elkarrizketa

«Apustuetatik oroitzapen onak gordetzen ditut»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko apirilaren 22a

Urte askoan lehiatu zen aizkolari moduan, eta pentatloian ere neurtu zuen bere burua Joseba Otaegik. Gaur egun esatari gisa aritzen da telebistan, herri kirol emanaldietan.

Bizi erdia herri-kiroletan lehiatzen pasa du Joseba Otaegik (Zizurkil, 1983). Aizkoran lortu zituen emaitzarik onenak, eta hainbat apustu ere jokatu zituen. Azken urteetan, pentatloian lehiatzen ere ikusi dugu. Egun, EITBko herri-kiroletako aditu gisara ari da kolaboratzaile moduan. Gozatu egiten du herri-kirolez hitz egiten.

Herri kirolen gaia etxetik datorkizun arren, nola hasi zinen zu? 

Hamasei bat urterekin hasi nintzen. Festetan harri jasotzeko bi talde egin nahi zituzten, eta, jendea behar zutenez, parte hartzea proposatu zidaten. Garai hartan oso gaztea nintzen. Beste guztiak ni baino zaharragoak ziren, eta aitak esan zidan nahi banuen joateko, baina lehenago harria jasotzen ikasteko. Uda horretan Villabonan aritu nintzen hilabete eta erdiz entrenatzen, eta hor hasi nintzen apur bat. Beranduago, asteasuarrak aizkoran irten ziren, eta, haien aurka egin behar zela eta, probatu nahi izan nuen. Aizkora gustukoa nuen arren, ez nuke esango aizkorazale amorratua nintzenik, baina gustatzen zitzaidan. Behin horretan hasita, obsesionatu egin nintzen. Beste ezer bezain garbi nuen aizkolari izan nahi nuela. Familiaren partetik laguntza handia izan nuen, nahiz eta jakinduria handirik ez zegoen.

Herriko festetan parte hartu zenuela aipatu duzu, baina gogoratzen al duzu lehen aldiz lehiatu zenuen plaza?

Lehen lehia hirugarren mailako txapelketa izan zen, eta barregarri geratu nintzen. Ordurako entrenatzen nuena baina dezente denbora okerragoa egin nuen. Egun hartan 20 minutu igaro nituen lau kanaerdiko mozten, etxean 10 edo 11 minutu igarotzen nituenean. Hura muturreko handia izan zen. 

Urte gehien aizkoran egin zenituen. Zein esango zenuke izan zela aizkoran igarotako egunik onena?

Bi egun nahiko antzeko ditudala esango nuke, eta hirugarren bat ere gertu. Horietako bat, Jon Rekondo leitzarraren aurka jokatutako lehen apustua izango litzateke. Biak gazteak ginen, Tolosako zezen plazan apustua, bata 3. mailako txapeldun eta bestea aurreko urtean 2. mailara igotakoa, eta ez genuen inondik inora espero 1.000 lagun zezen plazan elkartzea. Jende asko elkartu ginen, eta nire bizitzan egindako lan honenetako bat egin nuen. Ikaragarria izan zen! Alde sentimentaletik gehien bizitu nuena izan zen. Inguruko jende ezagun asko zegoen. Emaitzen aldetik begiratuz gero, 2012ko Gipuzkoako Txapela aipatuko nuke. Plazan egin dudan lan onena izan zen 2012ko txapel hura. Eta gero 2016an  Euskadiko txapeldunorde geratu nintzen. Hura ere ikaragarria izan zen.

Sei apustu ere jokatu zenituen eta 4 irabazi eta 2 galdu. Zein oroitzapen duzu apustuez?

Lehen bietatik ez daukat oroitzapen onik, gehienbat Xabier Zalduaren aurka jokatutakoaz. Bestela apustuetatik, oroitzapen onak gordetzen ditut. Niretzat apustuak duena, jokatzen denaz harago, sortzen den talde giroa da. Aizkolari batentzat oso zaila da talde giroan aritzea, bakoitza berera joaten da eta. Taldean izanda, dena erosoagoa da. Entrenatzeko ordubete behar bada, ia beste bi behar dira egurra jartzen eta kentzen. Asko luzatzen da, eta inguruan laguntzeko jendea bada, hori guztia erraztu egiten da. Gainera, prestakuntzako hiru hilabete horietan asko hobetzen da kirolaria. Nik beti sentitu dut apustu batek koska bat igotzen laguntzen gaituela. Egia da hori guztiaz gain, ardura handia ere badela apustuarena. Orokorrean oroitzapen ona dut. 

