Saudi Arabian ekin dio txirrindularitza denboraldi berriari Gorka Sorarrainek (Tolosa, 1996). Hirugarren urtea izango du tolosarrak Caja Rural taldean, uztailean beste urtebetez kontratua berritu eta gero. Taldea Frantziako Tourrean egongo dela baieztatu eta gero, uztailaren 4a gorriz markatuta dauka egutegian. Bartzelonako erlojupekoan egon nahiko luke.
Nola bizi izan duzu denboraldi hasiera?
Urriaren erdialdean amaitu genuen denboraldia, beraz, denboraldi-aurrea ez da oso luzea izan. Azaroaren hasieran jada entrenatzen nengoen. Mojacarren (Andaluzia, Espainia) egon ginen abenduan, eta, ondoren, Gabonetan, Benidormera (Alacant, Herrialde Katalanak) joan nintzen. Urte hasieran kostatu egiten zait sasoia hartzea, eta aurten pisuarekin ere kontu gehiago izan dut. Gutxinaka pisua jaisten joaten naiz denboraldian zehar, baina aurten nire pisuan iritsi naiz. Urte hasiera izateko nahiko egoera onean iritsi nintzen AIUIa Tourrera (Saudi Arabia).
Bost egunez aritu zineten bertan lehiatzen. Nolako sentsazioekin amaitu zenuen?
Bost eguneko itzulia da, eta lasterketa berezia da. Ia egunero etapak nahiko antzekoak dira hiriaren inguruan. Dena basamortuan jokatzen da, eta haizeak eragin handia izaten du. Bertan sortzen diren haize-babesak mugarri dira, eta egun guztian izugarrizko tentsioarekin ibiltzen gara. Gustuko ditut horrelako etapak. Bi egunetan portuetan amaitzen dira etapak, baina edozein unetan pelotoia hankaz gora jartzeko aukera izaten da. Iaz, eroriko bat izan nuen, eta ez nuen hain gustura amaitu. Aurten erosoago sentitu naiz.
Hirugarren denboraldia izango da aurtengoa Caja-Rural taldean. Beste bi urteekin alderatuta, zer aldaketa nabaritzen duzu?
Taldean zaharrenetakoa izan arren, hasiberri bat nintzen arlo askotan. Denbora gutxien nik neraman bizikleta gainean. Orain, beterano bat bezala sentitzen naiz, eta beste lasaitasun batekin nabil. Talde barruan ere nabarmenagoa sentitzen naiz. Lasterketetan lan ezberdinak egitea tokatuko zait. Saudi Arabian, esaterako, gure liderra babesten ibili behar izan dut. Egun bateko lasterketetan aldiz, nire aukerak probesten saiatuko naiz.
Fitxaketa berriak iritsi dira taldera, esaterako, Fernando Gaviria kolonbiarra. Nola ikusi duzu taldea oro har?
Taldeko fitxaje berria izan den Fernando Gaviriaren lehen lasterketa zen, eta oso integratuta ikusi dut. World Tourrean hamar urte baino gehiago daramatza, eta taldearentzat oso garrantzitsua da bera bezalako txirrindulari bat fitxatzea. Oso gertukoa iruditu zait, eta gazteei erakusteko ere prest azaltzen da une oro. Oso talde giro ona dugu.
Frantziako Tourrerako gonbita jaso berri du taldeak. Nola jakin zenuen?
Etapa baten erdian iritsi zitzaigun albistea taldeko kideei! Ez genekien ezer aurretik. Lehenik, Dauphine Libereko (Frantzia) antolatzaileek atera zuten hara joateko gonbita genuela. Hura ere erabateko sorpresa izan zen. Hurrengo egunean, Frantziako Tourreko gonbita jaso genuen modu berean. Taldeko inork ez zekien ezer prentsan atera zen arte. Denok genekien aukerak bagenituela, baina ez zegoen ezer ziurrik.
Nola hartu zenuten albistea?
Albistea atera bezain pronto kazetari asko bildu ziren etaparen amaieran gure ingurura. Taldearentzat izugarria da! Inoiz ez genuen pentsatu ere egingo bertan egoteko aukerarik izango genuenik.
