elkarrizketa

«Oilo-ipurdiarekin sartu nintzen ikurrinarekin helmugara Txinan»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia

Argazkilaria: Antton Guaresti.

Lehiatu den azken lasterketek zapore gazi-gozoak utzi dizkiote amezketarrari. Hurrengo erronka etxean izango du, datorren astean.

Uda bizia eta aldakorra pasatu du Oier Zubeldiak (Amezketa, 2000). Munduko Kopako elitean buru-belarri dabilela, Txinan zein AEBetan korritzeko aukera izan du denboraldi honetan, eta kirol arloko bizi-esperientzia handiak pilatu ditu bidean. Zegama-Aizkorrin sentsazio bikainak berretsi eta euskal selekzioarekin Txinan bigarren postu bikaina lortu ostean, amezketarrak argi du bere bidea: Munduko Kopako finala eta Gorbeia Suzien lasterketa ditu begiz jota.

Nola joan da uda?

Entrenatzen gehienbat. Bi lasterketa nituen abuztuan, eta proba horiek prestatzen pasatu nuen uda. Aralarren eta Aizkorri aldean ibili naiz. Tarteka tirada batzuk egin ditut, eta gero, abuztu hasieran eta bukaeran, Ameriketako Estatu Batuetara eta Suitzara joan nintzen Munduko Kopako bi probak jokatzera.

Nola antolatu zenuen Munduko Kopa?

Apirilean hasi nintzen Calamorroko (Benalmadena, Andaluzia, Espainia) lasterketarekin. Sei lasterketa jokatu behar nituen, baina lehen lasterketa gaizki atera zitzaidan, eta horrek beste lasterketa guztietan parte hartzera behartzen ninduen. Ondoren, AEBetako lasterketa ere ez zen espero bezala atera; beraz, orain, gelditzen diren lasterketak lehiatu behar ditut. Azken lasterketa finala izango da.

Zerk erakarrita aukeratu zenituen lasterketak?

Aurten ikusi nuen Txinara eta Ameriketara joateko aukera, eta pentsatu nuen, agian, inoiz ez nuela bertara joateko beste aukerarik izango. Lanean ere aukera neukan oporrak hartzeko, eta horixe pentsatu nuen. Abuztuan oporretara joango ez nintzenez, Suitzara joan nintzen lasterketa jokatzera.

Benalmadenako Calamorro lasterketan hasi zenuen Munduko Kopa. Ez zen zure egunik onena izan.

Apiril hasieran izan zen. Bigarren urtea nuen bertan, eta bietan oso gaizki pasatu dut. Iaz, bertan behera utzi nuen lasterketa, eta aurten ere utzi izan banu, hobe. Hemeretzigarren amaitu nuen, arrastaka! Eguraldi aldaketak ez du batere laguntzen. Lasterketa arratsaldean jokatzen da, gainera. Horrek niri behintzat asko izorratzen dit.

Gutxira, Euskal Herriko txapeldun izan zinen.

Oso eguraldi ezberdinarekin jokatu zen. Euria, hotza... Elurrik ez zuen egiten, baina eskularruekin jokatu nuen lasterketa hura. Iazko urteko arantza atera nahi nuen. Irabaztera joan nintzen, eta zorionez dena ondo atera zen. Lehenbizikoz izan naiz txapeldun. Iazko lasterketan ere lehen postuan nindoala galdu egin nintzen. Oso gustura aritu nintzen lasterketa guztian zehar.

Orduan, oraindik CMO Valves taldean zinen. Geroztik gauzak aldatu egin dira.

T2T-Tolosaldeko Bi Tontorren lasterketan parte hartu behar genuen, baina ni ez nintzen han izan. Bertako arduradun Alex Jimenezek gauzak garbi jarri zituen taldean. T2T eta T3T lasterketak edo Espainiako Txapelketa jokatzea nahitaezkotzat jotzen du. Espainiako Txapelketan ezin izan nuen egon, Zegama-Aizkorri baino bi aste lehenago jokatu baitzen. T2T lasterketa igandean jokatzen zen, eta hurrengo egunean Txinarako bidaia egin behar nuen euskal selekzioarekin. Ikusi nuen eguraldi beroa zegoela iragarrita, eta gero lasterketan zehar zerbait pasatuz gero… Txinako konpromiso hori hor neukan, eta ez nuen horrelako aukera bat galdu nahi. Jimenezi ez nintzela aterako esan nionean, taldetik botatzea erabaki zuen. Urte hasieran lau lasterketa jokatu nituen haien kamisetarekin, taldean ere giro aparta geneukan, lan egiten dudan enpresak ere laguntzen dio… Aste txar batzuk pasatu nituen, baina buelta eman diot horri. Korrikalari guztiekin harreman oso ona dut. Orain behintzat Munduko Kopan zentratu nahi dut. Datorren urtean ikusiko dugu.

