Kirola eta Osasuna, biak ala biak muturrera eramanda bizi izan ditu azkenaldian Iñaki Olano (Altzo, 1994) mendi korrikalariak. Lyme gaitzak gogor kolpatu zuen, korrika egitea bera ere ezinezko bihurtzeraino, baina gaizkitik onera eginda itzuli da sendatuta eta indartuta. Horren adibide, joan den larunbatean bikotekako irabazlea izan zen lehengusuarekin batera UTT Erronkan.
Bigarren urtez izan da Soronea Ammma CMO Valves taldea Espainiako taldekako txapeldun. Zu, aldiz, lehenbizikoz izan zara. Nolako esperientzia izan da?
Bai, joan den urtean talde berdinaren gonbidapena izan nuen eta joatekoa nintzen, baina azken orduan gauzak okertu zitzaizkidan eta ez nuen joaterik izan. Pena handiarekin geratu nintzen, eta argi nuen aurten joango nintzela, bai taldeari zor diogulako, eta pertsonalki ere joan nahi nuelako, eta egia esan oso pozik amaitu dugu.
Mendi lasterketak orokorrean bakarkako erronkak izaten dira, baina horrelakoetan taldean joatea ere polita izaten da.
Bai bai, egia esan oso polita. Ni hasterakoan bakarrik hasi nintzen, eta ondoren selekzioan sartzean talde giroa ezagutzen hasi nintzen. Nire kirol berarekiko afizioa duen jendearekin horrelako momentuak partekatzea zoragarria da. Azkenean nire saltsako jendea da, lasterketak komentatu, nutrizioak… Urte batzuk daramatzagunok jada, baita pasadizoak ere. Aurten, esaterako, Hassan Ait Chaourekin batera, Loatzoko argazki bat ikusten egon ginen, 2016koa oker ez banago. Gazteagoak ginen hor, baina orduan ere Hassan ni baino aurrerago sailkatu zen [barrezka].
Garrantzitsuena da, hamar urte beranduago oraindik ere korrika jarraitzen duzuela.
Bai, egia esan oraindik gustura jarraitzen dugu, ez nuke esango oraindik errendimenduan behera egin dugunik ere, orain zakurkeri gehiagorekin, baina oraindik gustura. Aurrekoan ere gustura geratu nintzen nire emaitzarekin.
Azkenaldian zeure mailan zabiltza, baina bolada txarra pasatakoa zara. Nola gogoratzen duzu 2024ko apirilaren 30 hura?
Bai, tira, ustekabean izan zen, egia esan; nik ordura arte ez nekien zer zen. 2024ko apirilaren bukaeran, Nafarroa Extrem lasterketan lehiatzera joan nintzen. Irabazi egin nuen gainera lasterketa hura, eta handik etorri, beti bezala Zegama hiru-lau astez buru-belarri prestatu, eta Zegama nahiko denbora txukunarekin egin nuen: lau ordu eta 16 minutuan. Baina, bukaeran, sentsazio arraroak izan nituen aurpegian, txingurrituta izango banu bezala. Sentsazio arraroa izan zen, baina ez nuen besterik pentsatu, eta, iritsitakoan, buelta ematea asko kostatu zitzaidan; gorputza txingurrituta nuen. Aste hartan, Zegamatik bi egunera, hanka atzean orban handi bat atera zitzaidan, diana handi bat bezalakoa, eta orduan ohartu nintzen apirilaren 30eko lasterketaren ondoren inguru hartan akain bat kendu nuela, nahiko potoloa. Gainera, ni ez naiz inoiz akain askoko pertsona izan; ohartu nintzen hori kendu nuela eta korrika medikura joan nintzen.
Medikuarengana joan eta berehala hasi zinen tratamenduarekin, beraz. Nolakoa izan zen prozesu hori?
Segituan esan zidan analitika berezi bat egin behar nuela, eta berehala hasi genuen tratamendua. Analitiken emaitzak hamar egunera etortzen zirela esan zidaten, baina berehala moztu behar zela, gero eta egun gehiago igaro, kalte handiagoa egiten baitu. Medikuak ez zidan esan garrantzi handikoa zenik, tratamenduarekin hasteko bakarrik; hurrengo egunean, analitika egiterakoan, lanaren inguruko zerbait aipatu nuen, eta ezetz esan zidan, lanera joaterik ez nuela, eta orduan pentsatu nuen larria zela. Tratamendua oso gogorra zela esan zidan, eta astindu handia emango zidala. Tratamenduarekin hasi nintzenean oso izorratuta egon nintzen: lepo atzean eta bizkarrean min handia nuen, gogortasuna, ezinegona. Nerbio-sisteman eragiten zidan gaitzak; martxan ondo nengoen, baina gelditzean sekulako mina izaten nuen, gorputza zurrunduta, altxa ezinik.
