Klik egin nuen

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2016ko aza. 6a, 09:58

Konturatu orduko klik egin nuen, jadanik ez zegoen atzera pauso bat bera ere emateko aukerarik. Atzo balitz bezala oroitzen naiz egun hartaz, nire lehenengo bidaia bakarrik izango zenaren hegaldiaren txartela erosi nuenekoa alegia.

Askotan izan dugu burutazioa… motxila hartu eta banoa! Baina bidaiatu nahi dugunean, sarritan, besteek egingo dutenaren zain gelditzen gara. Errazagoa da horrela, ametsak, giltzapean dugun kaxoian murgildu eta listo. Ez nuen bide erraza aukeratu nahi ordea, nituen beldur guztiei aurre egiteko ausardia nuen ala ez frogatu nahi nion neure buruari.

Nora zoaz bakarrik? Erotu egin al zara? Oso arriskutsua da! Nola bada emakume bat bakarrik! Behin eta berriz datozkit galdera horiek burura, ezin kendu burutik oraindik urduritasunez izerdi patsetan motxila prestatzen ari nintzeneko unea. Banindoan abentura berri baten bila, zein izango ote zen neure patua Erdialdeko Amerika herrialde hartan? Nork zekien…

Jadanik klik egin nuen. Hura izango zen nire bidaiarik zail eta politena. Bakarrik bidaiatzen neure bertute, akats eta ikarekin egingo nuen topo aurrez aurre. Ariketa paregabea… neure burua hobeto ezagutzeko aukera emango zidana eta aldi berean bizipenak era sakonago batean sentitzekoa.

Hegazkina lurreratu bezain pronto, nire inguruan korrika eta presaka, alde batera eta bestera zebilen jendetzak ohartarazi ninduen egoera ez zela nik neure baitan irudikatu nuen bezain ikaragarria, alderantziz esango nuke, gorputz osoan zehar zirrara bat sentitu nuen, gogoko nuen. Hilabete oso bat nuen aurretik ahalik eta gehien gozatzeko…

Hasiera batean nekez irteten ziren hitzak neure ahotik… Zer pentsatuko ote dute gainontzekoek? Niri begira ote daude? Eta daramadan guztia lapurtuko balidate? Edo okerrago oraindik bahituko banindute? Azken finean Erdialdeko Amerikan nago, osoooo arriskutsua da, txoritxo batek baino gehiagok jakinarazi dit. Deskonfiantza, besteenganako eta neure buruarekiko besterik ez.

Orain jakin badakit, lehen aipatu ditudan beldur sentimendu guztiak aspaldi gainditu ditudala, neure buruari zentzurik gabe ezarri nizkion oztopoak besterik ez zirela izan, eta bidaiatzen hastea izan zela neure bizitzan hartu ditudan erabaki guztietatik onena ez bada, onenetarikoa.

Nahiz eta bakarrik egon sekula ez nintzen bakarrik sentitu. Aske sentitu nintzen, aurretik astindu gabeko hegalak parez pare ireki eta aireratu izan banitu bezala. Izan ere abantailak besterik ez nizkion ikusi bidaiari, ni nintzen une oro neure erabakien jabe, presiorik gabe, ingurukoek zer zioten aintzakotzat hartu gabe. Jende ugari ezagutu ahal izan nuen, bidaiari bakartiak, haietatik asko emakumeak, nire antzera motxila sorbaldan hartuta bitan pentsatu gabe hegalak astindu eta bidaiari ekin ziotenak. Emakume ausartak, kuriositate handia zutenak, independenteak, beldur barik erabakiak hartzen zituztenak. Haietako asko ditut gogoan, beraien bizipenak erreferentzia gisa hartu ohi ditut, zentzu askotan miretsi egiten ditudalako.

Sei urte eta bi hilabete igaro dira lehenengo aldiz klik egin nuenetik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!