Iazko abenduan erabaki zuen Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) txirrindulari tolosarrak goi-mailako kirola uztea. Futbolean hasi eta bizikletan bide oparoa egin ondoren, emaitza bikainak lortu ditu, gehienbat pistako jardunean: Italiako Giroa lehiatu zuen 2022an, eta 2023an pistan jokatutako Europako Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen. Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko atarian geratu ostean, bizikleta albo batera uztea erabaki zuen, selekzioen kudeaketarekin eta baliabide eskasiekin nekatuta. Lasai hartu du erabakia, bere muga fisikoak eta kirolaren alde gogorrena ezagutu ondoren.
Hainbat urtetan futbolean ibili zinen. Zer eman zizun futbolak ondoren txirrindularitzarako balio izan zizuna?
Futbolean, tokatzen zen kirol bat zelako jokatu nuen. Laskorainen hasi eta Tolosan bukatu nuen. Gaur egungo gure talde horren oinarria ginen. Inertziaz amaitu nuen futbolean. Emakumeen futbolaren errealitate bat ikusi nuen; orduan ez geunden gaur adina neska. Gu izan ginen jarraipena eman genion lehen belaunaldietako batzuk. Taldekidetasun handia eman zidan futbolak; nire urterik onenak izan ziren taldekide haiekin. Lehiakortasuna bagenuen, baina talde-lana izugarria zen. Futbolaz harago, giro bikaina genuen geure artean.
Nolakoa izan zen zure lehen harremana pistako txirrindularitzarekin?
Tolosako taldean hasi nintzen. Lehenik Caja Rural izena hartu zuen, eta ondoren Gipuzkoa bezala jarraitu zuen. Talde horretan pista egiteko ohitura handia zuten. Neguan, astean bi edo hiru saio eginda, astea salbatzeko aukera bat zen hura. Oso praktikoa da. Lehen egunetik pistara eraman ninduten taldekoek.
Noiz pasatu zen txirrindularitza jolas izatetik joko bat izatera?
Oso zorrotz hasi nintzen txirrindularitzan. Oso kirol eskertua zela konturatu nintzen lehen egunetik. Lana eginez gero, emaitzak azkar iritsiko zirela ohartu nintzen. Esandako guztia betetzen nuen, eta hasieratik alde handiak ikusi nituen. Oso motibagarria da hori. Gauza asko nire esku zeudela konturatu nintzen. Futbolean aldagai gehiago zeuden. Halere, egia da txirrindularitzan ere erorketa batek pikutara bota dezakeela egindako lan guztia. Mundu berri bat deskubritu nuen bizikletan.
Nola kudeatzen dira pista eta errepidea?
Nahiko zaila da. Pistako denboraldia ez da negura bakarrik mugatzen, ez da inoiz amaitzen: otsailean munduko txapelketak jokatzen dira, udan ere izaten dira lehiaketak, eta neguan jokatzen dira lasterketa ederrenak. Erotu beharrean amaitzen genuen. Pistan eta errepidean ibiltzen direnak normalean ez dira igotzaileak izaten, indarreko jendea izaten da. Nik biei eusten nien, baina zaila da bietan maila handia izatea. Askok, pista uzten duten unetik, txispa galtzen dute errepiderako.
Bizkaia-Durango taldean aritu zinen errepidean, eta Italiako Giroa lehiatzeko aukera ere izan zenuen 2022an. Zer ikasi zenuen pelotoi profesional horretan?
Talde bat nola hartzen den ikasi nuen! Ez nuen beste helburu zehatzik Giro hartan. Egun batean esprintean sartu nintzela gogoratzen dut, eta hogeita bigarren amaitu nuen. Beste egun batean ihesaldi batean ere sartu nintzen. Azken urteetako Girorik menditsuenetako bat izan zen, eta amaitzea zen helburu nagusia. Pelotoiari jarraitze hutsa garaipen bat zen niretzat. Nire muga fisikoa ikusi nuen han. Amaitu nuenean, «baina zer da hau!» pentsatu nuen. Oraindik ikasteko asko nuela konturatu nintzen.
Non sentitu zara erosoen, pistan ala errepidean?
Pistan, zalantzarik gabe! Maitasun handia diot pistari. Ikaragarri gustatu izan zait bertan lehiatzea; adrenalina asko ematen du. Intentsitate handia dago, eta lehiaketak «familian» bezala jokatzen dira; giro hori nabaria da.
