Sardiniako Itzulia (Italia) amaitu berri du Kern-Pharma taldeko Unai Iribar (Ibarra, 1999) txirrindulariak. Denboraldia Mallorcan hasi zuen, baina, ondoren, Andaluziako Itzulitik etxera itzuli behar izan zuen gaixotasun batek jota. Orain, berriro ere sasoia errekuperatu nahi du apirilean izango dituen erronkei begira. Espainiako Vueltara joango den taldean egon nahi luke 2024an bezala.
Andaluziako Itzulira lehiatzera joan zinen arren, etxera itzuli behar izan zenuen lehen egunean. Zergatik?
Lasterketa hasten zen bezperan ondoezik jaiki nintzen. Gosaltzetik amaitzean, dena bota nuen jarraian. Egun guztian ezin izan nuen ia ezer jan, eta jaten eta edaten nuena bota egiten nuen. Hurrengo egunean, indarrik gabe nengoen. Lehen etapa hartan gainera, hasi eta segituan, hogei kilometroko portu bat igo behar genuen. Horrek gauzak asko zailtzen zituen. Irten nintzen arren, azkenekoekin igo nuen portua. Ni bezala gaixo zegoen Iker Mintegi ere ondoan izan nuen, baita egun berean gaixotu ziren beste batzuk ere. Epe luzera begira, gorputza estutzen jarraitzeak ez zuen zentzu handirik, eta etxerako bidea hartzea erabaki nuen.
Bost eguneko itzuli bat egitera joan eta lehen egunean etxera itzuli behar izateak zer gorputzaldi utzi zizun?
Momentuan bertan frustrazio handia sentitu nuen. Taldeari ezer ez niola eman sentitzen nuen. Pena sentitu nuen, baina badakigu txirrindularitzan horrelakoak askotan gertatzen direla. Alferrik da buelta gehiago ematea. Nire esku ez zegoen gauza bat izan zen. Okerragoa litzateke erorketaren bat izan banu.
Denboraldi hasieran ohikoak izaten al dira horrelako gaixotasunak?
Neguko data hauek gaixotasun ezberdinez betetako egunak izaten dira. Ez kirolarientzat bakarrik, gizarte osoarengan eragiten du. Gu, gainera, hain argal egonda, beti gaixotzeko muga horretan izaten gara. Goi mailako kirolean ezer gutxi behar da horrelako gauza bat eta gero gorputzak asko nabaritzeko. Aldagai txikiengatik gorputza ezinean egoten da, eta pelotoiari jarraitzeko lanak izaten ditugu.
Andaluziara joan aurretik, Mallorcan ekin zenion denboraldiari.
Ez da nik esperotako denboraldi hasiera izaten ari. Mallorcako Challengeko bost egunak lehiatu nituen. Banekien bete-betean ez nengoela, baina maila duin bat erakutsi nuela esan dezaket. Lehen egunean hotz ikaragarria egin zuen, eta hipotermiak jota erratzaren autoan amaitu nuen. Beste egunetan txukunago aritu nintzen. Handik itzultzean, lehenbizikoz gaixotu nintzen. Sukarrarekin egon nintzen bi egunez etxean. Ondoren, Murtziako Itzulira joan nintzen bi egunetarako. Haize boladengatik, lehen etapa erdira murriztu zuten, eta, bigarrenean, 15 kilometro jokatu eta gero bertan behera utzi zuten. Andaluziarako gogotsu nengoen oso, baina aipatu bezala lehen egunean etxera itzuli behar izan nuen. Hura izan zen denboraldi honetako egunik gogorrena, bai fisikoki eta baita mentalki ere.
Andaluzian erretiratu beharrak asko aldatzen du zure egutegia?
Zerbait aldatuko du, baina askorik ere ez. Berez, Andaluziako Itzulitik Greziara joan behar nuen bi klasika jokatzera. Aldi berean, taldea, Sardiniako Itzulian egotekoa zen. Talde hartan egon behar zuen batek erorketa bat izan du azken egunetan, eta haren ordez joatea eskaini zidaten. Beraz, Greziara joan beharrean Italiara joan nintzen. Nire gaitasunetarako ondo egokitzen den itzulia da Sardiniakoa. Lehia egunak irabazteko ondo etorri zait bost eguneko itzuli bat lehiatzea.
