elkarrizketa

«Burua izan da nire aurkaririk gogorrena»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia

Laugarren urtea du Manex Civicok Leongo Errendimendu Handiko Zentroan. Bere aurkari zuzenetako birekin batera egoteak asko lagundu diola eta motibazioa handitu diola esan du. 

Nazioarteko lehen urratsak Jerusalemen egin zituen, 18 urtez azpikoen Europako Txapelketan, eta harrezkero ez du etenik izan tolosarraren progresioak. Manex Civico (Tolosa, 2005) euskal atletismoan etorkizun handienekoa da egun, eta maila nagusian lehiatzeko prest dagoela erakutsi du. Lorpen handi bat du horren erakusgarri: 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa irabazi du 3.000 metro oztopoetako distantzian. Horrez gain, diziplina horretako Gipuzkoako errekor absolutua ere bereganatu du. Ez du ahaleginean gelditzeko asmorik. Laugarren urtea hastera doa Leonen (Gaztela eta Leon, Espainia), Jose Enrique Villacortaren gidaritzapean.

Nondik sortu zen Leonera joateko aukera?

Josu Gomez entrenatzailearen eskutik etorri zen ideia. Nire entrenatzailea izan zen urtebetez, baina, hura amaitzean, kanpora joatea erabaki zuen. Hainbat lekutan ibili da geroztik. Oso harreman ona daukat berarekin, eta beti esaten zidan urte batzuetara nik ere kanpora joan beharko nukeela; atleta baten berezko bidea hori izan behar dela. 2022ko Jerusalemgo Europako Txapelketa jokatu eta gero, kanpora joateko aukerak begiratzen hasi nintzen. Leonen talde bikaina zegoela banekien, eta beka batzuk bazirela aipatu zidan Gomezek. Zortez, haietako bat lortu nuen. Geroztik, hiru urte igaro dira.

Nolakoak izan ziren Leongo lehen hilabeteak, kirolaz harago?

Lehen eta bigarren urtea nahiko gogorrak izan ziren. Orduan, beste korrikalari batekin bakarrik nengoen, eta hura bere egoitzan egoten zen. Ni, orduan, goi-mailako ziklo bat egiten ari nintzen, eta azterketen aurreko azken astean ikasten nuen gehienbat. Arratsaldean entrenatzera joan, eta 18:30erako berriro ere libre egoten nintzen. Oso luzeak egiten zitzaizkidan ondorengo orduak. Iaz, jada, plan gehiago egiten hasi nintzen gurera etorri ziren atleta berriekin.

Nolakoa da zure egun arrunt bat Leonen?

Asko aldatu da nire egunerokotasuna azken hiru urte hauetan. Lehen urtean ikasketek zuten lehentasuna gehienbat. Orain, aldiz, nahiz eta ikasketekin jarraitzen dudan, ordutegi murriztua daukat. Goizean, zortzietatik hamaiketara, marketineko goi-mailako ikasketak egiten ditut. Hura amaitzean, eguneko lehen entrenamendura joaten naiz. Ondoren, bazkaldu eta siesta txiki bat egin ostean, berriro ere entrenatzera joaten naiz. Hura amaitzean, afaldu eta oherako bidea hartzen dut.

Jose Enrique Villacorta entrenatzaile ezagunaren taldean aritzen zara. Nolakoa da berarekin duzun harremana?

Gero eta hobea. Bertan dugun egoera ez da batere inposatua; gauzak nola egin behar diren erakusten saiatzen da une oro. Niri asko kostatu zitzaidan lehen urtean. Tolosan entrenatzeko konstantzia bat nuen, baina egunen batean nagikeria pixka batekin banengoen, bizikletan aritzen nintzen ordu-erdiz eta etxera joaten nintzen. Orain ezin dut horrelakorik egin. Hanka-sartze txikienarekin beka gal dezaket. Urtero berritzen dira bekak, eta gero eta jende gehiago ari da eskatzen. Ezin dut txorakeriak egiten ibili. Iaz nirekin Bergenen (Norvegia) izan ziren nire bi taldekiderik gogorrenak Leonera etorri dira aurten. Lasai ibili behar dut, baina ezin naiz utzikerian erori. Asko dut eskertzeko Villacortari.

Aipatu bezala, Espainian dituzun aurkari zuzenetako bik Leonera joatea erabaki dute aurten. Nolako eragina izan du horrek zuregan?

Oso positiboa, egia esan. Lau gara maila bertsuan ibiltzen garen atletak. Oso talde giro ona daukagu; egia da haiek direla nire lehen aurkariak, baina asko pozten gara besteen emaitzekin. Muturreko egoeran lehiatzen gara denak geure artean, eta argi daukat haiei irabaztera joango naizela. Halere, haiekin lehiatzeak hobea egiten nau; asko lagundu dit nire hobekuntzan. Motibazioa areagotu zait haiek etorri direnez geroztik. Badakit haien ondoan ibiliz gero, ni ere hobetuz joango naizela.

Aurten Espainiako txapeldun izan zara hogeita hiru urtez azpiko mailan 3.000 metro oztopoetako distantzian. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Aurreko astean nahiko lasai ibili nintzen. Sasoian nengoen, eta banekien aurrean ibil nintekeela. Nire bi aurkaririk gogorrenak ez ziren lasterketan izango; beraz, nire esku zegoen garaipenetik gertu ibiltzea. Halere, 2022ko Europako Txapelketako mamuak buruan nerabiltzan, eta zalantzak nituen. Entrenatzaileak hitz bakarra errepikatzen zidan hasi aurretik: kontzentrazioa. Behin lasterketa hasita, ondo nengoela konturatu nintzen. Une oro lehen postuetan joan nintzen, eta gutxika abantaila handituz joan nintzen. Lasterketa taktikoa izan zen. Azken hirurehun metroetan erritmoa bizitu nuen, eta helmugaraino ez nuen aurkaririk izan.

2022ko Jerusalemgo Europako Txapelketako mamuek zenbateko mina egin dizute urte hauetan guztietan?

Oso gogorra izan zen hura. Ondo hasi nintzen final hartan; bigarren marka onenarekin irten nintzen lehiatzera, baina hiru itzuliren faltan dena okertzen hasi zen. Laugarren joatetik hamahirugarren amaitzera eraman ninduen. Beldur eszenikoa sentitu nuen bertan. Inflexio-puntu bat izan zen niretzat. Sasoian nengoen, baina buruak kalte handia egin zidan. Burua izan da nire aurkaririk gogorrena. Bi edo hiru urte behar izan nituen egoerari buelta emateko. Buruak uste duguna baino lan handiagoa egiten du. Orain, beste egoera batean nago; psikologoarekin lan handia egin dut geroztik.

Etxetik datorkizu korrikarako zaletasuna, eta atzekoak ere maila bikaina erakusten ari dira. Nola ikusten dituzu?

Ondo, korrika asko egingo dute Ekhi eta Urko anaiek. Ekhi dagoeneko maila altuan ari da lehiatzen, eta aurten erakutsiko du zertarako gai den.

Aurtengo San Silvestrean aurka arituko zarete Tolosan?

Ekhik dena ematea gustatuko litzaidake. Iaz ere aipatu nion topera ateratzeko, baina ezezkoa esan zidan. Elgoibarko krosa gertu zuela eta ezin zuela dena ematera irten aitortu zidan. Aurten ezer gorde gabe aritzea espero dut. Agian, oraindik ere distantzia luzea da berarentzat, baina bi urteren buruan lehen postuetan ikusiko dugu, ziur.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!