Urteroko ohitura bihurtu du Sarah Ugarte (Donostia, 1986) mendi korrikalariak erronka berrietan murgiltzea. Eta aurtengoan ere ez du hutsik egin. 32 ordutan kateatu ditu Gipuzkoako zazpi eskualdeetako tontorrik esanguratsuenak: Txindoki, Aizkorri, Udalaitz, Urko, Erlo, Jaizkibel eta Adarra. Oinez eta korrika bakarrik ez, gailurren arteko loturak bizikleta gainean egin ditu, beste 260 kilometro osatuz. Tolosan bizi den donostiarra gustura geratu da aurtengo ahaleginarekin.
Nola sortu zen Gipuzkoako zazpi eskualdeak eta bakoitzeko gailurrak erronka bakar batean lotzeko ideia?
Iazko abenduan otu zitzaigun. Ainara Balerdi lagunarekin asteburu pasa Pirinioetara nindoala, aipatu nion pizgarri bat behar nuela aurtengorako. Ez nengoen nire sasoirik onenean. Unean bertan aipatu zidan Gipuzkoako eskualdeetan zerbait egiteko aukera. Zenbat eskualde zeuden ere ez nekien! Esan nion bertako zazpi mendirik esanguratsuenak igo nitzakeela, eta haien arteko bidea bizikletaz egin. Erotuta nagoela esaten zidan! Asteburu hartan bertan hasi ginen ideiari forma ematen.
Aurreko lau urteetan ere osatu dituzu ultra distantziako erronka ikaragarriak. Zerk egiten du berezi `Zazpi eskualde, zazpi tontor` proiektu hau gainerakoen aldean?
Etxe inguruan izan dela. Iaz, Pirinioetan osatu nuen erronka, eta ez genuen oso esperientzia ona izan. Erronkan zehar, Larrako (Nafarroa) portuan, izugarrizko ekaitza izan genuen, eta uneren batean beldurra ere pasatu genuen. Ingurukoak ikaratuta ikusi nituen; Linzako aterpetxean (Huesca, Aragoi) jendea zain genuen, baina ez geneukan estaldurarik. Prestaketak egiteko ere askoz errazagoa da etxe inguruan.
Logistikari dagokionez, nola diseinatu zenuen ibilbidea Tolosan hasi eta amaitzeko?
Aizkorriko igoera lehenbailehen kendu nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen noranzko horretan egitea. Oso gogorra eta luzea da. 20 kilometro dira guztira, eta giharrek nabaritzen dute gogortasun hori.
Nola uztartu dituzu entrenamenduetan bizikleta gaineko lana eta oinezko lasterketaren exijentzia?
Urte osoa eman dut erronkarako prestatzen. Trantsizioak entrenatzen ere maiz ibili nintzen uda aurretik. Esaterako, Tolosatik bizikletan irten, Arrasatera gerturatu, bertan oinetakoak jantzi, Udalaitz igo, eta berriro ere etxera itzultzen nintzen. Lehen asmoa uztailean egitea zen, baina animo aldetik ez nengoen oso ondo, eta atzeratzea erabaki genuen. Abuztuan, txipa aldatu nuen eta ez nuen trantsiziorik entrenatu. Bizikletan bakarrik ibili nintzen.
Trantsizioak aipatuta. Hori izan al da erronkako gauzarik gogorrena?
Bai, zalantzarik gabe. Giharrentzat gogorra da, baina psikologikoki ere oso gogorra egin zait aldiro aldatzen ibili behar izatea. Denera 14 trantsizio izan dira, baina ezinbestekoa zen erronka honetan.
Elikadura eta hidratazioa funtsezkoak dira hainbeste orduko ahalegin batean. Zer estrategia erabili zenuen indarrik gabe ez geratzeko edo txakalaldirik ez izateko?