Apirilean etxeko lasterketetan ikusiko zaitugu?
Asmoa hori da. Miguel Indurain Sari Nagusian (apirilak 4, Lizarra) egon nahiko nuke lehenik, eta ondoren Euskal Herriko Itzulian (apirilaren 6tik 11ra).
Oro har, taldea nola ikusten ari zara?
Ez zaizkigu gauzak ondo ateratzen ari. Zorte txar asko izaten ari gara gaixotasunengatik eta erorikoengatik. Taldea oso gaztea da, baina lehiakorra da. Oraindik martxoaren hasieran gaude, eta denboraldia oso luzea da. Iaz, urriaren 18an jokatu nuen nire azken lasterketa, beraz, pentsa… Taldea indartsua da, eta gauzak ateratzen joango dira. Aurten, gainera, berriro ere Espainiako Itzulirako gonbita luzatu digute. Begiak hara begira jarrita ditugu jada, baina ezin ditugu ahaztu jokoan izango ditugun Itzulia, Kataluniako Itzulia, edo Liege-Bastogne-Liege Klasikoa (Belgika). Begiz jota ditugu itzuli garrantzitsu hauek ere. Gurea bezalako taldeentzat oso garrantzitsuak dira lasterketa guztiak.
Hirugarren denboraldia izango da zuretzat Kern-Pharma taldean. Lehen denboralditik gaurdaino asko aldatu al dira zure funtzioak taldean?
Berdintsu jarraitzen dut lehen egunetik. Lehen urteak, taldeko dinamikara egokitzeko balio izan zidan. Funtzionamendu aldetik berdin jarraitzen dugu. Taldea ez da asko aldatu urte hauetan guztietan. Antzeko jendeak jarraitzen dugu, eta behetik datozenek ere nahikoa ezagutzen dute taldea. Nire lana taldean ez da asko aldatu. Iaz, lasterketa batzuetan, erantzukizun handiagoa hartu behar izan nuen aurrean egoteko, eta gustura hartu nuen. Bide beretik jarraitzea eskatzen didate. Egutegia bera ere, nahiko antzekoa egin dut hiru urte hauetan.
Hiru urte hauetako balantzea nolakoa izaten ari da?
Oso gustura nago, eta urtetik urtera aurrerapausoak ematen ari naiz. Lehen urtean, udatik aurrera oso denboraldi polita egin nuen. Espainiako Itzuli arrakastatsu hartako parte ere izan nintzen, eta Langkawiko Itzulian (Malaysia) hirugarren amaitu nuen. Iaz, beste jauzi bat egin nuen. Apiriletik aurrera oso puntu polita hartu nuen. Une garrantzitsu askotan aurrean egon nintzen, eta erregulartasun handia erakutsi nuen. Aurten beste jauzi bat egitea espero dut.
Kern-Pharma taldearekin kontratua beste bi urtez berritu duzun arren, zure ametsa UCI World Tour mailara iristea al da?
Bai, zalantzarik gabe! Hori esaten ez duenak, gezurra esaten du. Nik hori pentsatzen dut, eta tropelean gabiltzan guztion lehen helburua hori da. Goi mailako itzuli guztiak korritzeko segurtasuna izatea izugarria da. Halere, gaur gaurkoz oso oso gustura nago taldean. Orain bi urte nire alde egin zuten apustua asko baloratzen dut.
Aurten berriz ere Espainiako Vueltan lehiatuko zarete. Frantziako Tourrean edo Italiako Giroan egotearekin amesten zenuten?
Bai. Aurten gainera, Frantziako Tourreko hasiera Bartzelonan izango da, eta gure babesle nagusia den Kern-Pharma bertakoa denez, aukerak ikusten genituen. Azkenean, Caja-Rural taldearen aldeko hautua egin du Tourrak. Asko poztu nintzen besteak beste Gorka Sorarrainengatik, eta talde horretan ditudan beste hainbat lagunengatik. Gure aldetik, berriro ere Espainiako Vueltarekin konformatu beharko dugu. Gero eta zailagoa jartzen ari da horrelako itzuli handietan egotea.