Iaz, Espainiako Itzulian izan zineten. Frantziako Tourra beste kontu bat da?
Bai! Frantziako Tourrak erabat aldatzen du dimentsioa denontzat, bai babesleentzat, laguntzaileentzat… Aurtengoa sorpresa izan da denontzat, baina hurrengo urteetan borroka honetan izango garela iruditzen zait. Taldea gutxinaka jauzi handiak ematen ari da, eta urtetik urtera Pro Team mailan gero eta gorago kokatzen ari gara. Tourraz harago, Belgikan jokatzen diren Lieja-Bastogne-Lieja eta Fleche Wallone klasikoetara ere gonbidatuta gaude jada, Tirreno-Adriatikora (Italia) ere bai... Inoiz jokatu gabeko lasterketak jokatzea tokatuko zaigu.
Albistea jaso zenuenetik, askotan ikusi al duzu zure burua Frantziako Tourreko irteeran?
Askotan imajinatu dut nire burua Parisera iristen [barrezka]. Taldean gauden hogeita sei txirrindularien helburua da Tourreko taldean izatea, baina zortzi txirrindularik bakarrik izango dute bertan egoteko aukera. Nire helburua irteeran egotea izango da. Halere, ez naiz horrelako gauzei buelta asko ematekoa. Nire esku dagoen guztia egiten saiatuko naiz beti bezala. Denboraldi hasiera honetan ere gauzak ondo egin nahi ditut, ondoren zortzikote horretan sartzeko. Baina azken erabakia ez dago nire esku. Sartzea edo ez, beste batzuen esku egongo da.
Orain arteko ibilbidea ikusita, zortzikoan sartzeko borrokan ibili beharko zenuke.
Bai, hala da. Badakit kinieletan egongo naizela, baina iaz ez nintzen Espainiako Itzuliko zortzikotean sartu. Gertu ibili nintzen, baina azkenean etxetik ikusi behar izan nuen. Aurten ere lehia horretan egon nahiko nuke. Fitxaketa berriak egin ditu taldeak, eta gauzak zailtzen doaz. Lehen aipatutako Gaviria hor dago, Stefano Oldani italiarra ere iritsi da, baita Iuri Leitao portugaldarra ere… Taldean gero eta maila handiagoa dago. Talde barruko lehia ere areagotu egin da, eta hori ona da denontzat. Amesten jarraituko dut.
Inoiz pentsatzen zenuen horrelako aukerarik izango zenuenik?
Ez nuen posible ikusten inondik inora, eta halako batean hortxe agertu da aukera. Egia da azken urte hauetan guztietan itzuli handi bat korritzearekin amesten nuela, eta aurten aukera gehiago ikusten nituen Italiako Giroa edo Espainiako Itzulia korritzeko. Baina ezustean Tourreko aukera iritsi da. Ikaragarria litzateke bertan egotea.
Frantziako Tourreko gonbitak txirrindularien egutegiak aldatzera eramango dituzte zuzendariak?
Taldea kontziente zen itzuli handiren batean izango ginela. Oraingoz, martxora arteko egutegia bakarrik azaldu digute. Tourreko gonbitarekin, zuzendariei gauzak pilatuko zaizkie orain. Uztailerako beste lasterketa batzuk genituen buruan, eta, orain, aldiz, Frantzian izango gara uztailean. Aurretik pentsatuta genuen egutegia asko aldatuko zaigu. Prestakuntza ere aldatuko da, Dauphinerako taldea zehaztu beharko dute aurrena… Hurrengo bi asteetan lan handia egin beharko dute hurrengo hilabeteetara begira.
Zer lasterketa izango dituzu otsailean?
Portugalera joango naiz, Figueira Champions Classic (otsailak 14) eta Algarveko Itzulia (otsailaren 18tik 22ra) lehiatzera. Ondoren, otsailaren amaieran, Greziara joango naiz bi klasika korritzera. Lehenbizikoz jokatuko dira goi-mailan bi klasika hauek. Oraingoz hori da egutegia. Ikusi egin behar handik aurrerakoa.