Zegama etorri zen gero.

Iaz, aurreneko urtea izateko, oso ondo joan zen. Aurten, aldiz, oraindik eta hobeto! Halere, beti gehiago nahi dugu. Lau orduko muga hori hortxe dago, eta aurten gehiago gerturatu naiz. Hurrengo urterako helburua hori izango da. Konfiantza daukat nire buruarengan.

Txinako Munduko Kopako proban bigarren amaitu zenuen ekainean. Nola bizi izan zenuen hura?

Altueran jokatzen den lasterketa bat da hangoa. Hotela bera ere 3.000 metrora zegoen. Lasterketan zehar 4.800 metrora iristen ginen. Klima ezberdina da, baina altuerak ez zidan hainbeste eragin. Altuerako entrenamendu batzuk eginda joan nintzen, eta saunan ere saio batzuk egin nituen. Bertara iristeko, lau hegaldi hartu behar izan genituen. Azkeneko aireportuan, hegazkinetik ateratzen hasi ginen, eta, bat-batean, arnasa falta nuela konturatu nintzen. Ez nintzen bakarra; selekziokideak ere berdintsu sentitzen ziren. Erlojuari begiratu, eta 4.400 metrora geundela konturatu ginen. Bestela, lasterketa goizeko bostetan hasten zen. Lehen unetik Paul Ormaetxea eta biok jarri ginen lasterketa buru. Aldapak hasi bezain laster, bertako hiru korrikalarik hartu zuten burua. Komeriak pasatu genituen haien atzetik! Amaieran, gutxinaka jendea aurreratzen joan nintzen azken igoeran, eta konturatzerako bigarren postuan kokatu nintzen. Izugarria izan zen amaiera! Oilo-ipurdiarekin sartu nintzen helmugara ikurrinarekin. Lasterketa amaieran elkarrizketa batzuk egin eta argazki dexente atera nituen bertakoekin. Berriro ere itzultzeko herrialde bat iruditu zait Txina.

Estatu Batuak ere ezagutu dituzu. Hura beste kontu bat izan zen?

Kirol mailan gauzak ez ziren espero bezala atera. Izterrak blokeatuta sentitu nituen une oro. Karranpen antzeko zerbait sentitzen nuen, eta indarrik gabe nengoen. Jaitsieran gorriak ikusi nituen! Oso gaizki pasatu nuen. Hurrengo eguna ere hala moduzkoa izan nuen. Ez dakit zergatik gertatu zitzaidan, ezin nuen ulertu. Zera pentsatzen nuen aldiro: «Honaino etorri eta hau pasatzea!». Oso lasterketa polita zen, paraje izugarriak zeuden, baina ez zen nire eguna izan. Atsekabetuta amaitu nuen.

Azkena, Suitzan jokatu zenuen abuztu amaieran?

Arrebarekin joan nintzen bertara furgonetan. Han beste sentsazio batzuekin ibili nintzen. Lasterketa moztu zuten arren, gustura amaitu nuen bertan egindako lanarekin. Pena izan zen moztu izana. 3.300 metrora igotzen ginen lasterketan, eta altuera horietan ezin da txorakerietan ibili. Arriskuak saihestu behar dira horrelakoetan, eta erabaki ona hartu zuten antolatzaileek, nahiz eta niri kalte egin zidan. Seigarren amaitu nuen, laugarrenarengandik hamar segundora. Inoiz ezagutu dudan lekurik politena da Zermatteko inguru hura.

Hamar egun barru Gorbeia Suzien lasterketa jokatuko duzu Zeanurin (Bizkaia).

2024ean jokatu nuen lehenbizikoz izugarrizko lokatzarekin. Oso lasterketa ona atera zitzaidan. Munduko Kopan jokatzen nuen lehenbiziko lasterketa izan zen, eta hamabosgarren amaitzea lortu nuen. Aurten badirudi ez dugula hainbesteko lokatzik izango, eta ziurrenik lasterketa azkarragoa izango da. Etxean jokatzea beti da ederra, eta gozatzea gustatuko litzaidake.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!