Kantauri itsasoko uretan denboraldi historikoak osatu eta errekorrak hautsi dituzten bi arraunlari bikain eseri ditugu mahai berean: Ane Sanchez (Anoeta, 1998) eta Adur Tapia (Asteasu, 2004). Lehena Donostia Arraun Lagunak taldearekin dena irabaztetik dator, bost Euskotren Liga eta beste hainbeste Kontxa lortu dituen urrezko belaunaldian parte hartuta. Tapia gazteak ere, Orioko traineruan lekua egiteaz gain, oso adin goiztiarrean Eusko Label Ligako estropadarik garrantzitsuenetan garaipenak lortzeko gai dela erakutsi du; lesioak gainditu ditu, eta San Nikolas ontziaren barruan gaztetasuna eta anbizioa ezin hobeto uztartu. Denboraldiko erronkez, uretan bizitako unerik gogorrenez, markatutako errekorrez eta euren arraunkaden atzean dagoen sakrifizio guztiaz mintzatu dira.
Jende askok galdetzen dizue nola den posible Anoeta eta Asteasu bezalako herrietatik arraunlariak sortzea?
Tapia: Jende askok, gehiegik. Beti kontatzen diet Tolosan hasi nintzela. Asteasutik ez dago urrun Tolosa, eta bertako askok bizi gehiena Tolosaldean egiten dute. Bertan egin nituen urte batzuk, Oriora jauzi egin nuen arte.
Sanchez: Guri Tolosa gertuago gelditzen zaigu. Jolas moduan hasten zara, eta konturatu gabe hamalau urte joan zaizkit honetan.
2018an, TAK Tolosaldeko Arraun Klubean elkarrekin aritu zineten. Gogoratzen al zineten?
Tapia: Bai. Gogoan dut Ane infantilen entrenatzailea zela neskekin. Nik, aldiz, arraun egiten nuen mutilekin.
Sanchez: Bateletan topo egin genuen, bai. Gu entrenatzailearen laguntzaile moduan aritzen ginen, eta mutilekin ere aritu nintzen. Entrenatzaileak beste batzuk ziren, eta entrenamenduak jada jarrita izaten zituzten. Gu ontziak eta arraunak kontrolatzera joaten ginen.
Denboraldi aparta osatu duzue biek. Nola definituko zenukete?
Tapia: Niretzat, polita bezain gogorra izan dela esango nuke. Iaz denboraldi hasieran lesionatu egin nintzen, eta ondoren azkar pasatu zitzaidan denboraldia bera. Aurtengo uda pixka bat luzeagoa egin zait, baina irabazten zoazenean beti ondo joaten da dena.
Sanchez: Emaitzen aldetik, denboraldi ezin hobea izan da. Arlo pertsonalean, aldiz, orain arteko urterik luzeena egin zait. Gauza asko neuzkan aldi berean: lana, ikasketak, arrauna, etxea, amaren dolua… Dena gainera etorri zait une askotan. Momentu batzuetan gauza gehiegi pilatu zaizkit. Batzuetan, irabazteak ez du konpentsatzen bizitako guztia. Gozatu dut denboraldian, baina agian, ez arraunak merezi duen bezala. Denboraldi korapilatsua izan da aurtengoa.
Denboraldi hasierako helburu guztiak bete dituzue?
Tapia: Gure kasuan, talde gisa bete ditugu helburuak. Lau estropada bakarrik gelditu dira bidean, eta iazko errekorra ere apurtu dugu. Ligaz harago, Kontxa eta txapelketa guztiak irabazi ditugu. Oso gustura amaitu dugu arraunlariok, eta baita entrenatzaileak ere.
Sanchez: Gu ere antzera. Estropada guztiak irabaztea oso zaila da, eta guk hori lortu dugu. Liga eta Kontxa irabaztea ziren helburu nagusiak, eta aurten ere biak irabazteko aukera izan dugu. Ez genuen inondik inora espero denboraldian zehar jokatutako guztia irabaztea.
Denboraldi osoko estropada bat aukeratu beharko bazenute, zein hautatuko zenukete?
Tapia: Kontxako bigarren igandea aukeratuko dut. Lehen igandean Donostiarra gertu izan genuen, eta ez ginen geure mailarik onenean aritu. Nahiko estropada nekagarria izan zen guretzat. Gure arraunkeratik kanpo ibili ginen, erritmoz kanpo. Halere, hura ere irabazteko gai izan ginen, alde polit batekin. Bigarrenean, aldiz, oso estropada ona jokatu genuen. Gure arraunkerarekin fidatu ginen. Igande borobila izan zen.
