Hainbat urtez uztartu zituen atletismoa eta futbola Tolosan Nerea Muruak (Altzo, 1997), bi mundu horien arteko oreka bilatu nahian. Hamazazpi urte besterik ez zituela, ordea, inflexio puntu bat iritsi zen bere kirol ibilbidean: Oiartzun Futbol Taldearen eskaintza jaso eta onartu egin zuen. Hiru denboraldi emankor egin zituen bertan, eta emakumezkoen futboleko mailarik gorena, Lehen Maila, ezagutzeko aukera izan zuen. Eliteko exijentzia hura probatu ostean, bere sustraietara itzuli zen: atletismora. Egun, errepidean eta lasterketa herrikoietan lehiatzen da, eta maila bikainean gainera.
Zein kirol egiten zenituen korrika hasi aurretik?
Beti esaten dut denetik probatu dudala, ume urdurietakoa nintzela. Altzokoa naiz, eta herri txikietan kalean jolasteko eta denbora pasatzeko ohitura handia dugu; kalea zen gure jolaslekua. Umetan, pilotarekin frontoian edo baloiarekin plazan aritzen ginen etengabe; oro har, denetik probatzen genuen, inolako mugarik gabe. Euskal dantzan ere aritutakoa naiz urte batzuetan, baina futbola eta atletismoa izan dira nire kirol nagusiak, nire bizitzaren ardatz. Urte askotan biak uztartu nituen, nahiz eta batzuetan kosta egiten zen denetara iristea. Tarteka etenak egiten nituen: urtebetean atletismoa utzi eta futbolean zentratzen nintzen, eta hurrengoan alderantziz, bi mundu horien arteko tirabiran.
Futbola aipatuta, nola iritsi zen Oiartzunera joateko aukera?
Niretzat futbola deskonexioa eta jolasa izan da beti, lagunartean gozatzeko modu bat; atletismoa, aldiz, askoz serioago hartzen nuen, bakarkako exijentzia horregatik-edo. Hamazazpi urte nituela, apiril aldera, Oiartzun taldearen deia jaso nuen ezustean. Oiartzun beti izan da erreferentea emakumeen futbolean, Lehen Mailan jokatutako lehen taldeetako bat izan baitzen. Momentu hartan play-offak jokatzen ari ziren, eta bertan aritzeko eta taldean sartzeko aukera eman zidaten. Tren hura pasatzen uzten banuen, bizitza osoan damutuko nintzela sentitu nuen; horrelako aukerak behin bakarrik etortzen dira. Erronkari heldu eta hiru urte egin nituen han: bi urte Lehen Mailan, eta azkena Bigarrenean. Orduan bai, atletismoa alde batera utzi behar izan nuen nahitaez.
Nolakoa zen eliteko futbolaren egunerokoa?
Gogorra egiten zitzaidan, batez ere Tolosa eta Oiartzun arteko joan-etorriengatik. Nik 17 urte besterik ez nituen, eta taldekide askok 30 inguru zituzten; haien bizitzak, ardurak eta lanak oso bestelakoak ziren. Taldearen exijentzia handia zen, eta entrenatzera joatera guztiz behartuta geunden. Saioak iluntzeetan izaten ziren, 19:00etan edo 20:00etan hasita. Pentsa negu gorrian, hotzarekin eta euriarekin! Etxera 22:45 aldera iristen nintzen normalean, nekatuta. Asteazkenetan bakarrik libratzen genuen, eta gainerako egunetan errepidean ibiltzen ginen gora eta behera.
Erabaki zaila izan zen atletismoa uztea futbolean zentratzeko?
Bai, erabaki garrantzitsua izan zen. Hala ere, dei horren aurretik ere bueltaka nenbilen, banekien bietako batean jarri behar nuela arreta benetan hobetu nahi banuen. Ez nintzen nire gogara ari ez batean ez bestean, biak erdibidean nituelako. Gainera, unibertsitatean hastera nindoan eta lehentasunak aldatzen hasi zitzaizkidan. Hasieran atletismoarekin jarraitzeko asmoa nuen, baina Oiartzungoen aukera hura mahai gainean jarri zidatenean, planak goitik behera aldatu nituen.
Zer oroitzapen gordetzen dituzu atletismoko lehen garai haietatik?