Zenbat egunetako kontua izan zen hori, Iñaki?
Bi hilabete esango nuke; txarrak bi izan ziren. Lanean hasi nintzen ondoren, baina ez nengoen ondo. Txarrak bi izan ziren arren, asko luzatu zitzaidan gero, gorabehera handiak izaten dituelako honek. Sei hilabete inguru egin nituen izorratuta, baita animo aldetik ere; ez nintzen batere ondo sentitzen. Medikuek esaten zidaten tratamenduak moztu zuela hori. Analitikan positibo eman nuen Borrelia gaitzean. Nonbait, basurdeetan ibilitako akainen ondoriozkoa da; beraz, basurdeetan ibili den akain bat barruan denbora luzez izaten baduzu, basurdearen odola sartzen zaizu, eta oso arriskutsua da.
Garai hartan oraindik ez zen Lymeko gaixotasunaz edo akainaren arriskuaz hainbeste hitz egiten, ezta?
Oraindik ez zen asko entzuten, baina hori zen nire kasua. Alegiako medikua oso ondo portatu zen nirekin, segituan ohartu zen. Egunean bertan jarri zidan tratamendua; 12 egunera heldu zen analitika positiboaren emaitza, eta nik ordurako 24 dosi hartuak nituen jada.
Egoera fisikoaz gain, prozesu luze hartan gogorrena zer izan zen?
Gorputzean hobekuntza ikusten nuen, eta, beraz, gero eta gehiago animatzen joan nintzen, baina nik uste dut okerrena lehenengo bi-hiru asteak izan zirela: oso mugatuta nengoen, egun bat ondo eta bestea gaizki nengoen, eta beldurtuta nengoen. Gainera, jendearekin hitz egitean, kasu desberdinak entzun eta beldurrak areagotzen zitzaizkidan. Gerora, jende askori Lymeko gaitzaren aztarnak agertzen ari zaizkio; aspalditik gaizki sentitu eta zergatik ez zekiten askok. Lagun bat oso gaizki ibili da bajan, eta orain esan diote Lymegatik dela, agian duela 25 urteko akain baten ondorioz.
Izan al zenuen beldurrik, korrika jarraitzerik izango zenuen ala ez ikusteko?
Bai, bai, baina momentuan korrika egiteko aukerak ez ninduen kezkatu ere egiten. Nik momentu horretan egunerokotasunerako ondo jarri nahi nuen: umeekin egoteko eta nire bizitza egiteko. Korrika jada ahaztua nuen, baztertzeko esan zidaten. Zorionez, buelta ematea lortu nuen, eta orain ez nuke esango lehen baino okerrago sentitzen naizenik.
Noiz hasi zinen berriz ere bueltan pentsatzen?
Gabonen ondoren esango nuke; ordura arte alde batera utzita nuen, lasterketetan ateratzea behintzat bai, baina Gabonen ondoren hobeto sentitzen hasi nintzen. Zegaman parte hartzea pentsatzen hasi nintzen, inongo presiorik gabe, denborari begiratu gabe. Azkenean, ordea, eguna gerturatzen joan ahala, hobeto sentitzen nintzen; entrenamendu polit batzuk egiten hasi nintzen, eta azkenean nahiko ondo egin nuen, nahiz eta ez zen nire denborarik onena izan.
Lymeko gaitzarekin amaitzen joateko, neurri berezirik hartu al duzu geroztik?
Bai, bai. Orain, menditik buelta egitekotan, ondo errepasatzen dut neure burua, eta ez nik bakarrik, baita nire familiak ere. Halere, orain produktu onak daude hori ekiditeko, eta oso eraginkorrak dira. Garrantzitsuena azkar kentzea da; akaina azkar kenduz gero, ez baitu odola xurgatzeko tarterik izaten. Baina 48 orduz edukiz gero, zure odola xurgatzean puztu egiten da eta berea botatzen du: hori da benetan arriskutsua dena. Beraz, oso garrantzitsua da, topatuz gero, azkar kentzea.