Sanchez: Santurtziko (Bizkaia) estropadarekin geldituko naiz. Asko gozatu genuen, eta dena ezin hobe atera zitzaigun. Sentimentalki, aldiz, Getariako estropada aukeratuko dut. Nire urtebetetze eguna zen, eta inguruko jende asko gerturatu zen. Oso egun berezia izan zen niretzat.
Jokatutako ia guztia irabazi duzue denboraldi honetan. Dena irabazteaz ere nekatzen al da bat?
Tapia: Ni behintzat ez! Kanpotik, agian, erraza ematen du, baina irabazteko ezinbestekoa da kontzentrazioari eustea. Hutsegite txikienarekin jada ez duzu irabazten. Une oro prestatuta egotea eskatzen du, eta hori lan nekeza da.
Sanchez: Aspertu ez, baina ohitu egiten zara. Tentsioari eustea zaila izaten da horrelakoetan. Aurten, iruditzen zait, bai Oriok eta bai Arraunek errazegi irabazi dugula. Denen kalterako dela iruditzen zait. Askotan, gauzak gaizki egin ditugunean ere, irabazten amaitu dugu. Taldea gosearekin mantentzea ez da erraza izaten horrelako kasuetan. Lan handia egitea eskatzen du entrenatzailearen eta haren laguntzaileen partetik. Dena irabaztera ohitzeak utzikeriara eraman dezake arraunlaria. Lehiakortasuna handiagoa denean, estutzea tokatzen da.
Bandera irabazi ondorengo ospakizunek ere eman dute zeresana aurtengo denboraldian, gehienbat Donostian. Orion ez bezala, zuek, Ane, Kontxako Banderaren ospakizuna bakarrik izan duzue denboraldi osoan.
Sanchez: Kostaldeko herrietan oso ohikoa izaten da bandera bat irabaztean taldeari harrera egitea. Guri, aldiz, nahiz eta bandera eta txapelketa guztiak irabazi, urte osoan ez digute bat bera ere egin! Haien asmoa zen Liga irabazteagatik ere harrerarik ez egitea. Kontxako Bandera irabaziko genuenez, hori zuten argudio nagusia. Eta ez bagenu Kontxa irabazi? Zer dakite Kontxa irabaziko dugun ala ez? Talde gisa ez dugu babesik sentitu alderdi horretatik.
Biek estropada asko jokatu dituzue aurtengo denboraldian. Zuk, Ane, esaterako, denak jokatu dituzu. Adurrek, aldiz, batzuk lehorretik ikusi behar izan ditu. Nola kudeatzen dira une horiek?
Tapia: Kanpoan geratzean, zalantzak areagotu egiten dira. Galdezka hasten zara: zergatik egin ote du? Sufritu egiten da horrelakoetan, eta buruari ere bueltak ematen hasten zara. Entrenatzailea ulertzen saiatzen zara, nahiz eta barrutik haserre egon. Horrelakoetan, entrenatzean kanporatzen duzu amorrua, hurrengo astean barruan egoteko. Denboraldian zehar, iazko antzera aritu naiz; alegia, asteburu batean barruan egonez eta hurrengoan atseden hartuz normalean.
Zuk ez duzu horrelako lanik izan, Ane.
Sanchez: Ez, baina lehorrean gelditzen den jendearen kudeaketa oso garrantzitsua da talde batean. Jendea erre egiten bada, arazoak datoz. Denontzat da deserosoa kanpoan geratzea. Talde baten aurrean emozionalki hori dena kudeatzea ez da batere erraza. Ezta entrenatzailearentzat ere! Dena irabazten ari den talde batean dena ongi eramatea ez da erraza izaten.
Tapia: Gure taldean, esaterako, taldea erne mantentzeko, Zabalak askotan egiten ditu horrelako jokaldiak, edo besterik gabe gauza ezberdinak probatzeko. Oso gutxi dira taldean dena jokatzen dutenak. Batzuk badira, eta beharrezkoak dira. Taldea fresko eta gosez mantentzeko ezinbestekoa da aldaketak egitea. Denok nahiko genuke estropada guztiak jokatu, baina gaur-gaurkoz oso zaila da hori.
Iker Zabalak, Orioko entrenatzaileak, elkarrizketa batean aipatu zuen azken urteetan arraunaren kalitatea jaisten ari zela. Zer pentsatzen duzue horri buruz?