Oroitzapen oso onak eta politak ditut. Talde txikian aritzen ginen, oso giro jatorrean, Xabier Arratibel entrenatzailearen gidaritzapean. Ni nintzen gazteenetako bat, eta beti nagusiagoen babesean ibiltzen nintzen; haiengandik ikasi nuen diziplina zer zen, eta haiek ziren nire eredua pistan.
Pistak asko emango zizun orduan...
Pistak eta atletismoak, oro har, bizitzako balio garrantzitsuenak irakatsi dizkidate: diziplina, langile izatea eta konpromisoa. Batzuetan zorrotzegi hartu ditudala uste dut, agian exijentzia handiegia jarri diodala nire buruari, baina egunerokoan ezaugarri horiek izaten jarraitzen dut. Nire izaeraren parte dira, ezin dut bestela ulertu.
Nondik datorkizu zorroztasun hori?
Etxetik ez dut presio zuzenik jaso, ez didate inoiz emaitzarik exijitu. Aita pertsona zorrotza da bere buruarekin, oso langilea izan da beti, eta etxean ikusitakoa ikasi egiten da azkenean. Aitarengandik datorkidala uste dut, berari begira hazi naizelako, baina ez da bere errua, inolaz ere [barrez].
Futbola utzi bezain pronto itzuli zinen pistan entrenatzera?
Bai, futbola utzi eta astebetera jada pistan nintzen. Itzuli nintzen lehen urte hartan ez nintzen lehiatu, lasaitasuna behar nuelako, baina berriro talde baten parte sentitzeak eta ahalegin hori egiteak asko bete ninduen. Itzulera oso polita eta naturala izan zen. Ez naiz
damutzen hartu nuen erabakiaz.
Korrikalaria denak ez dio inoiz korrikalari izateari uzten. Zure kasuan ere hala da?
Bai, erabat. Korrika egitea nire bizitzeko moduaren parte da. Orain, denbora libre pixka bat dudan bakoitzean, pistan entrenatzen edo korrika egiten saiatzen naiz. Gainera, maila jakin bati eutsi nahi diot, sasoian egotea gustatzen zait. Urteekin helburuak aldatu egiten dira, ez dira gaztetakoak bezain handinahiak, baina argi dut korrika egiten jarraituko dudala gorputzak uzten didan bitartean.
Dortsala jartzea beharrezkoa duzu motibazioari eusteko?
Ez, ez naiz horietakoa. Egia esan, ez dut asko lehiatzen urtean zehar. Eguneroko entrenamenduekin eta korrika egite hutsarekin gozatzen dut gehien. Badaude gogorik gabe hasten naizen egunak, nekatuta nagoelako, baina atera behar dudala sentitzen dut, eta azkenean, behin korrika hasten naizenean, askoz hobeto sentitzen naiz. Lasterketetan helburu zehatzik izan ez arren, berdin-berdin gozatzen dut bideaz.
Irabazi zenuen azken lasterketa Orreaga-Zubiri (21,3 km) izan zen. Zer sentitu zenuen?
Iazko urrian izan zen, eta oso oroitzapen ona dut. Lagun batek gomendatu zidan, oso lasterketa polita eta berezia zela esanez. Aurreko urtean Behobia-Donostia egin nuen ahizpari laguntzeko, baina hura ez nuen lehia gisa hartu. Esango nuke Orreagakoa izan dela nire lehen lasterketa luzea eta serioa. Pistan distantzia laburragoetara ohituta nengoen, eta 21 kilometro egitea erronka polita izan zen niretzat.
Ikasketak ere kirolari lotutako bidetik joan dira. Argi zenuen hasieratik?
Bai, beti izan naiz pertsona aktiboa, geldirik egon ezin duena. Ez nuen oso argi Gradua amaitutakoan zer lanbidetan bukatuko nuen, baina Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikastea zen nire aukera bakarra, nire pasioa horixe zelako. Banekien ikasketa horiek ate asko zabalduko zizkidatela kirolaren munduan, eta horretan nabil.
Etorkizunean entrenatzaile gisa ikusten duzu zure burua?
Pasa zait burutik, egia esan, baina oraindik ez dut tarte hori bilatu edo ez dakit horretarako behar den ausardia daukadan. Orain nagoen moduan oso eroso eta gustura nago, nire erritmora. Hala ere, ez dut aukera guztiz baztertzen etorkizunera begira; herrian bertan, gimnasioan, aritzen naiz tarteka lagun batzuei aholkuak ematen eta laguntzen, eta bide hori gustatzen zait.