Prestakuntzak muturreraino eramaten al zenituen? Dieta bereziak, parrandarik ez, entrenamendu zorrotza…

Parrandero samarra izandakoa naiz, nahiz eta halere nik serio hartu izan ditudan apustuak. Ahal izan dudan neurrian, ondo mantentzen saiatzen nintzen. Aizkoran gertatzen dena da, prestatzaileen aldetik jakinduria falta hori ere badagoela. Azkenean ez da beste kirol batzuetan bezala, alegia, dena oso lortuta dagoela. Entrenamenduetarako ere, prestatzaileei kosta egiten zaie puntua harrapatzea, baina saiatu izan naiz. Ez dut horren damurik. 

Azken urteetan pentatloian lehiatzen ere ibili zinen. Nola bizitu zenuen garai hura? 

Egia da pentatloiaren kontu hori beti hor egon izan zela. Aizkoran ibili nintzen urteetan sarritan irteten zen gaia zen. EITBren eskutik Xabier Zalduak eta Xabier Orbegozok Arria V hartu zutenean, poz handiz hartu nuen. Lehen urtean, aizkorako lehenengo mailako finalak ere hortxe izan ziren urrian, eta, hau irail bukaeran zenez, bateraezinak ziren. Lesioak gertatzeko arriskua zegoen. Beranduago, Euskadiko Txapelketa alde batera utzi nuenean, bai, bertan parte hartzea erabaki nuen. Indar handiz etorri zen. Nik uste, lehen aldiz egin zenean inork ez zuela hainbesteko oihartzunik izatea espero. Jendearen aldetik, pentatloian beste festa giro bat bizi izan nuen. 

Askok zioten zure gaitasunak ikusita, zuretzako egindako modalitatea zela.

Pentatloiarekin badut arantzatxo hori. Aurreneko urtean sasoiz justu samar iritsi nintzen. Behar bezala entrenatu gabe edo. Lehen aldia zen, eta horrek ere gauzak erakutsi zizkidan. Joan baino lehen, agian, gauza batzuei ez nien behar bezalako garrantzia ematen, korri egiteari, adibidez. Hor gauza asko pilatu zitzaizkidan. Herriz ere aldatu ginen, eta jada pentsatua nuen arraunean hastea, eta hasitakoan ia hamar kilo galdu nituen. Pentatloian bigarren aldiz irten nintzenean, jada hamar kilo gutxiago nituen, eta hor fisikoki ondo nenbilen, baina indarrez baxu. 2019an eta 2021ean bigarren geratu nintzen. 

Egun, esatari gisara ari zara kolaboratzen telebistan. Nondik etorri zitzaizun aukera?

Ekainean deitu zidaten. Modalitate berri batzuekin hasteko asmoa zutela eta nirekin kontatzen zutela adierazi zidaten. Hasieran, errespetu apur batekin hartu nuen. Azkenean urte askotan elkarrekin ibilitako jendeari buruz hitz egin beharko nuelako, eta beti ezin izaten direlako gauza politak soilik esan. Hasieran hiru saio izango zirela esan zidaten, eta gero hitz egingo genuela. Egia da Juanan Legorbururekin harreman polita egin dudala, eta gustura nabil. Eroso sentitzen naiz. Gure begietatik beste batzuei alde egiten zaizkien gauzak ikusten eta helarazten saiatzen gara, eta ustekabean etorritako esperientzia bikaina izaten ari da. Ez dakit noiz arte izango den, baina momentuz oso gustura nabil. 

Filtro askorekin ibiltzen zara?

Gero eta gutxiago. Hasieran, agian gehiago. Errespetu gehiago ere banion. Iruditzen zait errespetutik egiten diren kritikak ez dutela zertan txarrak izan behar. Hor dagoena, gauza onak zein txarrak esateko dago. Uste dut pixkana askatzen noala. Errespetutik eta objektiboa izanda kontatzen duen pertsona izan nahi dut. 

Asko prestatzen al dituzu saioak?

Saiatzen naiz. Lehiatzen ari direnak betikoak badira, agian, gehiago jakingo dut haietaz, eta prestakuntza gutxiagorekin nahikoa izaten dut. Egia da saioak oso motzak direla. Bat bestearen atzetik izaten dira, elkarrizketak ere izaten dira tartean, eta orduan ez da denbora askorik geratzen gauza handirik esateko. Agian, Euskadiko Txapelketan gehiago, baina, nik ez dut oraindik halakorik egin, eta ez dakit zer asmo dagoen ere. Saioa luzeagoa denean, aldiz, denbora gehiago izaten da guztia garatzeko, baina, oraingoz unean unekoa soilik esaten dugu, eta horrek ez digu gauza handirik eskatzen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!