Tapia: Hori pentsatzen dute askok. Nahiko berria naiz honetan, eta ez nuen aurrekoen mailaren berri izan. Aurten, esaterako, estropada batzuetan ez dugu geure onena eman, eta halere irabazten amaitu dugu. Zabalak askotan esan digu lehen ez zela horrela izaten. Esaten duenez, lehen talde gehiago izaten ziren estropadak irabazteko lehian.
Sanchez: Arraunean gauza asko ari dira aldatzen, eta gehienak txarrerako izaten ari dira. Ondo dago gure kasuan bezala dena irabaztea, baina horrek ez dio batere onik egiten arraunari.
Bandera bat irabazten duzuenean, nor etortzen zaizue burura lehen une horretan?
Sanchez: Aurten ariketa hori egin dut, alegia, nor etortzen zaidan burura pentsatzea, eta ez nuke jakingo zer esan. Egin dudan guztia niregatik egin dut. Nire esfortzuari esker lortu ditut orain arteko emaitzak. Eskaintzarik handiena nire buruari egiten diot, irauteagatik eta beti hor egoteagatik. Eta, noski, amarekin ere asko gogoratu naiz. Estropada guztietan jarraitzen ninduen. Haren irudia falta zait, eta asko gogoratu naiz berarekin; baina ez estropadetan bakarrik, egunero gogoratzen naiz.
Tapia: Familiarekin, oro har. Dena eskura uzten didate nire lana ondo egiteko. Halere, eskaintza berezia nire bi amonei egiten diet. Oso umetatik bikain zaindu naute, eta oraindik ere horrela jarraitzen dute.
Denboraldia amaituta, hurrengoan pentsatzen jarrita daude jada taldeak. Jarraitzeko asmoa duzue?
Sanchez: Nik zalantza asko ditut. Oso gogorra egin zait denboraldia, eta inoiz baino zalantza gehiago ditut hurrengo denboraldirako. Gauza asko izan ditut buruan aldi berean denboraldi honetan, eta hurrengo urterako ez dut aldaketa handirik aurreikusten. Gero eta zailagoa egiten zait dena uztartzea. Askok esaten didate arraunari gutxiago emateko, baina behin barruan egonda hori ezinezkoa da. Nik behintzat ez dut balio horretarako! Nire buruarekin oso zorrotza naiz. Asko pentsatu beharra daukat hurrengo egunetan. Urte asko daramatzat, eta neke puntu bat ere sumatzen hasia naiz.
Tapia: Nik bai, arraunean jarraitzeko asmoa daukat. Orain atseden hartu nahi dut.
Egun gorabeheratsuak izaten al dira denboraldia amaitu ostekoak?
Tapia: Bai. Halere, denboraldia amaitzerako hurrengo urteetako taldeetan pentsatzen hasita egoten dira zuzendaritzako kideak. Gutxi gora behera nork jarraituko duen edo nork utziko duen jakiten dute, eta horren arabera hasten dira taldeak moldatzen. Gaur-gaurkoz, taldearen bizkarrezurrak jarraitzeko asmoa dauka. Ziur Iker Zabalak ondo beteko dituela datorren denboraldian izango ditugun hutsuneak.
Sanchez: Nik, badaezpada, ez dut askorik galdetu taldean. Banekien galdezka hasiz gero niri etorriko zitzaidala galdera, eta ez zitzaidan askorik interesatzen [barrez]. Taldean jada egin ziguten galdera, eta erantzuna pribatua izan zen. Badakit batzuek ez dutela jarraituko ikasketengatik edo adinagatik. Badirudi bost baja izango ditugula ziur, baina beste asko nire moduan daude.
Oporretan zer egiteko aprobetxatzen duzue?
Sanchez: Urtean zehar egiten ez ditugun gauzak egiteko. Guri, esaterako, askotan galdetzen digute ea zer jan behar dugun denboraldia amaitzean. Arrauna asko aldatu da. Lehen, arraunlariak izozki bat jateko orduan ezkutuan ibiltzen ziren. Orain jada ez! Egun, lagunekin hanburgesa bat jan nahi baduzu, jan egiten duzu. Ez dago lehen zegoen zorroztasunik.
Tapia: Ez pentsa horrela denik, Ane. Denboraldiz kanpo nahi duguna jaten dugu, baina denboraldian zehar nire dietari eusten diot. Noizean behin izozki bat jateagatik ez da ezer pasatzen, baina egunero janez gero… Bakoitzak badaki zer den ona eta zer den txarra bere gorputzarentzat.