ELKARRIZKETA

«Oraindik ez dut neure burua lehen entrenatzailetzat ikusten»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2026ko otsailaren 18a

Yon Gonzalez saskibaloi entrenatzailea. ATARIA

Tolosako TAKEn hasi eta Azpeitiko Iraurgi ISB taldean jarraipena eman ondoren, Donostian ari da lanean Yon Gonzalez saskibaloi entrenatzailea. Gaur egun, Inveready Gipuzkoa Basket Club taldeko bigarren entrenatzailea da tolosarra.

Denboraldi hasiera oso txarra izan arren, azken hiru hilabeteetako talderik esanguratsuena izaten ari da Donostiako saskibaloi taldea. Jokatutako azken hamaika partidetatik bederatzi irabazi ondoren, bosgarren postuan (12 garaipen eta 8 porrot) kokatu da Primera FEB mailan. Gozatzen ari da Yon Gonzalez (Tolosa, 1986) aurtengo denboraldian.

Noiz hasi zinen saskibaloiko entrenatzaile lanetan?

Duela urte batzuk jada! Orain 40 urte bete behar ditut, eta 17 urterekin hasi nintzen entrenatzen Vicente Oterorekin batera. Hau izango da nire 23. denboraldia.

23 urte etenik gabe?

Tarte horretan urtebeteko geldialdia egin nuen. Furgoneta bat neukan, eta mendira joateko gogoa gero eta handiagoa zen. Beti zalantza bera: mendira joan nahi, baina ezin, partida nuelako. Saskibaloiari dagokionez ere helburu handiago batzuk nituen, eta beste maila batera jauzi egiteko gai sentitzen nintzen. Ez nuenez lortu, pixka bat frustratu egin nintzen, eta denboraldi bat entrenatu gabe egon nintzen. Urte horretan, uste dut asteburu guztiak mendian pasatu nituela.

Urte sabatiko moduko bat izan zen?

Otsailean edo martxoan jada, Jakako (Aragoi, Espainia) taldea ikustera joaten hasi nintzen. Ikusi nuen ez zela benetako urte sabatikoa izan. Jada banekien berriro entrenatzen hasiko nintzela.

Zerk eraginda utzi zenuen TAKE taldea?

Nekatuta eta saturatuta amaitu nuen. Lehen taldean 10 urte egin nituen, eta bizitzan gauza askorekin bezala, nire zikloa amaitu zen. Klubari ondo etorriko zitzaion aire berria, eta niri ere bai. Momentu horretan itxaropen handiak nituen. Denboraldi hori utzi ondoren etorri zitzaidan Azpeitira joateko aukera. Aukera hori hartu nuen, eta hortik aurrera saskibaloian profesionalki aritzeko aukera izan dut.

Nola gogoratzen duzu Azpeitiko egonaldia?

Azpeitian bi denboraldi egin nituen. Lehenengoan, Urrezko LEB mailan aritu nintzen laguntzaile moduan. Bigarrena, aldiz, Zilarrezko LEB ligan berriz lehen entrenatzaile lanetan. Azpeitia talde berezia da. Egia da aurrekontu txikiarekin ibiltzen direla, baina, duten jarrerarekin eta eguneroko ahaleginarekin, lan izugarria egiten dute. Gure azken denboraldietan, Andorrako, Palentziako eta Burgosko taldeek jokalari bakarrarentzat zuten aurrekontuarekin guk talde osoarena osatzen genuen. Oso talde umila da, baina harrotasun handia sortzen dute. Egun Gipuzkoa Basketen dauden jokalari asko igaro dira bertatik; esaterako, Aitor Zubizarreta, Manex Ansorregi, Mikel Motos…

Tolosa, Azpeitia, orain Donostia… Gutxika maila gorenera iristen ari zara.

Ni betidanik irakaslea izan naiz, Lehen Hezkuntzako irakaslea, eta hori izan da nire ogibidea. Saskibaloia denbora-pasa baten modukoa izan zen beti. Momentu batean, ordea, aukera izan nuen jauzi bat egiteko, eta pentsatu nuen: «Probatu behar dut, probatu behar dut… orain edo inoiz ez». Halere, nire barruan beti izango naiz irakasle. Oraindik ere iruzurtiaren sindromea daukat saskibaloi munduan. Laugarren denboraldia da niretzat profesional gisara, eta oraindik ere ez dakit zenbat denbora pasa beharko den entrenatzaile profesionala naizela esateko.

Zein da zure lana?

Aurkarien analisia prestatzen ibiltzen naiz. Hasteko, aurkariaren azken hiru partidak aztertzen ditut, alegia, bideoak ikusi, moztu eta haien klip laburrak prestatzen ditut. Behin bideoak prest daudenean, lan banaketa egiten dugu. Gure lehen entrenatzaileak, Sergio Garciak, gure defentsa prestatzen du aurkariaren erasoaren arabera, eta nik gure erasoa lantzen dut aurkariaren defentsaren arabera. Horrez gain, bideo indibidualak prestatzen ditut. Aurkariaren jokalari bakoitzarentzat minutu bateko bideo laburra egiten dugu, eta hori jokalariei aurkezten diet. Jokalari berezienen edo garrantzitsuenen kasuan, bertsio luzeagoak prestatzen ditut, bi edo hiru minutukoak, batez ere haiek defendatu behar dituzten jokalarientzat.

Donostian lehen entrenatzaile izatearekin amesten duzu?

Nik garbi daukat oraindik ez nagoela prest lehen entrenatzaile izateko, puntu bat falta zait. Esperientzia asko baloratzen da, eta iruditzen zait jakintza bakarrik ez dela nahikoa. Nire ustez, oso garrantzitsua da esperientzia izatea eta jokalarien garapenean ibilbide bat egina izatea. Donostiara etorri nintzenean ez neukan inongo esperantzarik lehen entrenatzailea izateko, baina banekien taldeak nirekin kontatzen zuela bigarren entrenatzaile izateko. Entrenatzaile berriarekin ikasten jarraitzeko beste aukera bat ikusi nuen. Egunetik egunera asko ikasten ari naiz.

Oso arraroa izaten ari da zuen denboraldia. Gaizki hasi zineten, baina orain geldiezinak dirudizue.

Denboraldiaurrean oso ondo aritu ginen, eta horrekin espektatiba onak sortu genituen. Baskoniaren kontra, esaterako, 6 edo7 puntugatik galdu genuen, Flamengori irabazi egin genion… Ondoren, lesio batzuk izan genituen. Kosta egiten zitzaigun entrenatzeko jendea topatzea, eta gero jokalari gutxiago zeudelako jokalari bakoitzari karga handiagoa egokitu zitzaion. Horrek pixka bat deskonektatu gintuen. Lehen hiru partidak nahiko zailak izan ziren Obradoiroren, A Coruñaren eta Estudiantesen aurka. Hasiera txarra izan zen, eta mentalki ez zen erraza izan. Baina gure lanean sinetsi genuen. Eta emaitzak iritsi ziren. Orain, aldiz, uste dut Ligako defentsarik onena garela. Taldeak entrenatzeko eta saiatzeko grina handia dauka. Gutxi izango dira gu bezain ondo entrenatzen duten taldeak.

Zailtasun momentu horietatik zein irakaspen atera zenuten?

Eraman handikoak izan behar dugula. Bai saskibaloian eta baita bizitzako gauza guztietan ere... Dena unean bertan nahi izaten dugu, baina gauza guztiek euren prozesua behar dute. Saria lortzeko lanean jarraitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!