Inoiz ez zenuen errepidearen aldeko apustu hutsik egin nahi izan?
Askok esan didate errepidean ondo aritzeko pista utzi behar nuela. Gaitasuna banuela esaten zidaten, baina alde horretatik, korrontearen aurka joan naiz. Ondo aritzeko pistan ere aritu behar nuela sinisten nuen. Horrelakoa izan naiz.
Hain gaztea izanik, zergatik erabaki zenuen erretiroa hartzea?
Pistako selekzioarekin izandako borrokek eta haiekin genituen baldintza kaxkarrek eraman ninduten erabakia hartzera. Errepidean jarraitzeko ere asko borrokatu nuen talderen batean egoteko. Nire azken urtean apustu bat egin nuen: urtebete ondo egin kontratu profesional bat lortzeko. Azkenean ohartu nintzen ezinezkoa zela, ez nuela lekurik pelotoian. Nirekin lehian eta aurrean ibiltzen ziren asko kontraturik gabe ikusten nituenean, pentsatzen nuen: «Honek ez badauka kontraturik, nik nola izango dut ba?». Bestalde, gaur egungo txirrindularitzan ezinbestekoa da dirua izatea. Pelotoi barruan ezberdintasun ikaragarriak daude oraindik, eta horiei aurre egitea oso zaila da.
2023an Europako Txapelketan zilarra lortu zenuen pistan. Zer pentsatu zenuen helmuga zeharkatzean?
Mundu hartan leku bat nuela! Segitzeko irrika bizia sentitu nuen; oraindik gauzak egin nitzakeela pentsatu nuen. Segurtasuna eman zidan zilar hark.
Hainbat urtez Espainiako txapeldun izan zinen modalitate askotan. Nola mantentzen zenuen gose hura beti faborito zinenean?
Lortzen nuenarekin nahikoa ez zela konturatu nintzenean amaitu zitzaidan gosea. Gauza asko nire esku ez zeudela konturatu nintzen aldi berean. Baliabide ezak lasterketa bat pikutara bota dezake, eta hori ez zegoen nire esku. Espainiako txapelketak garrantzitsuak ziren, baina nik Europakoak nahi nituen. Horretarako, ordea, bizikleta on bat behar da, eta nik ez dut horrelakorik izan. Argi neukan ez nuela jarraituko jarraitzeagatik bakarrik. Azkenerako etsi egin nuen.
Hainbat urtetan lehia bizian ibili eta gero, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako ez zinen sailkatu. Nola kudeatu zenuen egoera hura?
Kanpoan geratu nintzenean, izugarrizko lasaitasuna sentitu nuen. Azken Munduko Txapelketan sailkatze faseak eta finala jokatu behar ziren; izugarrizko presioa da hori. Azken probarako ez nintzen sailkatu ere egin; ez nuen finalik jokatu.
Olinpiar Joko haiek lehiatu bazenitu, oraindik ere lehian jarraituko zenuela iruditzen zaizu?
Baliteke, baina ziurrenik nire osasun mentala ez litzateke ondo egongo. Halere, argi daukat baliabideen aldetik berdin jarraituko genukeela. Gaur egun, Espainiako selekzioan Sebastian Mora dago; munduko txapelduna da, eta oraindik zerbait lortzeko borrokan ibili behar duela aitortzen dit. Horrela zaila da emaitza onak lortzea.
Zein da arazo nagusia?
Espainiako selekzioan sartzen den jendeak dirua bakarrik nahi duela. Kudeaketa txarra dago, faboritismo asko... Diru asko dago, baina gaizki banatzen da. Esaterako, Leire Olaberriak lehiatzen zuenean baino askoz diru gehiago mugitzen da gaur egun. Pentsa, beraz, zer balio duen Olaberriak lortutako guztiak.
Frustrazioa da kirolari baten alderik gogorrena?
Izan daiteke, bai. Nik nire esku zegoen guztia egin dut: zaindu naiz, asko entrenatu dut... Lau urteko lana pikutara joan daiteke bihurgune txar baten ondorioz. Lortutako emaitzek gehiegi baldintzatzen duten kirola da txirrindularitza.
Atzera egiteko aukera bazenu, ibilbide bera egingo zenuke?
Bai! Berriro egingo nuke, eta berdin. Gauza asko aldatuko nituzke, eta erabaki batzuk beste modu batera hartuko nituzke, ziurrenik, baina argi daukat berriro ere pistako txirrindularitza aukeratuko nukeela.