Elkarrizketa

«Abiadura da World Tourrean gehien nabaritu dudan aldea»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko martxoaren 26a

Lidl-Trek taldearekin profesional moduan debuta egin du Eñaut Urkaregik. Ikastea eta taldeari laguntzea dira une honetan bere helburu nagusiak.

Txirrindularitza profesionalean lehen urratsak ematen ari da Eñaut Urkaregi (Larraul, 2007). Gazte mailatik salto egin eta Lidl–Trek taldean debuta egin ostean, denboraldi berriari ekin dio ilusioz eta ikasteko gogo handiz. Lehen lasterketek utzitako sentsazioez, talde berrira egokitzeko prozesuaz eta aurretik duen egutegiaz hitz egin dugu berarekin.

Lidl-Trek taldearekin profesional gisa debutatu duzu denboraldi hasiera honetan. Zer egutegi izan duzu orain artean?

Valentziako Klasikoan (Herrialde Katalanak) hasi nintzen talde berriarekin. Hura eta gero, Murtziako Itzulia (Espainia) eta Espainiako selekzioarekin Jaengo Klasikoa (Andaluzia, Espainia) lehiatzera joan nintzen. Azken bi klasikoak aldiz, Kroazian jokatu ditut. Orain arte hau izan da jokatu dudan guztia.

Nola gogoratzen duzu talde berriaren maillota jarri zenuen lehen eguna?

Oso ondo joan zen lasterketa. Luzea izan arren (200 kilometro), ez zen oso gogorra. Esprintean bukatu behar zuen lasterketa bat zen, baina, amaieran haize-babes batzuk sortu ziren eta gauzak zaildu egin ziren. Taldetxo batek alde egin zuen, eta gu atzetik iritsi ginen. Ondo amaitu genuen eguna. Ez nuen arazorik izan proba amaitzeko.

Jaengo Klasikoa beste kontu bat izan zen?

Bai, hura beste kontu bat izan zen. Oso lasterketa gogorra da hura! Tartean gurpila zulatu ere egin zitzaidan behin baino gehiagotan, eta ezin izan nuen lasterketa amaitu. Worl Tourreko lasterketak izan ziren Valentziakoa eta Jaengoa.

Zerk harritu zaitu gehien lehen aste hauetan?

Beste maila batean lehiatzen ari naizela! Oso azkar joaten dira. Abiadura izan da orain artean gehien harritu nauena. Egia da, denboraldi hasieran denei gustatzen zaiela indartsu hastea, eta une oro tentsio handia nabaritzen da urteko garai honetan. Erorketa asko izaten dira. Jendea gogotsu dago denboraldi berrirako, eta horrelakoetan normalak izaten dira erorketak.

Orain artean jokatutako lasterketez, zer balorazio egiten duzu?

Ez nintzen espero bezala hasi. World Tourreko lasterketekin hasi nintzen Murtzian eta Jaenen (Espainia). Orain, aldiz, Kroaziako lasterketa hauetan maila baxuagoa topatu dut, eta bertako bi lasterketetan oso ondo aritu naizela uste dut. Lehen urtea ez da batere erraza izaten.

Nolako prestaketa egin zenuen denboraldi aurrean?

Bai neskak eta bai mutilak batera ibili ginen data berdinetan. Denian (Alacant, Herrialde Katalanak) egin genuen bigarren egonaldia. Halere, entrenatzeko garaian bakoitzak geure lana egiten genuen.

Talde berrira egokitzeko prozesua nolakoa izan da?

Oso ondo joan da. Lehen ere oso ondo ohituta nengoen, baina orain dena bi aldiz biderkatzen da. Entrenamendu aldetik ere dena hobetu egin nahi dute, materiala ere bikaina da… Azpiegituren aldetik ere nabari da dirua dagoela taldean. World Tourreko talderik indartsueneteko bat da Lidl-Trek.

Esperientzia handiko taldea da egun Lidl-Trek. Baduzu bereziki laguntzen ari zaizun taldekideren bat?

