Silviak eskuetan dakar kandelatxo bat eta parez pare eseritzen gara bata besteari begira, sukaldeko mahai zaharkitua inguratzen duten gorri koloredun aulki deserosoetan.
«Zer iritzi duzu erreboluzioari buruz Silvia?» Aurpegia aldatu zaio galdera entzutean, hunkitu egin da, malko bat jauzi zaio aurpegian zehar. 80 urte dituenez, amonak, Kubako historian hain garrantzitsu izan diren zenbait gertaera bizitzeko aukera izan du. Kandelaren argipean, isilune labur eta lehor baten ondoren, arnasa sakon hartu eta zigarroa piztu du geratzen zaion poxpolo bakarrenetariko batekin. «Batista Kubako presidente izan zeneko garaian, nik, soldadu amerikarren arropak garbitzen egiten nuen lan. Ez ninduten ondo tratatzen, ez nintzen beraiekin eroso sentitzen. La Habanara iristen ziren mozkortzera, emagaldu bila, ez ziguten inongo zentzutan onik egin, ez zuten herriarekiko inongo errespeturik erakusten. Garai hartan yankee-ek, Kuba putetxe bezala erabiltzen zuten soilik».
Zigarroa lurrera erori eta bapatean Silviak begiak itxi ditu. Loak hartu du. Goizeko 06:00etan esnatzen da egunero, bere gelako egurrezko lehio txiki, zahar eta zikinetik lehenengo argi izpiak sartzen direnean. Kafea besterik ez du gosaltzen eta eguzkiaz babesteko aterkia eskuartean duela kaleko denda xumera abiatzen da erosketak egiteko asmoz, pauso motelean.
«Silvia?» xuxurlatzen diot belarrira… begiak astiro ireki eta hitz egiten jarraitzen du, ezer gertatu ez balitz bezala. «Erreboluzioa askatasun sinonimo izan zen niretzat, hark eman zigun niri eta hainbat eta hainbat kubatarrei bizi berri bat hasteko aukera. Atzo balitz bezala gogoratzen dut Fidel, garaile, La Habanara iritsi zeneko eguna. Milaka herritar irten ginen kaleetara Askatasunaren Karabana agurtzera. Gaur egun, erreboluzioari esker, nire seme eta bilobek ikasketak dohain burutzeko aukera izan dute, gaixo sentituz gero ez daukat zertan arduratu beharrik, medikuntza arloan, mundu mailan, kubatarrak onenetarikoak garela esango nuke, zerbitzuak ezin hobeak dira xoxik ordaindu gabe. Etxe bat ere lortu nuen, luxurik gabe nire beharrak asetzen zituena. Bai ni eta baita nire familia ere, duintasunez bizi gara orain. Ura, garagardo bat nahi duzu?»
Bucanero garagardoa, irlan ospetsuena. Hozkailua beterik du Silviak, ez daitezela etxean garagardoak eta zigarroak sekula falta. Honela sukaldatzen du amonak egunero, zigarroa ahoan eta bucanero hotz bat eskuartean duela. Bere oilasko errezeta famatua egin da auzoan, txalo zaparrada ederra jaso zuen azkenekoz prestatu zuenean.
«Ez, eskerrik asko Silvia». Ohera joateko gogoa sumatu diot amonari, egun luzea izan da, beroa izugarria, pot eginda dago. Azken galdera… esaten diot nire buruari…» Silvia, zer gertatuko da Fidel hiltzen denean?» «Ezer ez, sinistuta nago Kubak berdin jarraituko duela bera gabe. Konfiantza osoa dut nire herriarengan».
Kandelaren argia gidari, oherantz abiatzen gara bata bestearen atzetik, mantso, tentuz, bidean ostropoz egin gabe.
«Radio reloj: Tres de la mañana en La Habana»
( Silvia Zumeta-ri eskeinia )