Gaizka Maizak (Ibarra, 1996) beste denboraldi bat jokatuko du Askatuak Gipuzkoa Basketen, taldearekin kontratua berritu ondoren. Ibarrako antolatzailea oinarrizko pieza izan da taldearen azken sasoian eta taldeak lortutako egonkortasunarekin pozik agertu da.
Iazko udan Donostiara etortzea erabaki zenuen, Orain, denboraldia amaituta zer balorazio egiten duzu?
Egia esan, nahiko ondo joan dela uste dut. Hasieran oso gaizki hasi ginen, eta hori ez da normala gu bezalako talde batentzat, goian jokatzeko diseinatua baitago. Entrenatzaileek ez zuten asmatu taktikarekin hasieran, eta geuk ere ez genituen haien kontzeptu batzuk ondo barneratu. Jokalari estatubatuarrekin ere ez genuen asmatu, eta agian momentu hartan ez genuen gehiagorako ematen. Orain, ACB ligaren martxa hartzen ari gara. Urtero taldeak aldatzen direnez, entrenatzaile zein jokalarientzat zaila da guztia berritzea eta kontzeptu ezberdinak sartzea; horrek guztiak harrapatu gintuen, eta ez ginen gauza izan egoera kudeatzeko.
Sekulako buelta eman zenioten taldeari gero.
Bai, bai; ondoren, hamar-hamaika partida irabazi genituen segidan, eta gerora ez dugu tarte txarrik pasatu berriz ere, partidaren bat galdu dugun arren. Orain, behintzat, normaltasun handiagoarekin gabiltza, erregularrago. Beti esan dut lanerako prestasuna eta eguneroko ahalegina izan direla gure gakoa; kalitate handiko entrenamendu asko egin ditugu. Garaipenak etortzen hasi zirenean, kantxan islatu zen asteko lana.
Garaipen batekin eta sei porrotekin denboraldia hastea ez da inoren gustukoa. Nola kudeatu zenuten tentsio hori?
Ez da egoera erraza, baina bagenekien lanean jarraitu behar genuela eta klubak konfiantza zuela entrenatzaileengan. Zoritxarrez, lehenengo kaleratzea entrenatzailearena izaten da normalean, eta, gertatu ez zenez, bagenekien gauzak bere horretan jarraituko zutela; gu ere gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu ginen. Gainera, horrelako etapa txar bat igaro ondoren, partida bat irabazita gauzak beste modu batera ikusten dira. Fuenlabradan (Madril) lortu genuen garaipen garrantzitsu hura, etxetik kanpo eta saskibaloi oso polita jokatuz. Bost puntu gora amaitu genuen, eta oso garrantzitsua izan zen guretzat; lanean jarraitzeko indar handia eman zigun, eta hortik aurrera gorantz egin dugu.
Zein izan zen indargunerik handiena?
Gauza bakarra esaten ez nuke jakingo, baina, esan bezala, jokalariok harreman oso ona genuen aldagelan, eta lanean jarraitzeko gogo handia zegoen. Entrenatzaileek ere tekla ezberdinak ukitu zituztela suposatzen dut: taldearen konfigurazioa aldatu zen, jokalari berri bat etorri zelako, eta seguru asko taktikan ere egin zituzten aldaketak. Azkenean, aldaketa horiekin aurkitu genuen lehen garaipen hura lortzeko modua, eta lehen garaipen haren atzetik etorri ziren beste hamar-hamaika haiek.
Amaierara nahiko zukututa iritsi zineten?
Bai, nik uste dut fisikoki ez geundela gure momenturik onenean. Jokoz ere haiek gu baino hobeto ari zirela uste dut, eta defentsan ere hasieran ez genuen asko asmatu; haiek, berriz, bete-betean asmatu zuten, eta guztia pilatu zitzaigun. Gai izan ginen lehen partidako hiru laurdenetan lehiatzeko, baita ikusten zen, bai barrutik eta bai kanpotik, sentsazioak ez zirela onenak. Adibidez, garaipenetara iristean argi ikusten zen partidak aurrera ateratzen ari ginela, nahiz eta gure saskibaloirik onena ez jokatu.
Zu, oro har, non ibili zara gusturago?
Gascan! Gainera, Illunben, hasiera hartan, gutxi jokatu nuen; partidaren bat edo beste oso ona izan nuen indibidualki, baina taldeak galdu zuenez, ez zuen gauza handitarako balio izan. Illunben baino askoz hobea da han, egia esan.
Etxetik gertu egon zara urte osoan. Gertutasun horrek ekarri al dizu lasaitasunik?
Bai, egia esan, eskertzen den zerbait da. Lehen ere, nahiz eta kanpoan egon, udan etortzen nintzen, baina bi hilabete etortzetik egunero gertu egotera alde handia dago. Maite dudan jendea gertu izatea sentsazio ederra da. Ni nahiko ibartarra sentitzen naiz zentzu horretan: familiarekin egoteko, lagunekin egoteko, bikotekidearekin egoteko... Eta hemen gertu egonda, askoz hobeto. Aurten, egia esan, oso erosoa izan da guretzat: goizez bakarrik entrenatzen dugu; goizean goiz joaten gara hara, fisioarekin egon, entrenamendua egin, gimnasiotik pasatu... Azkenean, goiz guztia joaten zaigu. Guztia goizean eginda, nik ere nahiago dut; jada bertan egonik, dena batera egiteko aukera ematen baitu, arratsaldeak libre izateko.
Zure ustez, garrantzitsua da bloke horri eustea datorren urteko helburuekin jarraitzeko?
Nire ustez, derrigorrezkoa baino gehiago, gutxieneko bloke bati eutsiz gero, aurre-denboraldiko lanaren zati bat kentzen dugu, eta horrek asko balio du. Esandakoa: liga honetan ez dakit zein izango den batez bestekoa, baina, seguru asko, talde bakoitzak urtero zortzi-hamar jokalari aldatzen ditu. Orduan, hamar jokalari aldatu beharrean sei-zortzi aldatzea, nire ustez, lan gutxiago da klubarentzat zein entrenatzailearentzat, nahiz eta kontzeptu berriak beti egon ikasteko. Egia esan, nik ez dut askotan ikusi horrenbesteko nukleorik; hamabitik sei jokalari asko dira. Eta Gipuzkoa Basketen, azken bolada honetan, asko joaten ari dira, urte askoan jokatzen aritu direnak.
Oporrak datoz. Nola deskonektatzen duzu saskibaloitik oporretan?
Gustatzen zait apur bat deskonektatzea. Lehen, aspaldi, asko jarraitzen nuen telebistan ere, baina aurten gutxiago ikusi dut; azkenean, egunerokoarekin saturatuta amaitzen baitut. Euroligako partida asko ikusten ditut, eta baita gure ligakoak ere, baina ez lehen bezala. Lehen askoz gehiago jarraitzen nuen, eta orain, agian, nahiago dut txakurrarekin paseatzera joan, edota gurasoekin zerbait hartu.
Zer egin behar duzu opor hauetan?
Orain, udan, anaiak lan egiten duen Zumarragako entrenamendu zentro batera joaten naiz astean bizpahiru aldiz entrenatzera. Horrez gain, saskibaloia entrenatzeko Ibarrako kiroldegia ere bertan daukat, edota, beste batzuetan, Azpeitiko kiroldegira joaten naiz bertako lagunekin entrenatzera. Atseden hartzen eta entrenatzen saiatzen naiz, biak apur bat uztartzen. Ezkontzaren bat ere badut uda honetan, eta horietara ere joan beharko dut.