Gehien laguntzen ari zaidan txirrindularia Hector Alvarez (Alacant, Herrialde Katalanak) da. Lehendik ere elkar ezagutzen genuen, eta berak ere badaki zer den honetatik pasatzea. Iaz nire lekuan egon zen, eta gauza askotan ari zait laguntzen.

Zer desberdintasun nabaritu dituzu maila gorenean?

Pelotoiaren kontrola askoz ere handiagoa dela. Afizionatu mailarekin alderatuta, asko nabaritzen da. Eta noski, abiadura! Bihurguneetara sartzen garenean, askoz ere gehiago leuntzen ditugu bazterrak.

Nork harritu zaitu gehien txirrindulari bezala eta pertsonalki?

Bigarren taldeko txirrindulariak ez ginen World Tourreko txirrindulariekin batera entrenatzen, nahiz eta afaltzeko denak elkartzen ginen. Inork ez nau bereziki harritu, baina aldi berean denek harritu naute. Taldeko giroa izan da gehien gustatu zaidana. Denak nahastuta afaltzen genuen, World Tourrekoak, emakumeak, bigarren taldekoak… Esaterako, gau batean Mads Pedersen danimarkarrarekin eseri nintekeen. Taldean, bera daukate izar gisara. Taldeari asko ematen dio, eta hori nabari da. Denon artean asko hitz egiten genuen, eta ohikoa izaten zen ea eguneko entrenamendua nola joan zen galdetzea.

Ingelesarekin zenuen beldurra uxatu al duzu?

Bai bai, uste dut hobetu dudala [barrezka]. Egun batzuk pasa eta gero, solteago ikusten dut nire burua. Ulertu, ondo egiten dut, eta hitz egiterako orduan ere lotsak albo batera uzten ari naiz. Denbora kontua izango da hobetzen joatea.

Markel Irizar txirrindulari ohia da zuen zuzendari nagusia. Aholkuren bat eman dizu denboraldi hasiera honetan?

Datu aldetik eta, ondo ibili naiz entrenatzen. Gorriz azpimarratuta ditugu lasterketa batzuk, eta horietan ahalik eta ondoen ibiltzen saiatuko gara. Irizarrek asko animatzen nau, eta une oro laguntzen dit. Gainera, berarekin euskaraz hitz egiteko aukera izaten dut [barrezka].

Zer egutegi egingo duzu hemendik aurrera?

Belgikara joango naiz lehenik. Bertan, lasterketa bat jokatuko dut 23 urtez azpikoekin. Ondoren, Herbereetara joango naiz bost eguneko itzuli bat lehiatzera. Handik itzultzean, apirilaren 4an, Indurain Sarian (Lizarra, Nafarroa) hartuko dut parte. Hura amaitzean, Paris-Roubaixen (Frantzia) izango naiz. Hemen ere, hogeita hiru urtez azpikoekin ariko naiz. Ondoren, apirilaren erdialdean, pistan, Munduko Kopako proba bat korritzera joango naiz Malaysiara (Asia). Urrian, berriro ere pistan, Munduko Txapelketa dugu Shanghain (Txina). Dena ondo joanez gero, litekeena da Europako Txapelketa eta mundukoa jokatzea errepidean. Hauez gain, Etorkizuneko Tourra (uztailaren 19tik 27ra) ere jokatzeko aukerak izango nituzke, baina oraindik ez digute ezer baieztatu. Egutegi honek ez du esan nahi besterik egingo ez dudanik. Gauzak asko aldatu daitezke hilabete batean. Prest egon beharra dago aldaketa horietarako.

Zein izango da aurtengo helburu nagusia?

Ezeren aurretik, ikastea! Bestalde, taldeari laguntzea izango da beste eginkizunetako bat emaitza txukun batzuk lortuz. Esprintetan sartzeko gai ikusten dut neure burua, eta erlojuaren aurka ere ondo ibili naitekeela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!