire izu aurpegia uste baino nabarmenagoa omen zen nonbait eta segituan gonbidatu ninduten beraiekin esertzera. Emazteak etxean utzi eta astean behin elkartzen omen dira gizonez osaturiko taldeak basoan apustu egiteko asmoz arrain borroketan. «Atzera egiten duen lehen arraina da galtzailea, borrokan orduak igaro ditzakete», esan zidan taldearen buruzagia zirudienak. Eroso sentitu nintzen denbora bat igaro ondoren eta nik ere apustu egin nuen, arrain gorriarengatik, ordubete beranduago justu galtzaile suertatu zen. «Eraman ezazu etxera opari bezala! Nahiz eta gaur galtzaile izan arrain ona da!»… esaten zidaten irribarrez. «Ez da bizirik iritsiko» erantzun nien barreari eutsi ezinik nengoela.
Ahaztezin bihurtu zen egun luze hartan ilunabarrean iritsi ginen Shopal eta ni Battambang-eko merkatuko plazara.
«Badira mila altxor Kanbodian tenpluak eta gune turistikoak alde batera utzita guretzat, atzerritarrentzat, ezezagun direnak, mila esker horietako bat erakusteagatik Shopal».