Garazi Abasolo laguna izan dut ondoan dena prestatzen. Elikadurarena da niretzat zatirik txarrena. Une oro jan egin behar da, eta niri askotan urdaila itxi egiten zait. Asko jan behar izan dut eta, esaterako, hiru edo lau gel besterik ez nituen hartu. Kafea ere ezin nuen hartu goizeko hirurak arte. Azkenean, goizeko bostetan hartu nuen lehen kafea. Bizitasun pixka bat behar nuen! Zortez, ez nuen txakalaldi handirik izan.
Kronometroa martxan jarri zenuenean, dena aurreikusitako denboretan atera al zen ala ustekabekoren bat kudeatu behar izan zenuen?
Bai, ez nintzen asko okertu. Hitzordu batzuk banituen; esaterako, Erlon 07:30ean izatea edo 13:15ean Jaizkibelen. Biak bete genituen. Pentsatu bezala egin genuen ibilbide osoa, eta helmugara ere ordu-erdiko aurrerapenarekin iritsi ginen. Dena bikain atera zen.
Bizikletan 4.500 metroko desnibela pilatu zenuen, eta oinez beste 4.200 metrokoa. Fisikoki zein izan zen ibilbide osoko unerik gogorrena eta kritikoena?
Oiartzundik Perurena gainera dagoen eremuan izan nuen txakalaldi moduko bat. Zestoatik jada oso erritmo bizian gentozen, eta tartean Jaizkibel igo genuen. Handik jaistean. Inguruan nituenak erritmoari eusten joan ziren, eta nik ordurako nekea pilatuta neraman.
Alderantziz, zein gailur edo eremutan sentitu zinen indartsuen?
Jaizkibelen eta Udalaitzen. Jaizkibel gaina leku izugarria iruditu zitzaidan. Entrenatzen, portuaren amaieran bukatzen nuen beti, eta, oraingoan, gailurraren oinarriraino iristea erabaki genuen. Erloko egunsentia ere izugarria izan zen! Gaua zen alderik kritikoena, eta hori amaitutzat ematea sentsazio ederra izan zen.
Askotan esan al zenion zeure buruari «nahikoa da»?
Behin ere ez! Iaz bi edo hiru aldiz gaizki pasatu nuen, eta ez nintzela iritsiko pentsatzen egon nintzen; aurten, ordea, ez dut horrelako sentsaziorik izan. Iaz ez ginen gelditu ere egin, jan ere bidean egin nuen. Aurtengoan asko aldatu da alde hori.
Jende asko izan zenuen ondoan erronka guztian zehar. Esperotako zerbait al zen?
Ez nuen hainbeste jende espero, inolaz ere. Gainera, espero ez nuen jende asko bertaratu zen. Irteeran, esaterako, Nagore Arizaga bakarrik espero nuen. Nire sorpresarako, Maite Urteaga txirrindulariak berak ere bezperan idatzi zidan joango zela esanez; lankide bat ere joan zen, beste bi emakume txirrindulari ere bai, baita Aitor Elduaien ere…
Jaizkibelen asko hunkitu omen zinen. Zergatik?
Masha Sistiaga lagunak esaten zidan harrituta zegoela hainbeste pertsona biltzeko gai izan nintzelako, merezi nuela, eta bera behintzat hunkituta zegoela. Besabin ere antzeko sentsazioa izan nuen. Bertan, berriro ere Laiane Arrospide eta Yashira Navas ikustea oso pozgarria izan zen.
Nola erantzun du gorputzak ondorengo egunetan?
Larunbat gauean bikain egin nuen lo. Orain ez dut inongo minik edo oinazerik. Giharrak uste baino hobeto ditut, eta berriro ere korrika egiteko edo bizikletan ibiltzeko ez dut arazorik.
Urtero urrats bat harago zoazela jakinda, baduzu proiektu berririk buruan ala orain denbora luzez atseden hartzea tokatzen da?
Ondoan izan ditudanek asko gozatu dutela ikusteak poz handia ematen dit. Gaur-gaurkoz ez daukat ezer pentsatuta, baina ziur nago denbora bat pasatu ondoren ideia edo erronka berriak etorriko zaizkidala burura.